kritiken hemeroteka

8.625 kritika

« | »

Nobela errealista bat / Joxean Agirre / Elkar, 2020

Inertziak eta bihurguneak Joannes Jauregi / Berria, 2020-05-17

Joxean Agirreren azken nobelak izenburuan bertan dakar irakurlearentzako tranpa: Nobela errealista bat. Lehendik ere haren eleberriak ezagutzen dituenari susmoa piztuko dio izenburuak, idazlearen lana nekez ezaugarritzen baitu errealismoak, eta, ezer izatekotan, Joxean Agirre idazle idiosinkratikoa baita, bere ezaugarri propio nabariei eutsi eta horiekin jostatzen dena hurrengo nobela bakoitzean.

Oraingo honetako protagonista taxilaria dugu: Loiuko aireportuaren inguruan aritzen da lanean, eta bezeroei “euskal erresistentziaren” pasadizoak kontatzen dizkie. Pasadizook barra-barra pilatzen dira nobela osoan, batez ere lehen hirurogei bat orrietan, harik eta nobelaren benetako argumentuari traza hartzen diogun arte: zenbait itzulinguru argumentalen ondorioz, taxilariak ikerketa sasi-polizial batean bukatuko du, bere emaztearen maitale Agirrezabal idazlearen heriotza ikertzen, bai eta haren azken nobela bukatu eta editatzeko lanetan ere.

Ironia eta zirtoa aise dantzatzen ditu eleberriak, baita orain arte landu gabeko eremuetan ere; esate baterako, euskal gatazkan eta hari buruzko literaturan, pasadizo arin eta askotan barregarrietan kontatzen baitzaigu, baina baita gazte jendearen inguruan ere, eta literaturan, argitaletxeen munduan… Forma aldetik ere, bukaera aldera thriller poliziakoaren parodiara lerratzen da, eta genero horren konbentzio ugari karikaturizatzen ditu. Baina ironia hori guztia giza (hobeto esan, gizon-emakumeen) harremanetan garatzen da finenik, protagonista dela medio, guztiaren erdigunean.

Izan ere, taxilaria Agirreren ohiko protagonista dugu: gizon heldu letrazale adarduna, neska gazte erakargarri baten atzetik dabilena argumentuari segika, eta gizajoaren begirada etsi eta irrizko batean kontatzen dituena gertakariak. Gainerako pertsonaiak ere leituak dizkiogu Agirreri: protagonistak desiratzen duen neska, emazte histrioniko karikaturizatua, idazle baten figura urruti eta fantasmagorikoa (oraingoan emaztearen amorante hila), zeinaren inguruan ardazten baita argumentua. Sare horretan, ohiko giza harremanen mataza korapilatuz doa eleberri osoan barrena.

Alde metaliterarioa ere bere-berea du egileak, eta oraingoan ere ez du kale egiten; izan ere, Nobela errealista bat izena du istorioan Agirrezabal idazten ari den nobelak, eta bertan nabarmen kopiatzen du taxilariaren bizitza; fikzioa eta errealitatea nahasi egiten dira, eta batak besteari gaina hartzen dio istorioak aurrera egin ahala. Oraingoan, baina, metaliteratura ez da horrenbeste baliatzen literaturaren inguruan gogoetatzeko, baizik eta gehiago ironiarako: “Orain nobela errealista bat idazten ari zela esaten zuen, baina ez zen antzerkia baizik, barru-barruan errealismoaren kontura barre egiten ari zela iruditzen baitzitzaidan. Parodia zuen gustuko, bere buruaz barre egitea”.

Nobela bera desorekatu xamarra da, “euskal erresistentziari” buruzko pasadizoek gaina hartzen baitiote istorio nagusiari, eta, hainbeste direnez eta apenas dutenez loturarik istorioarekin, kontakizuna ahul geratzen da, kasik ipuin labur baten forman aski balu bezala. Orekatzeko, nago gehixeago landu beharko zela edo argumentua edo metaliteraturak dakarren gogoeta-bidea. Dena den, aurreko nobelen inertziaz besterik ez bada, nobela honek aski eta sobera ematen du orain artekoaren zalea ostera ere gozarazteko.

Azken kritikak

Silueta
Harkaitz Cano

Iraitz Urkulo

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Mikel Asurmendi

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Maddi Galdos Areta

Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Aiora Sampedro

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Felipe Juaristi

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Mikel Asurmendi

Denbora bizigarri baterako
Marina Garces

Irati Majuelo

Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta

Amaia Alvarez Uria

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Ibon Egaña

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Asier Urkiza

Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx

Aritz Galarraga

Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu

Mikel Asurmendi

Denboraren zubia
Iñaki Iturain

Aritz Pardina Herrero

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak