kritiken hemeroteka

8.698 kritika

« | »

Hiltzaile baten aitormena / Joseph Roth (Matías Múgica) / Igela, 2003

Jainko txikien bila Mikel Garmendia / Gara, 2003-06-28

“Edale sainduaren kondaira” baino sei urte lehenago idatzi zuen Joseph Roth austriarrak eleberri hau. Bi eleberrien arteko antzekotasunak nabarmenak dira eta hori gutxi balitz, gurera, itzultzaile berberak, Matias Mugicak, ekarri dizkigu itzultzeko tankera bertsuan.

Bada, ordea, bereizten dituen zerbait: eleberriaren planteamendua. Oso xinplea da, berez. Lehen pertsonan mintzo zaigun narratzaile batek —egileak bera akaso— Parisko taberna errusiar batean kokatzen gaitu, Taribari tabernan. Bertako bezero bati “gure hiltzailea” deitzen diote ezizenez eta aipatutako narratzaileak ezizenaren zergatia galdetzen diolarik, bezero horrek erantzuten dio urte batzuk aurrerago gizon bat eta emakume bat hil zituela, edo hala uste zuela behintzat, eta, nahi izanez gero, hantxe bertan kontatuko zuela gertatutakoa. Horra nola bilakatzen zaigun, beraz, tabernako bezero hura, lehenengo pertsonan hau ere (“I as protagonist”), istorio nagusiaren kontalari. Bidenabar, amaierara arte adi eta jakin-minez mantenduko gaituen enigma aurreratzen digu eta eleberri beltzara garamatza nabarmen.

Kontaketa nagusi horretatik, tarteka, hasierako abialekura, tabernara, itzularazten gaitu narratzaile nagusiak eta, hala, eleberriaren planteamenduko perspektiba ez galtzen laguntzen digu. Kontakizuna gau batean kontatzen du Golubtxik tabernakobezero narratzaile eta istorio nagusiko protagonistak, eta, denbora mugatua izan arren, tabernako erlojua geldirik dagoenez, halako mugagabetasun bat ematen zaio tabernako gau-pasa moduko hari.

Istorio nagusiaz denaz bezainbatean, Golubtxikek agindu bezala, gizon baten eta emakume baten hilketa hasieratik, Golubtxik mutil kozkorra zenetik, kontatuko digu. Badira, ordea, bi maila bereizi beharrekoak: batetik, trama bera azkeneraino, enigma argitu bitarteraino garamatzana; eta bestetik, garapen horrekin batera, paraleloan, gertatzen den beste garapena, Golubtxiken beraren prozesu pertsonala, edo eleberrian esango zaigunez, pertsonaren aberetzea. Arras modu interesgarrian eta mila xehetasunez adieraziko zaigu prozesu hori. Bada euskaraz lokuzio bat eleberria irakurtzen ari nintzelarik burura etorri zaidana: “Jainko txikien berri izatea”. Jainko txikien berri abiatzen da Golubtxik, sasiko seme dela ohartzen denetik, eta “jainko txiki” horiekiko etengabeko harremanetan joango da xalotasuna galtzen, baita ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka estuan, bere burua gorrotatzerainoko bidaian, non alkohola izango zaion aterpe bakar. Horra, oraingoan ere, alkoholaren presentzia erabakigarria: “Honelakoxea naiz benetan: gaiztoa, mozkorra, baina argia. Joseph Roth”.

Matias Mugica itzultzaileak gozatzeko moduko bertsioa eman digu euskaraz. Aski gauza onartua da, itzultzaileon artean bederen, itzulpenik onena itzulpena denik nabaritzen ez zaiona dela. Eta halaxe gertatzen da honekin: batere problemarik gabe korritzen du testuak, fresko, natural. Konplexurik gabe eta naturaltasunez itzulita, agerian uzten du literaturarena eta literatur itzulpenarena dugula alorrik aproposena lizentziak hartzeko, transgreditzeko eta esperimentatzeko. Gozamen ederra hartzeko eleberria, egiazki.

Azken kritikak

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Nagore Fernandez

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Paloma Rodriguez-Miñambres

Landura
Jose Luis Otamendi

Mikel Asurmendi

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Joxe Aldasoro

Akabo
Laura Mintegi

Mikel Asurmendi

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Beste urte batez
Samira Azzam

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia

Aiora Sampedro

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak