kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Eta harkadian ni / Anjel Erro / Elkar, 2002

Zaharrak berri-berri Gerardo Markuleta / Berria, 2003-07-19

Poeta nafar gazte-gaztea dugu Anjel Erro. Sari zenbait irabazi ondoren, hauxe du lehen liburua, zeina idazten laguntzeko Joseba Jaka literatur beka jaso baitzuen. Pena da esan beharra, baina euskaraz ez da sarri halakorik sartzen gure bibliotekako apalategietan; nahiago genuke hala balitz. Harrigarria da lehenengo argitalpenean hainbeste dohain antzematea batera. Hiru, behintzat, hemen aipatu beharrekoak: klasiko greko-latindarren ezagutza sakona (nahiz eta zuzenbide eta euskal filologia ikasketak egin dituen); euskara zehatz, dotore eta aberatsa (idem); eta batez ere esperientzia propioak, literatur moldean ezarrita, guztiontzako moduko mezu berri distirantak bihurtzeko abilezia.

Azpititulu gisa Epigramak eta eglogak aipatzen da, eta aurreneko unetik abisu ematen du molde klasikoetan emana dela barruko jarduna. Esan dezagun epigrama jatorri grekoko molde poetikoa dela, gero literaturaren historian hainbat tradiziotan erabilia: labur-laburra, gai askotarikoa izan daiteke, baina, sarri, satira eta asmamen-zorroztasuna lantzen du (ziri-poemak); izan gizartea kritikatzeko, izan literatur lehiak edo erresumin pertsonalak garbitzeko, izan propaganda egiteko. Egloga, berriz, jatorri klasikoko poema laburra da, elkarrizketa tajuzkoa askotan, gehienetan artzain idealen arteko maitasun solasaldia; hori ere tradiziozkoa, tradizio askotan.

Liburuaren izenburuan, azken epigraman erabilitako hitz-joko bat jasotzen da: “Denak Arkadian bizi dira, eta harkadian ni”. Hitz-joko horretara bil daiteke, hala nahi izanez gero, liburuaren espiritua: Arkadia klasikoa (gure tradizioko utopiarik zaharrenetakoa) norberaren harkadiarekin aurrez aurre (harkaitza, harkaiztia, Maiakovskik suizidatu aurretik lagatako azkeneko oharreko zentzuan, beharbada: “Maitasunaren txalupa eguneroko bizimoduaren kontra lehertu da”). Nolanahi ere, liburu atarian ezarritako Yeatsen aipamenak poetaren abiapuntuaren garaikidetasuna azaltzen du: “The woods of Arcady are dead”.

Baina izenburuak berak, beste giltzarri bat ere ematen digu: “eta harkadian ni” horri, egia da, sasipoeta irakurri urriaren kexu existentzial oinarrigabearen usaina har diezaioke norbaitek; baina, utikan, urruti dago Erroren liburua horretatik. Tradizioarekiko literatur jolasak eta, batez ere, umore eta ironia dosi eskuzabal batek altxatzen ditu pertsonaia poetikoaren poz eta negarrak irakurlearekin partekatzeko moduko mailara.

(Ezin) maitasuna da gai nagusia, baina ez bakarra, inondik inora. Alor literarioaren ingurukoak ez dira gutxi, eta gure inguru soziopolitikoa ere ez du bazter uzten: “Preso egotearen txarrena preso esnatzea da”, “Gurasoek ez dute eskura ni irakurtzea”. Aipamenetan, eskutik helduta ikusiko ditugu Oscar Wilde eta Joseba Sarrionandia, Arthur Rimbaud eta Horazio; euskal literatura herrikoi zein kultoa eta klasikoa zein nazioartekoa. Poeta abisatuak ederki baitaki zertan ari den: “Oro errana da […], baina ez nik”.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak