« Bidaia fisikoak, bidaia psikologikoak | Airearen isla »
Minotauro / Txomin Peillen / Alberdania, 2020
Minotauro gaurkotua Nagore Fernandez / Berria, 2020-12-13
Minotauroa greziar mitologiako pertsonaia esanguratsu bat izan zen. Erdi gizona eta erdi zezena izanik, oldarkorra, gaiztoa eta arriskutsua izateagatik egin da ezaguna mendebaldeko kulturan. Eta, neurri handi batean, Alberdaniak argitaratutako Txomin Peillenen Minotauro obra bat dator aipatu karakterizazioarekin: Asterio edo minotauroa alaba bortxatzen duen aita oldarkor eta alkoholikoa da liburuan. Gertaera horretatik aurrera, Leandra alabaren bizitza Dedalok eginiko labirinto amaiezinean galtzen da, zeinetan bere nebek, Teseoren errepresentazio bihurturik, aita hil eta arrebari bizitzeko bigarren aukera ematen dioten. Hori izan da Peillenen nobelak iradoki didan irakurketa.
Dakusagunez, idazleak mito greziarra bere egin, eta, honen metaforatik, alegoria bat eraikitzen du nobelan. Ezagunak zaizkigu mito horretan bilbatzen diren beste hainbat obra, Jorge Luis Borgesen La casa de Asterión (1947), edo Julio Cortazarren Los reyes (1949) kasu; alde horretatik, gaiak berak ez dit atentziorik eman, ez baita bereziki originala. Bai, aldiz, mito zehatz horren alegoria erabili izanak pedofilia, intzestua, eta, batez ere, emakume askok bizi duten egoera ikusgarri egiteko.
Kontatzen denak ez ezik, kontatzeko moduak ere berezi eta bereizgarri egiten du obra. Paralelismoak konstante bat dira Peillenek eraiki digun unibertso literarioan: ekintza nagusia osatzeko eta datorrena iragartzeko baliatzen ditu idazleak. Izenburutik bertatik abiatzen den joko alegorikoaz landa, hasiera partean, protagonistak animalien bitartez egiten dituen paralelismoak esanahiz beteak dira, gertatuko denaren inguruko informazioa tantaka ematen baitio irakurleari: “Honelako batean, topatu nuen oilar bat oilo baten gainean mokoarekin lumak kentzen. Bereizi nituen eta izebak erran zidan honela egiten zituztela txitak: utzi behar zirela egitera. Harreman bortitzak, oiloek hori nahi ala ez, horretarako zirela”.
Ipar Euskal Herriko hizkeraz blaitutako batuan, ahots narratiboen txandakatzea maisutasunez erabiltzen du Peillenek: lehen pertsonako narratzailea nagusitzen bazaigu ere, usu, bigarren pertsona gramatikalera egiten du salto diskurtsoak oharkabean, noiz istorioaren barnean dagoen pertsonaia bailitzan, noiz ekintza nagusitik kanpo dagoena. Bi efektu eragin dizkit erabilera bizi horrek: batetik, diskurtsoaren izaera polifonikoak istorio errealago eta konplexuago bat erakutsi dit; eta, horren eraginez, bestetik, Leandra pertsonaia hobeto ulertu dut, bere bakarrizketez gain, honen barne bakarrizketak ere kontatu zaizkigulako.
Aurrekoen kontrapuntu bezala, ordea, denbora saltoak ez zaizkit horren errealistak iruditu. Urte esanguratsuenak eta hunkigarrienak oso azkar pasatu direlako sentsazioa izan dut; ordea, urte ez hain interesgarriak luze eta zabal (zabalegi, aukeran). Hala ere, Txomin Peillenek idatzi duen obra honek aipamena merezi duelakoan nago: badira istorio nagusitik atera nauten ezaugarriak, baina, oro har, indarguneak esanguratsuagoak izan dira nire irakurketan. Balantza duen aldera erortzen omen da arbola.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi