kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Iturria / Unai Elorriaga / Susa, 2019

Magiarik gabeko errealismoa Mikel Asurmendi / argia.eus, 2020-04-11

Pedro Iturria idazlea duzu ipuinez ipuin —Unai Elorriaga— eraikitzen doan Iturria nobelako protagonista. Eraikitzen ari den nobelaren protagonista. Berak baino protagonismo gehiago dute ordea, itxura batez —antza—, haren bila doazen —ari diren— Soro Barturenek, honen alaba Leirek, eta Erroman narratzaileak.

— Erroman bera ote? Erroman? Narratzailea, hots?

— Ez du axola, irakurle!

Hain da absurdua, nobela edo ipuin bilduma hau.

— Nobela edo bertan kontatzen dena da absurdua?

— Dena, zer? Tira. Bego. Berdin dio.

Ipuinak ote? Ipuin itxura daukaten testuak idoro ditzakezu bertan. Idoro dio Sorok? Ez du inporta! Idoro, bai. Grazia du berbak. Badago beste andre bat nobelan: Eszter! Izen arraro ezta? Arraro zergatik? Zergatik arraro? Alan Pienarr ere deskubrituko duzu. Deskubritu? Idoro, bai. Baina, hori amaieran dago. Baia? Bai, bai!

Europan zehar dabiltza protagonistak. Altzairuzko oihala edo Burdinazko hesiaz harago joan dira. Altzairuzkoa? Burdinazkoa? Oihala ote? Hesia al da? Berdin dio. Zuk aukeratu, istoriotan murgildu aurretik.

Ez dira samurrak istorio osti horiek. Ez horixe!

Osti erran duzu?

— Ostia, bai. Erran?

Nolanahi esanda ere, hesiaz honago eta harago badabiltza Iturria-ko pertsonaiak. Ero puntu dute.

— Puntu?

— Bai. Puntu!

Praga, Hungaria. Danimarka. Budapest. Zurich eta Suitza. Varsovia eta Mosku ere bai. Ere bai? Bai! Bai, zer? Hiri horietan guztietan dabiltzala. Hotelez hotel! Bai ote? Bai ete?

Non hasten den, non bukatzen ote? Nobela diot. Zuk eriden dezakezu irakurle. Eriden? Bai, deskubritu. Aurkitu, Kolonek Amerika nola. Kolon? Bai, Kristobal! Zer Kristo da nobela hau?

Argentina ere ageri da.

— Non? Nobelan?

— Non bestela?

— Borgesen herrialdea da hori ezta?

Metaliteratura egiten duen aldetik… Nork? Idazleak! Nork bestela? Unai Elorriagaren nobelaz ari naiz… Metaliteratura den aldetik, idazlearen literatura meta aurkituko duzu bertan. Meta? Meta, bai! Helburu al da meta? Hots, erreferentziak! Hots? Bai, hots asko. Ugari. Meta. Erotzeraino…! Hotsak. Arrabotsak! Emebotsak! Eme abotsak? Emebotsak existitzen dira?

— Bai, Soro!, dio Erromanek!

— Non? Erroman?, dio Sorok.

— Nobelako ipuineko pasarte bat al da hori?

— Edo nik inbentatua!

— Inbentatua?

— Asmatua, bai.

Bai ote? Ote beltz? Ote zuri? Zuk ikusi irakurle! Irakurri! Irakurri? Bai, leitu, redio! Redios! Eztozuz rusoak leidu, ala? Agure horiek, hori jende erretxindua!

Iturria kafkiarra da, istorioa diot. Erran nahi baita, Txekia Errepublikarra ere bisitatuko duzula, baldin Soro bezain zoro bazaude. Eszter barik ez litzateke Iturria-rik. Ezer magikorik bilatzen baduzu, ez zaitez bidaia honetan enbarkatu. Errealismo magikorik ez, beraz. Magiarik gabeko errealismoa duzu Iturria. Soro nahiz Iturria zein Elorriaga bat datoz, datozke! Etor daitezke. Etor litezke. Hots: “Piroteknia ez da literatura ona”.

Akort. Akort edo ez. Edo ez? Ni mintzo naiz irakurle. Piroteknia ona ere izan daiteke literatura. Literatura ere. Edo ez? Edo bai! Logikoki, piroteknia asko sartuz gero, erre zaitezke. Egia. Benaz. Piroteknia arriskutsua da, baina arriskatu barik, ez dago erretzerik.

— Idazlea baina, arriskatu omen da. Ei da.

Pertsonaiek legez, ipuin sikuak (des)eskriba ditzakezu. Sikuak? Hilak. Nobela sikua eraiki ere bai.

Soro eta Erromanen adina sumatuta, herio ez dabil urrun ipuinotan. Ez dago herio agertzen ez duen konturik. Ez dago eromen gabeko konturik. Omen! Trapu sikuak, irakurle. Hilik ote metaforak? Sinboloak sikuak dira ere bai?

Unai Elorriagaren nobelak legez, nihaurrek ere (nihaurrek?), galderak nik pausatzen ditut.

— Pausatzen? Edo pusatzen?

— Pausatzen eta pusatzen!

Ba al dago literaturarik Eszter gabe? Zein da Eszterren ofizioa, bada? Ofizioa? Bai, lanbidea? Profesioa? Unibertsala izateko literatura behar ote? Itzultzaileak behar ete? Dugu ete? Ote dugu? Bai, omen! Bai, hemen! Bai, ei. Ei eta omen. Han eta hemen.

Liburu hau koronabirusa konfinamendu garaian irakurrita beste liburu bat izan daiteke. Iturria-ko ipuinetako batean, pertsonaiak koarentenan bizi dira. Hala ote? Nik asmatu ote? Ote? Ete? Dudarik barik (edo gabe ote?)

— Berdin dio, pelma.

Pelma?

— Bai, okaztagarria. Okaztagarria?

Omen! Ei! Ei? Omen? Literaturari oda, oda ote? Iturria? Pedro Iturria? Liburua? Iturria bera? Ez dut uste. Bego. Laga. Literaturari ez ezik, adiskidetasunari eta zahartzaroari opa da. Oda? Opa? Ote? Ete? Omen? Ei?

Bizitza behatzeko idazlearen begirada pertsonala gorde du liburu honek. Pertsonala? Bai, berea. Gorde? Ezkutatu, baiki. Eiki. Desio diskretu bat naski. Naski? Bai, noski! Desio? Bai, obsesio! Obsesioa ez da ona, ez osasunerako ez literaturarako!

— Literaturarako bai!

— Literatura egiteko?

— Egiteko, bai!

(Nobelako ipuineko beste pasarte batean, Soro eta Erroman berriz ere).

— Iruzkin egileari berorri —kritikari ote?— Iturria gustatu al zaio?

— Nori niri?

— Bai, zuri, Asurmendi!

— Bai. Eta ez.

— Baietz? Edo ezetz?

— Batzuetan, baietz esango nuke. Bestetan, ezetz!

— Ezetz zer?

— Esango nukeela, ezetz.

— Ezetz, beti?

— Ezetz, zer?

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak