kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Azala erre / Danele Sarriugarte / Elkar, 2018

Izana eta irudia Eneko Bidegain / 111 aldizkaria, 2018-10

Eta hara non liburu fresko, arin eta, aldi berean, sakon bat ekarri digun Danele Sarriugartek: Azala erre, idazlearen bigarren eleberria, 2018an argitaratua. Ikus-entzunezkoetan dabiltzan bi sortzaileren arteko auzi baten inguruan harilkatzen da istorioa. Auzia zer den argitzeko jakin-minak irakurlearen arreta bukaerara arte erakartzen badu ere, ororen buru, pertsonen arteko harremanak eta gure eguneroko ekintza isilduak kontatzeko modua da liburuaren indargune nagusietako bat.

Oraindik guztiz famatu egin ez diren baina pixkanaka izen bat lortzen ari diren artista gazteen bizipenak eta inpresioa deskribatzen ditu, finezia handiz. Adibidez, nola jokatu Twitterren edo Facebooken. Zer dago txio bat orain edo geroago bertxiotzeko erabakiaren atzean? zer pentsamendu, zer taktika? Zer kezka edo esperantza sortzen du Facebooken norbaiten jarraitzaile bihurtzeak? Edo noiz sentitzen gara behartuak? Nola erabiltzen da Facebookeko “lagunen” jarduna, haien sentimenduez interpretazioak egiteko edo haien egoeraz ondorioak ateratzeko? Sarriugarteren sare sozialekiko begirada argi eta zehatzaren indarra ez dago sareko mezuen aipamenean edo azterketan, baizik eta, mezuetatik harago, mundu “birtual” horren analisi psikologikoan. Maisuki azaltzen du nola islatzen diren sarean pertsonen arteko harremanak eta harremanen konplexutasuna.

Mundu “birtualetik” mundu “errealera” dabil jauzika, biak mundu beraren parte direla ederki erakutsiz. Sare sozialeko ekintza batek, email bat gisa batera edo bestera idazteak, erantzuteak edo ez, noiz erantzuten den… horiek guztiek eragin zuzena dute hezur-haragizko harremanetan, liburu honetan ageri den bezala. Funtsean, hori da ardatza: pertsonen arteko harreman errealak. Eta hor, pertsonaien arteko harremanei buruzko zehaztasun gutxi ematen du idazleak, baina ez du gehiago errate eta zehazte beharrik, ulertzeko zer dagoen lerroen gibelean. Botere-harremanak ere badaude, edo botere-harremanak daude bereziki. Horiek ere disimulatuak. Azeri zaharren laudorioen benetako intentzioari buruzko zalantzak nahasten dira koktelgintzaren itzalekin.

Giro kultural jakin batean dabiltza pertsonaiak. Mundu birtualean eta errealean, kanpo irudi bat zaintzen dute. Kanpo irudi behartu horren kritika diskretu bezain zorrotzarekin, irudi hori zaindu beharrak sortzen duen presioaz ere gogoeta eginarazten du.

Hainbat geruzako liburua da Azala erre. Geruza guztiak elkarri lotuta daude, baina geruza bakoitzagatik ere merezi duen liburua da. Idazlearen kritika sotilek gogoeta sakonerako bidea proposatzen digute, pertsonaia nagusiarekin eskuz esku garamatzan eta oharkabean irakurtzen den liburu honetan.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak