kritiken hemeroteka

8.280 kritika

« | »

Naparra, kasu irekia / Jon Alonso / Elkar, 2020

Historia mindua, zauri irekia, saio argigarria Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2021-02-04

Jose Miguel Etxeberria Alvarez (Naparra edo Bakunin) Komando Autonomo Antikapitalisteetako militantearen desagerpena argitzeko familiak urratutako bideak eta egindako diligentziak kontatzen dituen kazetaritza saioa duzu Naparra, kasu irekia.

Saioa itzela da. Ikaragarria. Tira, adjektiboak geroko laga ditut, liburuak asko merezi baitu. Saioaren egileaz pare bat datu: saiogilea eta nobelagilea, oroz gain. Idazlea. Ona. Ikerketa lan hau egin dezakeen “idazle onena”, beste inork kontrakoa frogatzen ez duen bitartean.

Ikerketa aparta begitandu zait, gertakariak edota auziak itzal asko ditu-eta. Saiogileak senperrenak egin ditu gertakari historiko hau argitzen, “munduan” ibiltzeaz gain estatuaren estoldetan barrena bide egin du, eta hori bai dela bidaia gaitza. Konstatazio bat: “Naparra 40 urte desagerrarazi eta gero hau”. Esaera hori erredundantea da “gure” politikagintzan. Haatik, irakurri liburua, zergatia ederto ulertuko duzu, tamalez, berriz ere.

Nobelagilea da Jon Alonso. Bere hainbat polizia nobelaren protagonista Enekoitz Ramirez da, Lanbas izengoitiaz. Ezaugarri hori hizpidera ekarri nahi dut, berebizikoa iruditzen baitzait dohain hori izatea tamaina honetako lan bat egiteko. Hots, idazlea ikertzailea da oroz gainetik, Enekoitz Ramirez nola, fikzioan betiere, Jon Alonso hala.

Jon Alonso Naparra-ren peskizetan abiatzen da —duela lau urte abiatu zela dio —nik kasua bere buruan bizitzan txeratuta daramala sentitu dut— , hau da, Naparra-ri gertatua argitzeko “egiaren bila” hasi zen datu objektiboen eta errealen bitartez. Lanbas-ek argitu ohi duen kasu bat balitz Alonsoren imajinazioak “gidatuta” liteke. Oraingoan, alabaina, errealitateak fikzioa gainditzen du, eta saio honen ezaugarrietako bat errealitatea kafkiarra izatea da. Hori ere erredundantea da. Ikasbidea: estatuaren jitea ez da aldatuko pertsonak aldatzen ez garen bitartean.

Printzipioz, liburuko protagonistak Naparra behar luke, baina zirkunstantziek militante desagertuaren familia bilakatu zuten “protagonista”, aspaldi bihurtu ere, duela 40 urte, familia senitartekoaren bila abiatu ondoren. Jose Miguelen gurasoak —Patxi eta Celes— zenduta, Eneko eta Camino anaia-arrebek beren bizitza anaiaren patuarekin batera osatu dute. Familiaren nora ulertu gabe, ezin da ulertu Naparra, kasu irekia, familiak zauri irekia baitarama betiko.

Bizitzan aitzina egiteko kuraia behar da, eta halakoxea ageri da liburuan. Kasua, gaizki izendatutako “euskal gatazka”-ren beste kasu bat da, kasu bat gehiago, hamaika baitira izanik ere, justizia behar lukeen kasuak eta auziak. Justizia baina, garaileentzako baina ez da izaten oso-osorik. Galtzaileek lan itzela egin behar izaten dute galdutako senitartekoari justizia egin diezaioten lortzeko, tira entzunak izatea lorpen handia da.

Kasuon familiak leher eginda izateko motiboak baditu, asko izan ere, idazlearen beraren aitortza bat lekuko. Kasuaren gainean eta azpian egindako lan ikaragarria egin ostean, honela dio: “Ni baino askoz ere idazlea hobea beharko litzateke horretaz ongi idazteko, sinets ezazue”. Bai zera! Jon Alonsok in-justiziak jotako sindromea amaitu du lan ikaragarri hau.

Lan hau hobekien egin lezakeena, Lanpas da. Ironia duzu irakurle lagun hori. Hain zuzen ere, ironia Jon Alonsorena da, saio honetan agerikoa. Naparra kasua berriz ere ezagutzeak oilo pikorra jarri dit, tarteka-marteka, absurduaren pisua arintzeko Alonsoren luma eta ironia paregabea egin zaizkit. Luma-rena metafora da. Boutade bat, Alonsoren eta —Lanpas-en— ildoan: euskaldunok nola esaten diogu txapelari? Bada, funda-mentala! Bada, horixe duzu liburua ere, fundamentala! Naparra nor izan zen eta haren akabera argitzeko, funtsa handiko saioa!

Naparra, kasu irekia dela medio, iragan 40 urteetan gure herriak bizi izandakoa metafora “zoragarria” da. Areago, Jose Miguel Etxeberria Alvarez pertsonaren bitartez ezagutzea: itzela eta izugarria. Laborria sortzeko modukoa. Liburua gako-orratza da, ehoziri-lana. Batzuetan eta ezinbestean, hainbat testuk espainolez joan behar duten legez, espainolez izendatuko dut liburua: Encaje de bolillos gaitza!

Alabaina, eta maluruski, senperrenak egin arren, Alonsoren eta familiaren eta abokatuen lanek ez dute amaierarik izan, hots, gako orratzak ezin izan du azken puntadarik eman, Naparra-ren gorpuzkinak berreskuratzera iritsi izan balitz kasuan bezala.

Liburua atal laburrez osatuta dago, estatuaren pasilloetan eta kuluarretan ibili ostean “argitaratu behar izan diren dokumentuak kasuetan salbu”. Ikusgarria da estatuaren estoldetako zabarkeriak nola estaltzen duen bere zikinkeria. Idazleak adierazi duenez, epaituak inoiz estatuaren aurka —edozein dela estatu eta botere gunea— egin bazuen bereak egin du, berantzako ez dago justiziarik. Are, bere familia ere kondenatuta dago. Alonsok bikain esplikatzen du hori guztia.

Badaude atal batzuk, nire gusturako oso interesgarriak: Enpatia saioak izenekoak. VII dira atalak. Ez ditut epaitu edo goraipatu nahi, beste atalen gutxiespenetan, ez horixe. Izan ere, beste atal interesgarrietan, urratutako bideei esker, instituzioen berri ondo baino hobeto ematen digu ezagutzera egileak. NBEren inguruan egindako lana, berbarako, itzela da. Hau da, egilea lehertuta bukatu da liburua lau urte luze osatzen jardun ostean, “hizkuntza”-rekin (hizkuntzekin) egin behar izan duen lana izugarria izan baita, besteak beste.

Enpatia saioetako funtsa fundamentala da, besteren artean. Amaiera aldean, VI.a delakoan etsiak hartuta segitzen du Alonsok: “Zerbaitek pena ematen badit, liburu honen gaia dela-eta, Naparra kasuak ni baino idazle hobea eduki ez izana da”. Ez horixe! Enekoitz baino tematsuagoa da Jon gero. Beste idazleren batek Naparra kasuaz bere iritzia edota jarrera agertuko ote zituen horren ongi? Nire ustean, liburuaren balorea —neurri batean— bizi esperientzian funtsatuta izatea da. Alonsok idatzi badu liburu hau, berau idazteko bera baino idazle egokiagorik ez dagoelako da. Noski, hori nire aburua da, eta balio du Naparra-ren kasuari buruz Alonsok duen iritziak balio duena.

Luzatzen ari naiz eta liburuaren iruzkin egiteaz harago, kasuaren inguruan —edota euskal gatazka delakoaren inguruan— nire ikuspuntua emanen dut, larderia handiz naski.

1. Liburua batez ere interesekoa da, gisa batez edo bestez, “euskal gatazka”-n murgilduta bizi izan dugunontzat, eta bereziki 1980. urteetan lehen 20 urte bizi berriak genituenontzat.

2. Izan ere, gaur egungo 20 urteko irakurle batentzat liburuaren lehen erdian islatzen den jendarte hura “fikziozkoa” da. Hotzean pentsatuta, honela pentsu dut: “Hori izan al ginen?”. Onerako edo txarrerako izan ere, diot. Diodana ulertzeko, liburua irakurtzea gomendatzen dizut.

3. Badator nire iritzia. “Euskal arazoa” delakoa hasten da galbidean, eguneroko jardunean —mintzamoldetan— “arazo” hitza soilik subjektu askatzailearen bizkar geratzen denean. Hots, espainol eta frantses arazoa ere bada, izan behar luke, baina gatazka “garatuz” joan ahala, arazoa euskaldunona —bilakatu— zen eta da de facto. Eta gaitza da, arazoa bizirik baita. Gatazka lekuko.

4. Azken 40 urteko “euskal gatazka”-ren porrota begi-bistako da. Niretzat bistan da. Bakoitzak bere begietatik analizatzen du egoera, noski. Oharra: ez ditzan inork nahastu nik porrotaz ulertzen dudana, eta herri honen emantzipazioetan azken 40 urteetan euskal jendarteak bizi eta jaso dituen desgraziak eta balizko onurak.

5. Zerk ezberdintzen ditu —edo desberdindu behar ditu— zapaltzaileen bortxa eta askatzaileen bortxa? Bada, izenak berak dioena: bata zapaltzailea dela eta bestea askatzailea. Galdera?: Naparra zapaltzailearen bortxak edo askatzailearen bortxak desagerrarazi al zuen? Liburua irakurtzeak Jon Alonsoren tesira hurbildu nau gehiago. Naparra-ren kasuaz iritzi osatuago bat egin ahal izan dut. Eta, jakin ezazu, urte luzeak joan zaizkit horren osaketan.

6. Alabaina, kontua hauxe: zergatik 40 urte hauetan, bortxa iraultzailearen inguruan sortu ziren —80ko urteetan bereziki— duda-muda haiek? Iraultzaileen eta askatzaileen duintasunak ez luke dudarako zirrikiturik utzi beharko? Zergatik “bizi izan gara” posibilitate horrek funtsa balu bezala?

7. Hots, zer zentzu du herri eta klase sozial baten aldeko borrokan aritzeak, horrek berak zapaltzen dituztenen jite eta jarrerak errepikatzea badakartza. Noski, batekoen eta bestekoen desmasiak ez dira maila berekoak. Zapaltzaileak askoz ere indartsuagoak direnez gero, are eta ankerragoak izaten dira euren ondorioak.

8. Azkenik, protagonista bakarra izan beharko lukeen aldeko nire sostengua: Naparra-ren alde alegia. Jon Alonsori esker gehiago eta hobeto ezagutu ostean, bera mitifikatu eta loriatu gabe, hona nire agurra: “Jose Miguel, mundualdi laburra izan zenuen, eta zauden tokian zaudela ere, zure bizi esperientzia itzela izan zen. Hiltzeko modu izugarria barne!”.

Azken kritikak

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Zakur zaunkak
Iñaki Irazu

Hasier Rekondo

Bufalo guztiak
Juanra Madariaga

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentzien eguzkiak
Ahmadou Kourouma

Jon Jimenez

Zirriborroak eta gero
Askoren artean

Asier Urkiza

Zirriborroak eta gero
Askoren artean

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak