kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Amek ez dute / Katixa Agirre / Elkar, 2018

Ispiluaren aurrean Alaine Agirre / 111 aldizkaria, 2018-10

Ama bat izenik ez daukana. Beste ama bat bi izen dauzkana. Idazlea da lehenengo ama hori. Emazte eredugarri izatea da bigarren ama horren lana.

Espero gabe haurdun gelditu zen lehenengo ama. Gehiegi espero behar izan zuen bigarren amak.

Idazten jarraitu nahi du lehenengo amak. Iragana atzean utzi nahi du bigarren amak.

Bi ama horien arteko lotura, ikara.

“Amek ez dute” izena du Katixa Agirreren azken eleberriak, eta amek egin behar ez dituztenak eta isilpean egiten dituztenak dakartza azalera. Ama batek urtebete inguruko bere niniak hiltzen ditu, eta horren berri dauka ama izan berri den idazle batek. Gertaera horrekin obsesionatzen da idazlea, ulertu egin nahi du nola iristen den bat bere umeak hiltzera, eta horretaz idaztea erabakitzen du (erabaki baino gehiago, ezin du ebitatu, benetako idazle batek bezala). Horretaz doa nobela, baina baita ere narratzailea den protagonistak nola bizi duen amatasuna idazle izanda, eta nola bizi duen idazletza ama izanda.

Gertaerek eta gogoetek, bi alderdiek dute pisu berbera nobelan, batak bestea elikatzen du eta interes berberaz irakurtzen dira; idazleak abilezia harrigarriz tartekatzen ditu bi eratako pasarteak, informazioa doitasunez dosifikatuz, eta irakurlea ez da kasik ohartzen batetik besterako pasaeraz, berezko jario batean bezala. Horretan laguntzen dute bai idazleak darabilen hizkuntza eraginkor eta zuzenak, bai xehetasunei erreparatzeko gaitasunak, irudietan zein ideietan. Esaterako, pertsonaiak deskribatzeko orduan, ez zaigu esaten nolakoak diren, haien keinu eta ekintzen bidez erakusten zaigu, horregatik dira hain zorrotzak (eta, beraz, sakonak) pertsonaien erretratuak. Eta hau guztiau, egilearen bereizgarria den ironia etengabearekin; ez erasorako ironia bat, baizik eta bizitzaren aurreko jarrera bat, norbere burua ere hartzen eta onartzen duena.

Liburu honek ispiluaren aurrean jartzen du irakurlea, batez ere emakumezkoa (tamalez, oraindik emakumeon esparruan bakarrik egiten direlako gurasotasuna, lana eta identitatea uztartzearen inguruko hausnarketak). Geure buruari esatera ausartzen ez garenak aurpegiaren aurrean jartzen dizkigu, edonolakoa dela ere gure esperientzia, bizitza, ideologia: ama onak izan nahi dugunok, ama txarrak garenok, ama izatean beldurrez betetzen garenok, ama izatean geure esentzia galtzearen beldur garenok, ama izan nahi ez dugunok, idazle izan nahi dugunok… Eta hori da, hain zuzen ere, nobela honetatik gehien gustatu zaidana: kontraesanak ebatzi gabe kontraesanean egote hori, eta kontraesana onartzea eta halere aurrera egitea. Feminismo mota hori. Nobela honetan pertsonaiak, kontatzen diren gogoetak, ekintzak, istorioak… ez dira modu bakar batekoak, beltzak ala zuriak, ez dira bata izatetik bestea izatera pasatzen ere, ñabarduraz betetako gradazio horretan hara eta hona dabiltza, gristasunaren gama zabalean: gu geu ere, gure bizitzak ere, horrelakoak garelako.

Idazleak liburuan erabilitako hitz bat neure eginez, esango dut liburu hau maistralan bat dela.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak