kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Abaro / Itxaro Borda / Balea Zuria, 2020

Poeta ‘bekatari’ baten unibertso anitza Hasier Rekondo / Deia, 2021-03-27

Arriskuak hartzen dituen idazle baten ibilbidea ezin da arrazoi erredukzionistekin mugatu. Topikok eskerga erabili ohi dira Itxaro Bordaren (Baiona, 1959) lan poetikoa zein prosazkoa azalezko erredukzioen artean mugatzeko. Ez omen da erraz ulertzen haren hizkera, haren lexikoa konplexua bezain arrotza baita, Iparraldeko termino “bitxien” erabilerak ez omen du laguntzen larregizko konplexutasuna deszifratu behar denean. Idazle gisa zorrotza omen da, zorrotza izatea irakurlearentzat arraro bat balitz bezala, ez lanaren eta talentuaren ondorio. Irakurle ez zorrotzak izatea literatura baten ajea ote? Horregatik aukeratu du zuberotarrez idatzi Etxebarreko Bentan soneto tradizionala liburuari ekiteko?

Poetak berak azalduko digu nola sentitzen den denetariko muga horien artean, Balea Zuriak kaleratu duen Abaro honetan, ironikoki inteligentsiak orain arte aintzat hartzen ez zuen Madonna gisa, bekataritzat du bere burua: “Erraten dute batzuek / nehork ez duela jada nire euskara / Ulertzen, baina tratu onekoa naizela. / Eskerrak ez dudala zakar osperik: / I’m a sinner like MDNA / Zer egingo diot bada?”

Madonna “handia” eta Arthur Rimbaud, Aimar Olaizola eta Johañe Barkos, Pink Floyd eta Albert Camus, dikotomien artean eraiki du Bordak Abaro hau. Modernitatearen eta tradizioaren arteko indar tektonikoen arteko talka da liburu osoa, moldean zein edukian. Unibertsoa anitza da, aniztasun eta aldakuntza etengabea ditu ardatz: bertso librean idatzitako poema intimistak, non naturaren presentziak ahots inpresionista ezin hobeki landua azaleratzen baituen, metrika zorrotzez ehundutako sonetoak zein ahozko literaturan oinarritakoak uztartzen ditu maisutasunez baionarrak.

Edukiei dagokienez, besteak beste, bi totem nagusi jorratzen ditu Bordak azken entrega poetiko honetan: denboraren joana eta maitasunaren galera. “Eleak eskas ditut / Denbora joan da”. Eta, nire ustez betiere, gai nagusiok xede dituenean ematen du puntu gorena poetak liburu honetan, lirika eta pentsamendua eskutik datozenean, Argineta, negu bezperan poema gogoangarrian esaterako: “…Likido amniotikoan / igeri dabiltza etorkizun musikalak: / Iraganarekiko zilbor hestearen / Ebakitzeko / Eta bake bideetan abiatzeko / Oraino, leial, zerotik / Infinitura, / Hats-aldi berean”.

Badaude egon indar gutxiagoko poemak ere, ene aburuz, Borda “artikulugile” gisa ari denean batez ere, hala nola, European Breakfast poeman, esaterako, non poetak paralelismoak eraikitzen dituen espelta ogi xerrak bazkaltzen ditugun europarron eta Lesbos-eko egoera lazgarria jasan behar duten errefuxiatuen arteko egoerekin. Batzuetan asmo ona ez da nahiko poema on bat sortzeko.

Gustura oso aurkitzen du bere burua Bordak aurreiritziak eta konbentzio sozial zein literarioak hautsiz. Baina nekez egin daiteke horrelakorik berezko talentu baten jabe izan ezean, eta literaturaren zein artearen esparru kontrajarrienak arakatu gabe. “Batzuetan, denbora gelditzen da / Klepsidraren goiko altzoan…”.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak