« Pott Banda | Egia eta Edertasuna »
Alemaniara deportatua / Grégoire Joannateguy (Marzel Etxehandi) / Elkar, 2003
Euskaldun apeza eta Gestapoa Karlos del Olmo / Berria, 2003-06-28
Honako hau ohiko liburua denik ezin esan. Ez da ohikoa oroitzapen liburua delako. Eta, jakina, euskaraz nekez topatzen da genero horretako libururik. Ez da ohikoa, bestalde, idazlea euskalduna izan arren, liburua, jatorriz, frantsesez idatzi zuelako. Nahiz eta haren osaba Basile Joannateguy abadearen gainean Orixek honako hau esan: “Hau dut euskal idazleetan maiteena…”. Guztiarekin ere, Marzel Etxehandik itzulpenean darabilen euskara moldea osaba harena izan liteke. Bizia dario. Baita gatza eta piperra ere, Gregoriok solasean ezaugarri erabili ohi zituen osagaiak.
Ez da ohikoa Euskal Herriaren historia nazien aurkako Erresistentziaren ikuspegitik ere aztertzea. Halere, ezein herriren historia biltzen duen liburu handian kapitulu guztiak, goxo zein garratz, leitu eta ondo jakin beharrekoak dira. Noraezeko dugu jakitea nola jardun zuen Belokeko abade batek Gestaporen aurka isil lanean.
Beneditarrak Frantziatik bota zituztenean, Idiazabalera, lehenik, eta Lazkaora, gero, etorri zen. Baina gerrara joateko deitu zioten. Eta batean barik, bi mundu gerratan hartu behar izan zuen parte. Belokeko fraide etxea Erresistentziakoentzako aterpe bilakatu zen Espainiarako bidean. Gestapok, halere, atzaparra erantsi zien atzenean. Eta presondegia ezagutu zuten. Baita Dachauko kontzentrazio esparrua ere. Gregoriok, zorionez, bizirik irten zuen.
Orriotan suspense apurrik ere bada, inon ez duelako esango zergatik arrastatu zuten. Gerora jakitea izan dugunez, Orion sarean jardun zuen gazte askori Espainiara igarotzen laguntzen. Frantziako Estatuak 1951.ean Erresistentziaren aldeko zereginetan bildutako merezimenduak sariztatu zizkion Gerrako Gurutzea emanda.
Oroitzapen liburua 1960.ekoa da, baina 1995. urtea arte ez zigun euskaraz jarriko Marzel Etxehandik. Eta ez da, ez, ohiko itzulpena, Gure Irratiko kazetari Xipri Alberbidek eskatu ziolako irratiz irakurtzeko moduan euskaratzeko. Eta nabarmen da itzultzailearen trebezia ahozkotik hurbil den estiloa erabiltzerakoan. Edizio honetan ukitu batzuk erantsi dizkiote jatorrizkoari, Euskaltzaindiaren aditz eta hiztegi gomendioetara egokitzearren, baina elkarrizketa zatiak ziren-zirenean geratu dira, hango euskalkiaren usainari eustearren. Oso edizio polita izanda ere, orraztu sakonxeagoa behar luke, besteak beste, ortotipografiaren aldetik. Nahiz eta horrek kontakizunari ezer kentzen ez dion.
Estualdi guztiak, Gestapo, SS eta enparauetakoen eskutik etorritako neke guztiak, hamazortzi hilabeteko deportazio aldia bera, ontzat eman zituen egileak, halere, alferretan eginak ez zirelako, “ez oraiko, ez gerorako”. Zorionekoa bera, bai, azken buruan, beste apezen bat edo beste Dachaun hilik geratu zelako. Haietako batek behinola esan legez, “Abentura ederra, bizirik ateratzekotan”.
Kontakizun erakargarriaz gain, askatu zuten eguna arte ez baitzuen jakin Gregoriok bizirik irtengo zuenik, gogoetak ere eman zituen azken orriotan, Erresistentziaren alde zergatik egin zuten azaltzeko asmoz. Ametsezko paraje horretaka joaten hasi ziren gazteak fraideek ongietorria eginen zietelakoan. Jujeak aterpe bila joandakoak zergatik ez zituen salatzen galdetuta, horrelakorik nehola egiterik ez zuela ihardetsi zion Joannateguyk. Apez etxe eta komentu guztiak ez zuten berdin jokatu iheslariekin, baina. Kinka larria kontzientziarentzat. Ez zen denbora galdua izan naziek zapalduen ondotxoan emana. Hamazortzi hilabeteko espetxeratzea ikasbide ere izan zuelako: “bide anitz egin dugula, jende anitzekin bizi izan, anitz ikusi eta entzun, anitz behatu, eta beraz anitz ikasi. Ez dugu denbora galdu”. Irakurleak ere ez du alferlanik izango liburu hau.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez