« Hainbeste izutzen gaituen iluntasunaz | Itsaso bete su »
Bahiketa / Asel Luzarraga / Txalaparta, 2020
Bestearen parean ni Aiora Sampedro / Berria, 2020-11-01
Asel Luzarragaren azken liburua Txalapartak argitaratutako Bahiketa lana da. Liburuko azalean agertzen dira eleberria interpretatzeko bi klabeak: hitz bakarreko izenburuak laburbiltzen du lanaren trama, eta irudiak bi gizonezkoren arteko kontrajarrera iradokitzen du. Izan ere, nobelaren narratzailea Edu da, Matxin lagunarekin batera Hego Amerikan atzerriratua bizi den gizon heldu euskaldun bat. Lehen begi kolpean pentsarazten duenez, bi kideetako bat desagertu egingo da ustekabean, eta bestearen ahotik jasoko ditugu desagertuaren irudia eta haren faltaren inguruko hausnarketak.
Horrela, Eduk Matxinen gainean egindako barne-bakarrizketa bilakatuko da nobelaren osotasuna. Azken finean, maitasun harremanei, laguntasuneko zein bikote gisakoak, egindako maitasun kantu bat da lana, baina kantu hori beste kidearen deskribapen jardun bilakatuko da, eta deskripzio hori ispilu-jolasean oinarrituko da; ikusgarri egingo baita besteengan eraikitzen den irudia norberaren proiekzioa izan ohi dela usu. Zentzu horretan, irakurleak tramaren amaieran jakingo du Eduk Matxinen ikuspegi desitxuratua, idealizatua, eskaini duela. Puntu interesgarria da nola uzten dituen inkontzienteak agerian narratzailearen beldurrak, obsesioak, eta abarrak laguna definitzerakoan.
Kontrapuntu gisa, ez dirudi oso egokia laguna definitze horretan narratzaileak izaten dituen digresio politikoen pilaketak. Azalduko dut: narratzaileak, Matxinen aitzakian, burura datozkion hainbat gai jorratzen ditu (Euskal Herriaren turistifikazioa, marxismoaren baitako matxismoa, etab.), kontakizunak berez horretarako bide gehiegirik eman gabe. Izan ere, gai horiek isolatuta ageri dira, protagonistak oroitzapen modura iradokitzen dituelarik, hizpide bilakatu eta haien gaineko diskurtsoa plazaratzen du. Kontua da, beraz, bereziki harira etorri gabe egiten dela. Ni neu pasarte horiek kontakizunetik atera naute.
Beste alde batetik, narratzaileak bere buruari traizio egin dion sentsazioa ere izan dut. Eduren eta Matxinen harreman horretan, anbiguotasuna da nagusi: lagunak eta maitasun librea bizi duten maitaleak dira, eta, harreman anbibalente horren bitartez, harreman heteropatriarkalak eraisteko formulak erakutsi nahi ditu narratzaileak nobelan. Kontua da, ordea, eredu heteropatriarkalaren kontra eraikitzen den hartu-eman berri horretan ere desira sexual maskulinoaren inguruan ardazten direla gertakari guztiak hemen; adibidez, Eduk Matxinekiko erakusten duen lilura hark gizonekin zein bereziki emakumezkoekin ligatzeko erakusten duen gaitasuna da. Beraz, gizonezkoen ahotsa bilakatzen da erdigunea narrazioan, eta falozentrismoa gailentzen da bertan.
Irakurketa gisa, Luzarragak jakin du suspenseari ondo eusten, desagerpenaren arrazoiak aletu arte. Irakurketa arina eta entretenigarria egiten da Bahiketa-rena; are, hausnarketarako bidea zabaltzen dute hiztunen jarrera zenbaitek, baina aipatu ditudan ahultasun horiek irakurketa bakarreko testu egiten dutela iruditzen zait.
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi