« Bestearen parean ni | Droga 80ko hamarkadan »
Suak pizten direnean / Mikel Soto / Elkar, 2020
Itsaso bete su Igor Estankona / Argia, 2020-11-01
Bi bertsio baino ez daude, “hay dos versiones“, zioen Barrionuevok, Mikel Zabalzaren birikez galdetuta, gezurra esanez. Eta bertsio bien gurpilean gu ere urteokaz, konturatu barik egitate bakarra dagoela: errealitateak gure baitan egiten duen ispilu joko pertsonal hori. Idazleok beldur ginen gure belaunaldiko borroka, lorpen eta porrotak, maitasunak eta sakabanaketak kontatzeko, eta hara non Mikel Sotok hartu duen hitza, esateko: “Ikusi nituen/ biolentzia guztiak,/ neuk egindakoak barne,/ horregatik badakit/ zeintzuk izan ziren goitik behera/ zeintzuk behetik gora”.
Iñaki Gonzaloren Hace frío aquí en España (Hiru, 1998) eta Xabier Silveiraren A las ocho en el Bule (Txalaparta, 2007) irakurri nituenetik itzuli gabea nintzen katarsi kolektibo isil horretara, alegia, bizi izan genuen gaztaro militantearen deformazioa dastatzera.
Eite monzondarrak eta intelektualitateak utzita idatzi du Sotok Suak pizten direnean, hemen ez baitago Itziarren semerik, ez Maji neskatilarik, ez alternatiba demokratikorik. Hemen errepaso bat egiten da, atzera begirako bat pontxoen garaira, mukizu batzuk erabaki zutenean behin herria defendatuko zutela. Baina zuretatik datoz ezpalak, eta gatzaren estankoetatik matxinadak, eta liburu honek ere ezin izan die iskin egin zantzu klasikoei: Ernesto Cardenal, Omar Nabarro, edo liburu bizi eta gori honi hain kontrapuntu ederra ematen dioten Gabriel Arestiren estiloko poemak, “orain eta hemen/ kontatzen dudana/ ez da guztia egia” eta abar eta abar… eta Soto prosa eginez doa suzian, kazetaritza eginez ia, bitsa dariola ahotik, historia nafar bat, euskal historia bat asmatuz erraietatik, maitasunez. Maitasun eta atrebentzia dosi handia behar baita erretorikarik gabe hitz egiteko, preziosizmorik gabe adornatzeko poesia behar-beharrezko hau.
Mikel Sotoren begi beltzek agertzen duten distira inozente horrekin ikusi ditut nik ere kaleak sutan. Eta tortura saio eta espetxe guztietatik bueltan-bueltan neska lagunari esaten dio “Irati”, eta “ahizpa”, eta Berrueta-Mañas sendiarentzat detaile bat dauka poemetako batean, eta sorrarazitako sufrimendua ezkutatu barik egiten du poesia menderaezin, indigena, politiko, sakon bat, euskal poeton itzulinguru guztiek eta eufemismo guztiek baino askoz gehiago balio baitu Suak pizten direnean itzel honen lerro bakar batek.
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui