« Magiarik gabeko errealismoa | Errefusa gara (?) »
Den-dena nahi dugu / Nanni Balestrini (Fernando Rey) / Katakrak, 2019
Den-dena irabazteke Irati Majuelo / Berria, 2020-04-12
Ez du alferrik Franco Berardi Bifo-k hitzaurrean esaten: Balestriniren lanaren muina erritmoa da. Ez pausarik, ez komarik, atsedenerako ez du tarterik uzten, Italiako 1960ko hamarkadako langile-borroken historia manifestazio pausora azalduko balu bezala. Hala egiten dute bat eleberri honetan konpromiso politikoak eta hizkuntzaren esperimentazioak, ideiek eta arnasestuak, lilurak eta desengainuak. Azpimarragarria, zinez, Fernando Reyren lana, erritmo eta jario bizia euskaratzen asmatzeagatik.
1960ko eta 1970eko hamarkadetan herrialdeko milaka langilek beren azalean bizi izandako esperientzia komuna biltzen du idazle italiarrak liburu bakarrean, pertsonaia bakarrean. Hegoaldeko langabezia eta miseria induzitutik ihesi, beste askoren antzera Iparraldera lekualdatzen den gizon baten biziera kontatzen du, bere pentsamendu, amets, neke eta haserreak azalaraziz. Balestrinik, hortaz, behargin anonimo eta isilduari ematen dio ahotsa eleberri honetan. Anonimo, izan ere, ez protagonistak, ez langile gehienek ez dute izenik kontakizunean. Are, nahiz eta langilearen topikoei uko egin eta pentsaera eta jokamolde desberdinak erakusten dituen kontakizunean zehar, sarri langileen ahotsa bat eta bakarra dela ere irudi lezake. Azken-aurreko atalean, adibidez, greba batzar bat irudikatzen du Balestrinik, non ez dakigun nork hitz egiten duen noiz, denek bata bestearen segidan egiten baitituzte diskurtsoak. Igual dio kateko langileak diren, orgazainak zein fundiziokoak, ahots denei garrantzi bera ematen die idazleak. Batasuna da eleberrian defendatzen den ideia nagusietako bat, eta lengoaiaren esperimentazioaren bidez ere eutsi nahi izan zion aldarri horri.
Den-dena nahi dugu ahots eta irudien konbinazioa da, denborak eta ekintzak etengabe nahasten diren monologoa. Kapitulu bakoitzak gertaera edo garai bat azaldu arren, kronologia ez da bere horretan mantentzen, eta zaila da ekintza bat noiz hasi eta noiz bukatzen den jakitea, hurrengo kapituluarekin lotura zehazki non egiten duen asmatzea. Hala ere, liburuak garapen argi bat du narratzailearengan, azken finean, istorioaren muina langile baten kontzientzia hartzea baita. Hortaz, fase desberdinek geruza bat baino gehiago erakusten dute, eta langilearen irudi homogeneoa hausten da: gaztetxotako inozentzia aurki daiteke (“Eta orduan segituan gauza funtsezko batez jabetu nintzen. Ongi janzteko ongi jateko ongi bizitzeko dirua behar zela”), baita alderdi bizizale eta alproja ere. Lanean hasi, baina langileen borrokaz, eta bereziki antolakuntzaz, deus gutxi dakien eta jakin nahi duen gaztea ageri da, baina baita Fiateko greba indartsuen bultzatzailea ere. Aipagarria da, batez ere, greba etengabeen osteko matxinada eta langile altxamendua azaltzen dituen azken atala.
Arnasa hartzeko aukerarik gabe, greba orokorren erritmora jarriko gaitu eleberriak. Hala, bada, egin dezake ispilu-jokorik egungo egoerarekin ere, bizi dugun baretasun ezegonkorrari kontrajarririk, etorkizunerako zenbait abisu luzatzen baitizkigu. Eta ororen gainetik: batasuna, berdintasuna eta borroka.
Itzala
Maixa Zugasti
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Asier Urkiza
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Nagore Fernandez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Maialen Sobrino Lopez
Ni, laiko
Markos Zapiain
Mikel Asurmendi
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta
Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark
Irati Majuelo
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Joxe Aldasoro
Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno
Mikel Asurmendi
Erbeste
Juan Garzia
Asier Urkiza
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Maialen Sobrino Lopez
Biba gorriac!
Imanol Murua Uria
Mikel Asurmendi
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Patxi Iturregi
Terraza debekatua
Fatima Mernissi
Amaia Alvarez Uria