kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Arroz urez / Mikel Antza - / Txalaparta, 2021

“Arroz urez” idazten hasi eta “arrotz hitzez” amaitu Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2021-03-19

Mikel Antza idazlea ezagutzen dut, bere liburuak bitartez baino ez ordea. Mikel Albisu ez. Hau da, ez dut ez idazlea ez ETAko militante ohia ezagutzen. Gure herria txikia izan arren, behin ere ez gara parez pare suertatu. Arroz urez bere azken liburua irakurri ostean, armiarma.eus-en sartu naiz, euskal literaturaren sare oparo eta apainean. Konstatazio bat: uste nuen baino atentzio gehiago eskaini diot idazle honi. Haren liburuen gainean idatzitakoa lekuko:

Ospitalekoak (Susa, 2010): Errealitate mingots isilduaren lekuko.

Bakarmortuko kronikak (Ataramiñe, 2011): Hiztegia berritu beharrez / Nahi gabe idatziak.

Atzerri (Susa, 2012): Atzerri, otserri.

Ametsak ere zain (Susa, 2015): Epistolak eta letaniak. Pistolak eta letaginak.

Ez ditut idatziak berriz irakurri, gogoan dudanez, ez dut zurikeriatan jardun bere liburuak baloratzean. Tira, baiezpen hori egiteak nire duintasuna zalantzan jartzen du iruzkingile gisara. Erran nahi baitut, gustuak gustu, inpresioak inpresioa, nik “bakoitzari (norberaren) berea, naturaren legea” izan dut lema. Askotan lema, dema bihurtzen bazait. Eta oraingoan ere halaxe egiten entseatuko naiz. Premisa bat: liburuaren iruzkinaz edo kritikaz harago joanen naizela sumatzen dut dagoeneko hastapenean.

Arroz urez liburua kaleratzearen (sic) berria lagun —burkide— baten bidez izan nuen; orain gutxi, bistan da. Hein batean eguneroko informaziotik deskonektatuta bizi naiz, eta oharkabean —bi egun baino ez, ez gehiago— pasa zitzaidan liburuaren argitarapena.

Lagunak gaztigatu zidanez, Mikel Antzak, kazetari lanetan, Naiz-en Miguel Castellsi egindako elkarrizketan, iragan abendukoa, abokatuaren “ez dago askatasunik ETAri buruz hitz egiteko” esapidea nabarmendu zuen. Mikel Antzak berak hori bera esan du behin baino gehiagotan. Arroz urez liburuaz ere halaxe esan du Berria-n; “Ez da autozentsura. Arroz urez idatzitako zerbait da; beste egoera batean posible litzateke guztiaz hitz egitea”. Baita zera ere. Ño, gehitxo! Geroago sakonduko dut horretan.

Horiek horrela, Castells eta Antzaren aburu horien eraginpean, eta Arroz urez titulua zela eta, lagunari hauxe esan nion: “Liburua ‘panfleto’ samar izanen ote den nago”. Izan ere, Arroz urez lerro-buruaren literaltasunean erreparatuta, fikziozko narrazioa izango ote zen begitandu zitzaidan. Alegia, nobela edo ipuina zela uste izan nuen. Horregatik, lagunari “panfletoa”-rena aipatu izana. Alabaina, saiakera literarioa da. Testigantzak eta kronikak biltzen dituen memoria saioa.

Liburua eskuratu eta bi egunetan irakurri dut. Azkar “irentsi” ditut hamasei atalak, bai horixe. Nire interesaz beste, idazleari bere trebeziari aitortu behar zaio, bistan da. Baita halaxe nik egin ere. Liburuaren funtsa: ETAren sorrera eta amaieraren kontakizuna. Hasi eta buka, Burgosko prozesua ardatz duela. Donostiako Antigua auzoan hasi (1961ean) eta Auritzen (2021eko urtarrilean) bukatzen da. Txabi Etxebarrietarekin hasi eta tia Luzirekin amaitzen du saioa idazleak.

Liburua euskal gatazkaren inguruko kontakizun pertsonal bat da, idazleak berak esana, baita nik hala berretsi ere. Nonbait, hala dio berak ere, bere biografiak harreman berezia du Burgoseko auziarekin eta horregatik liburua idatzi izana. Besteak beste.

Baiezpen horiek ez nituen ezagutzen liburua irakurri aitzin, baina halaxe konstatatu dut. Nire galdera, berriz, hauxe: “Zein da liburu honen xedea?”. Zein da asmoa? Nori zuzenduta dago? Gatazka bizi izan zuten belaunaldiei? Haren ostean sortu eta ernatu direnei. Hots, 2000. urteaz geroztik jaiotakoei? Hara, ez nadin inozo izan, euskal esparruko hamaika liburuz galdera berak egin daitezke eta. Niri galdera horiek jalgi zaizkit.

Liburuak ez nau astebete. Hau da, liburua ongi dokumentatuta dago, ongi josita, ongi tolestua, baina (berriz diot) nik ez diot “antzik” hartu ez eman osotara. Bai, bai, bai, bistan da, gure iragan berriaren kontakizuna egiteko helburuz egina dago. 50 urte (60 urteko ere, gatazka ez baita amaitu) iraun duen gatazka armatuaren “pasadizoak” —besteak beste— dira kontakizunean, baita haiekin batera idazlearen jarrera. Alde bateko gatazkan jardun dutenen jaidura politikoa eta morala. Liburua errelatua delakoaren hariez lotu eta bere barnean sartu behar da eta memoria historikoa osatzera etorri da. Ez dut nik hori ukatuko. Alta bada, ez nau asebete. Eta berau “irentsi” dut. Kontraesankorra, ezta?

Mikel Antzak berriki erran duenez liburua “ez da autozentsura. Arroz urez idatzitako zerbait da; beste egoera batean posible litzateke guztiaz hitz egitea”, aipatu dut lehenago. Eta diot eta itaundu: “Beste egoera batean posible litzateke guztiaz hitz egitea?”. Baia? Ikusiko dugu!

Nire aburuz, ez dago guztiaz hitz egitea, ez beste egoera batean, ez sekula ere. Bizi izan dugun 60 urteko gatazka armatu honen ondoren, herri honen historiaren bilakabidean berriz ere, egoera errepikatu da: irabazleak (zanpatzaileak) betikoak dira eta galtzaileak (euskaldunak) halaxe izan ere. Eta alderantziz izanik ere, egoera erabat kontrakoa izanda ere, “ez legoke guztiaz hitz egitea inondik inora ere”. Hori (niretzat, bistan da) axioma da. Ulertu nahi duenak ulertuko du, eta bestela ez du ulertuko. Barka erretorika.

Borroka armatua Euskadin (1967-2011) liburu gotorra (hiru liburutzar, 2.500 orrialde batu ditu guztira; hamar urte eman du idazleak osatzeko) hartuko dut hizpide eta berbarako, Emilio Lopez Adan Beltza etakide ohiarena. Egileak dionez, lanak “zulo asko” dauka bete gabe, baina bere xedea, berak ekarritakoaz gainera, protagonistek zuloak betetze ahala osatuko da kontakizuna. Nire aburua hauxe: protagonistetako asko ez dira bizi jada, eta bizi diren askok ez dute inoiz kontatuko dakitena, eta hobe horrela izatea. Izan ere, gatazkaren bi aldeetan hierarkiak daude, eta behekoek goikoen ardurak estali beharrean isildu behar dute ezinbestean. Areago, ororen buru, haiek baitira “petzero” handienak.

Mikel Antzak kontatu du —bere biografiaren (h)arian betiere— kontatu dezakeena, bistan da. Alabaina, bere biografiatik ez urrun, badaude ere Hipercor atentatua, Maria Dolores Gonzalez Katarain Yoyes, Jose Mari Korta eta Isaias Carrascoren heriotzak… (hilketak, erailketak, exekuzioak… Nork bere hitzak bere errotakoak) eta hamaika gehiago… Adi eta kasu: ez diot Antzari deus aurpegiratzen (ez dago inolako destainarik ez gaitzespenik). Kontua da, kontakizuna berea dela, hots, nork berea agertuz osatzen da memoria, Antzak berea eginez. Ez da bere zeregin esklusiboa, bere patuaren ondorioa baizik.

Zeregin hori zilegia da, noski. Halaxe nabarmendu dute urte luzeko eta soberako gatazkaren balek (alde batekoek zein bestekoek) utzitakoa. Bala adina zulo baitaude kontakizunean. Autobiografikoa izateak dakarren emaitza duzu, hori ere bistan da.

Burgosko prozesuaren (h)arian gogoeta nauzue: auzia diktadura garaian eman zen. Hau da, Caudilloa ez zen inork hautatua. ETA ere ez. Alabaina, ETAren borroka haizu zen. Herriak ametitua. Herriak babestua? Ez hainbeste. Europako indar erreboltariek eta Establishment-eko hainbat sektorek babestuta bai. Eta… “lau katu ziren eta danbor bat”. Alabaina, beren borroka, berriz diot, haizu zen. Herriaren gehiengoa beldurrez izanik ere, isilean izanik ere, ametitua.

Diktadura ostean sasi demokrazia heldu zen, sasitan ongi endredatua, baiki. Alta bada, Europan eta munduan demokrazia homologatua. Areago, borroka armatuaren (sic) bandera “demokrazia”-n atxiki zutenak, “ez ziren lau eta danbor bat”. Aise gehiago ziren, ordea, galdu zuten legitimitatea.

Mikel Antzari berari irakurri nion: “Kartzelatik atera eta behin Euskal Herrian, bere ingurukoen aldetik idazle bezala (kultur eragile legez) onetsia kausitu zuen bere burua, ETAko kidea bezala ez.

Liburuaren tonuaren eta garapenaren ildoan nire biografiaren (h)arian amaituko dut. Hasieran aipatu bezala, testu hau liburuaren iruzkinaz harago joan ote zaidan inpresioa daukat. Atx!

Burgosko prozesu garaian Mikel Antzak baino hiru urte gehiago neukan. Ni ere M.A.A. nintzen. La Salle eskolan ikasten nuen. 12 urte nituen. Lanbide eskola zen. 1. eta 2. Iniciación egin ostean, hiru urteko Oficialía eta bi urteko Maestría egin ondoren, nork bere lan esparruan, arlo laboralean, maistrua izendatua zen.

Fraideak, gehiengoa, erregimenaren aurkakoak ziren. Alta, frankistak bene-benetakoak ziren, antifrankistak ez hainbeste. Izan ere, fraideak izaki ezin demokratak izan. Alabaina, 14 urtetik 18 urtera bitarteko ikasleek Burgosko auziko errepresaliatuen aldeko huelga (greba hitza ez genuen ezagutzen garai hartan) egitea erabaki zuten. Ikastetxeko zuzendaritzak ontzat eman zuen ikasleen asmoa. Gure gelako hiru ikaslek (12 urtekoak) ikasle helduago eta grebalariekin bat egin genuen haatik. Hain justu ere, aste hartako azterketa baten egunean kale egin genuen, kale egitearen zentzu guztiz. Hiru lagunei 0 bana ezarri ziguten ikasgaian. Ezarri ziguten edo irabazi genuen? Hala ere, zuzendariak —huelgaren arrazoiaz galdetu ostean— “zigorrik ez” zigula jarriko adierazi zigun noten banatze egunean.

Bitxikeria bat azkenik: Mikel Antza izen-abizena idazleak bere burua “kukutu” aldera ipini zion bere hasmentan, ETAko militantea bilakatu aitzin, alegia. Beti pentsatu izan dut Mikelek Albisuren Antza eman ziola bere buruari, eta hortik bere goitizena. Liburu honetan baina Antza bere abizenetako bat dela deskubritu dut.

Ikaspenak:

1. Antza, gauzak ez dira uste edota imajinatzen ditugun antzerakoak.

2. Iraultzak arroz urez idazten hasten dira halabeharrez eta tamalez arrotz hitzez idazten bukatzen. Herriarentzat arrotzak bihurtzen diren hitzez, elez eta berbez.

3. “Norbaitek arrotza zaion ideal bat imitatzen badu, bera bizi den egoera partikularretik oso urrun dena, ideia horrek desastrera baino ezin du eraman”. (Svâmi Prajñânpad)

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak