kritiken hemeroteka

8.635 kritika

« | »

Hiru geltoki lurrun / Galder Perez / Susa / EHAZE, 2020

Hartu beharreko trena Nagore Fernandez / Berria, 2020-10-04

Aktore, zuzendari eta, are, esatari lanetan ibilitako Galder Perez, oraingoan, idazle bezala nabarmendu zaigu, Hiru geltoki lurrun obra sarituarekin. Izenburuak iradoki bezala, hiru dira obrak biltzen dituen antzerkiak, hiru dira eraiki diren errealitate dramatikoak, zein baino zein laburragoa, zein baino zein iragankorragoa. Izan ere, idazle bilbotarrak azpimarratzen duen bezala, “lurruna bezain arinak” dira antzezlan guztiak.

Lehenengo pieza, hots, Lurrun minez, harreman homosexualetan bilbatzen da, eta, lurrun artean, gorputzak eta desira erdigunean jartzen dira, “barrabilak”, “buztanak” eta “besarkadak” ikusgarri eginez. Umorez blaitutako egoeretan ez da testuartekotasunik falta, antzezlana are dibertigarriagoa eginez.

Lau metrora izenburua duen bigarrenak, berriz, tenore ilunago eta tragiko baten alde egiten du, eta mozal legearen aurkako protesta batean gertatutakora begira jartzen irakurlea. Neska gazte bat zapaldu duen gizona eta zapaldua izan den neskaren ama aurrez aurre jartzen ditu, fokua noiz amarengan, noiz gizonarengan pausatuz. Askok esango lukete bien arteko elkarrizketan hezurmamitzen dela antzezlana, baina, gure iritziz, hori baino gehiago egiten da. Izan ere, lan honek, fokalizazio aberatsa izaki, bietariko perspektibak erakusten dizkio irakurleari. Proposatzen den egoera poliedriko horren aurrean, maiz, pertsonaia biekin identifikatuta sentitu gara, eta horretan aurkitu dugu antzezlan honen meritu eta bertute handiena: iraupen laburra izanagatik, kontrakoak diren bizi egoerak natural bezain sinesgarri egiten ditu.

Off the record azken antzezlanean, esan genezake berriro bueltatzen dela probokazioz betetako hizkuntza eta erregistro ironikora, kazetaritzaren eta politikaren munduari kritika inplizitu baina sarkor bat eginez. Azken geltoki honetan, bi pertsonaia nagusiren karakterizazioa lagun, muturrera eramaten dira mugimendu ekologistak, kazetaritzaren funtzionamendua, eta, oro har, negozioen munduak egun duen ustelkeria. Errealitatearen ispilu esajeratu bat eraikitzen da, eta, era berean, guztia parodiatzeko joera horrek antzezlana are jostariagoa eta pikanteagoa egiten du.

Mintzagai dugun obrako gaiak garaikide eta gaurkotuak dira; hala ere, arruntasunean arrotz sentitu gara askotan, sortu diren pertsonaia asko bezala, lekurik gabe. Esan genezake, batetik, proposatzen diren agertokiek arruntasunetik irteten lagundu digutela, dela gizonezkoentzako saunak, dela bulegoak, dela ospitaleak, dela tren geltokiek, asko baitute heterotopikotik. Bestetik, pertsonaia asko karakterizatzeko moduak irakurlea ataza mingots baten aurrean jartzen du: nola sentitzen da nahi gabe neska gazte bat zapaldu duen gidaria? Nola sentitzen da mendekua gaizki ateratzen zaion kazetaria? Nola bakarrik eta adiskiderik barik geratzen den pertsonaia?

Hiru antzezlan. Gaurko munduaren hiru metafora. Bisitatu beharreko hiru geltoki. Hori da irakurleak Perezen obra honetan aurkituko duena. Dinamismoz eta umorez beteriko antzezlan hauek errealitateaz hausnartzera gonbidatzen gaituzte, hiru baitira kontatzen diren istorioak, baina hitz gutxirekin iradokitzen direnak asko. Nolanahi ere, hartu beharreko trena dugu Galder Perezek sortutakoa.

Azken kritikak

Esker onak
Delphine De Vigan

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Enarak
Bernardo Atxaga

Irati Majuelo

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor

Aritz Galarraga

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Joxe Aldasoro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Odola kantari
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins

Nagore Fernandez

Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Iraitz Urkulo

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Mikel Asurmendi

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Maddi Galdos Areta

Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Aiora Sampedro

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak