« Mamarroa | Hausnarketa-puskak »
Disoluzio agiriak / Jose Luis Otamendi / Susa, 2019
(Des)ilusiozko paperak Mikel Asurmendi / argia.eus, 2020-04-24
[Proemio]
Antzerki munduan menturatu nintzen behiala. Poetaren ikasle antzezle gai gazte bat mintzo da hemen:
— “Ze, Otamendi? Tipo aparta…”. “Irakaslea… indio eta bakeroetan ibilarazten gaitu ikasgelan”.
Urte batzuk geroago, berriz, poetaren lagun poeta baten mintzoa:
— “Oto. Ostia! Azpeitian zinegotzi hasi ere!”.
Ulertu nion lagunari:
— Manda huevos!
Urola Garaiko gure erdara jalgi zait gogora berriz ere:
— Y le mandaron una caja!
Kamioi bat kaxa! Kamioi bat poema heldu zaigu Juan Luis Otamendiren eskutik
Otamendik kaxatan ekarri ohi digu poesia, sosa kutxatan garraiatzen den legez —edo garraiatzen zen legez— halatsu garraiatu ere bere kapitala.
Mundua baina, zeharo aldatu da urte gutxitan. Azken krisi ekonomikoaren ostean —krisiaren berezko adjektiboa iraunkorra izaki—, poetaren Kapital soziala irakurri eta urte batzuetara Disoluzio agiriak heldu zitzaigun, aspaldi heldu ere. Eta nik berant heldu diot. [Bandaren] disoluzioa bezala heldu naiz ni ere, berant aski, naski.
Aitzakia dirudi, baina, liburua eskuratu nuenean Disoluzio beharrean Desilusio begitandu zitzaidan titulukoa. Eta abandonatu desilusio paperak bailiran legez zokoratu geratu ziren tiraderaren batean.
Antiojuak zikinak izaten ditut, eta gaur arte.
Rogelio Botanzen Kontuak eskatzen kanta airean dabil gaur, ordu txikietan. “Kontuak eskatzen badizkidate, esanen dut, ez dakidala kontatzen, oraindikan ez dudala ikasi bi eta bat zenbat diren…”.
Bada, halaxe nik ere. Beraz, ez eskatu kontuak. Horra nire emakida(k):
Bilboko kontablea eta Azpeitiako irakaslea kapital sozialaz arduratutako poetak dira, biak ala biak. Jende sozialak eta poetak.
[Poema]
Agiriaren (zazpi ditu) lehen txatalean Bilboko poeta Begoñan nola halaxe irudikatu dut Azpeitiakoa Loiolan. Ezin dut bertatik apartatu, ezin beste inora [joan]: “Gorputz hau daukat, besterik ez, lurralde urtetsu hau, beste ezer”.
Gabriel, honatx “sustraiak dituen poeta soziala”.
Disoluzioen osteko desilusioek mundua mudatu beharra daukate “beste poesia molde bat behar une honek”. Iraganeko “familia jada ez da aterpe segurua”. Ezta poetentzat ere.
— Oi poeta zangar berriak, zer izango da zuetaz garaipen egunean?—, marruskatu dut begitartea, loa uxatu aldera.
Aro berrian poesia ez dela aski dio poetak: ekintzek “justizia poetiko bat” jaulki beharko dute. “Jainkorik gabeko zazpi eguneko disoluzioa”, proposatu digu Otamendik.
Geroa latza da baina, eta poesia dirua nola jaulkia izanen da.
Gauzak aldatzeko aukera ematen digu poesiak. Alta bada, “zer dira gutaz mintzo ziren agiri horiek. Non geratu dira? Gauzak aldatzeko aukera bat izan zen, baina agirietan hildakoak gutaz mintzo dira”.
“Mintzoa lokaztu eta irain bihurtu da”, diosku poetak, baita iradoki —nik uste— “paradisuko argiak itzatzeko une heldu dela”.
Kausa galduen eta berrien bulegoa xerkatu behar dugu. Metafora berriak. Aitzinakoak kaiola hutsak baitira. Hilkorrak gara, baina, baldin eta hitzak eta ekintzak non eta noiz —mamitsuak— asmatzen baditugu, guztiz izateari utzi barik, izanen gara.
Munduak mundu izaten segituko du behin eta berriz, gu gabe ere. Askean lotuta bizi izan gara. Hustasun burgesa beteko duen askatasuna lortzerik bai ote?
Mundua dolutzen da gauzak hobeto [egiten] ez duelako asmatu. Planeta isobarek zedarritzen duten legez, determinatzen dute “gure” sistema gure ekintzek. Poetak Galizian hartu du aterbe. Greenwich meridianotik urrun. Maitasun beharra dauka, eta beldur da.
Ekonomiaren oinarria konfiantza omen da, halakoxe poetak behar maitasunean. Alabaina, “Chicagoko burtsan erabakitzen da zerealaren prezioa”. Adibide bat baino ez da. Egunen batean, Erroma Zaharreko poeten augurioa gogorarazi digu egungoak: “Arazo ekonomikoak era erromantikoan disolbatuko dira”..
Disoluzio agiriak soluzio agiriak bihurtuko dira. Zorionaren kontra irudikatuko dugu etorkizuna, zoriontsua izateko lehenik hilda egon behar dela ikasitakoa izanen baikara.
Txatalak txatal, hainbat argudio:
— Behin disoluzio agiriak banatu ostean, eraldaketa sozialerako arma ez da kontsumoa izanen. Kausa eder bat jalgiko da biluz eta gazte.
— Gure belaunaldiak, agian, zoriontsu izateko hilda egon behar zela ikasi zuen. Poetak hil nahi ez duen inori ez dio hiltzea opatzen, besteek emandako paradisu hotz honetan ez du zoriontsu izan nahi.
— Haitz artean txiri-txiri doa eguzkia bere amagana, zortzi garroekin eta hiru bihotzez… Poetaren ama hil da, iaz hil zen [bi urte jada]. Absentziaren mihisean opari ilun arrasto beroak utzirik. Amaren zopa beroa eskaini nahi dio munduari. Julia izebari gereziak eskaini ere, hezurrak kenduta. Segundo ederren itxaropen elikatzen ari da bere bila nabilenean. Horra poesiaren zera. Pianoren sokak tenk. Oto poeta lirikoa, ludikoa.
Inperioaren abailtzea heldu da, eta poeta ezaxolaren atleta bihurtzen ari da: “Uste dut ni ere izpiritu libre bat naizela gorputz esklabo batean, propio ehundu dudan berankortasuna hauxe da nire gainbehera intimoa”
Poetak ez daki zein diren gaur behar ditugun hitzak, horregatik edo dago “munduan hainbeste poeta”. Galizian eguzkia ostendu legez, altxatu da ekia Katalunian. Mediterraneoari begira dago poeta, Kataluniatik begira egon ere. Haatik, ez daki zein diren orain behar ditugun hitzak.
Han eta hemen, munduan, “eskubide unibertsalak eskudirutan neurtzen dira”, beraz, poetak izan ezean, nork salatuko du kapital publikoaren iruzurra, —gizaki bat bozka bat aldarria zilegia da hemen ere—.
Jainkoaren bideak errepide mapetara ekartzen ikasi behar dugu, bainan non jarri babes hesiak non radarrak? Nola erabili isobara mapak. Gauzak esaten diren bezala etortzen baitira sarritan hitzak.
“Lanbro-izpiak bere ezinak, neurri izpiak legez bakun eta anitz dira mundukoak zeinek bere ezinak neurri doi makestuan”. Agirietako txatalak eta hostoak galdu ditut, poetaren lirikak itsuturik, liluraturik.
“Zuk bakea zer den azaldu niri eta xehe erakutsiko dizut nik begiradaz eta samako zain mamiekin zelako baldintzak dituzten etxeko langileek”. Ez da Begoñako poetarena, Loiolakoaren uzta duzu.
Galizian eta Katalunian ez ezik, Mantxako Herreran dabil poeta, abuztuan ibili ere:
— “Aldatu egiten dira eguzki orduak, lurraren osaera ukimena… eskolak ezin du konpondu dena”.
Beste mundu baten xerka abiatu ziren eta beste mende batean jausi ere: han daude orain. Atx! Eta guk hara kondenatu izan ez bagenitu!
Diruaz eta jabetzaz amil izurik gabe hitz eginez, garenaren bila zuloz zulo hobiz hobi… ibili gero, agian, inon ez diren zulokoteetan izan bide da desmundu beste gorputz deslokalizatu.
Agiri artetik erauzita aspaldiko mapa bat dauka eskuetan poetak. Esaten ez dakizkien hotsak dakartza. Mapa hiztuna da. Naski, herri desagertu baten bilaketa antolatua bilatzen ari da poeta. Honatx gaztigua:
“Maiz, bakarreko mentsen sendagarri suertatu ohi dira mapak eta pertsonen arteko enkontru kartografikoak. Argazki zaharrak behartzen ditu tarteka: euri hotz baten ereserki azpitik ageri dira fotoetan, bandera arrotzen atzetik desfilatzen.
Poetaren lore arantzadun esperantzagarria iraganari: lehen ere larri ekibokatzen ginen eta hala ere…
Loreen hosto erorien musikak isildu egin du poeta, hirurogei urteko umezurtzen artean gaurgero. “Zein argi ikusten da adin horretatik bizitzaren pendizea”, pentsu dut, poetaren pentsuen harian.
Planeta ehun bider suntsitzeko indarra dago egia-ostearen armategian.
Glaziarren ohantzean kulunkatzen da Oto poeta. Otomano. Inperio erorien lekukoa: “Sarri urtu egiten da eta haren uharrak garamatza kanta krudel baten nota altuetan”.
“Haustura sozialaren salbamendu oholari eustea, gaurko historiaren lekedaz ito nahi izateko era bat da”.
Jendea bere burua beste nonbait jarri nahian hasten denean…
… edo ni neu berri baten aldarrian tinko neure baitako desertu txikian…
—Zaila behar du antipodak jo eta norbere bizkarrean hitz egiteak—.
—Irakurlea aho zabalik edukitzeko ez da nahitaez dentista izan behar—, ez horixe. Poeta izatea nahikoa. Poeta baina ez dago franko.
Nonahi igartzen da desmuntatze ari bat dela ate joka. Kataluniako Errepublika joka ari zaigu. Poetak Azpeitiako Enparan kaleko 20. Zenbakia 4A bizitzako atea ireki die erreboltariei.
Begoñako profetari legez bizarra hazi zaio Loiolakoari. Alta bada, jainkoa gabeko egun bat gehiago bizi izan du poetak. Arratsalde mitiko bat.
—Poesia ez da irauteko bide bakarra badira bestetako herriak—
Agiri bat zor zigun poetak, aspaldi behar zuen: “Badakit osatu gabe dagoena, hor behar baitute askok oraino jazo ez direnak. Baina jada ez dago denontzat etxe bat. Piezak falta ditu etxeak, gure nazioa erdi osatuan da”.
Jada ezin da atzera egin, ezin da inor zauritu aurreko garaira. Euskalduna askatuko da agian osmosi hutsez. Disoluzio modu bat omen da osmosia. Bat.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres