kritiken hemeroteka

8.553 kritika

« | »

Amua / Aritz Gorrotxategi / Elkar, 2019

Ur-azaletik hondoa Joannes Jauregi / Berria, 2020-04-05

“Poema ez da buruketa bat, /ez eta ebatzi beharreko /ekuazio bat […]”. Hala hasten da Amuak liburua, 0 ataleko Poemak eta buruketak olerkian, zeina liburu osoaren poetika eta epitometzat har baitaiteke, poema horretan baitaukagu gero datorren ia guztiaren funtsa, bai estiloari dagokionez, baita estilo horri datxekionaren aldetik ere: “Misterio bila ari bazara, /alferrik ari zara, poemak /zure baitako kutxa beltzeko /ateak baino ezin ditu urratu”.

Estiloz, bilduma osoa idazkera kimatu eta dotorekoa da, hitz handiosik eta harrabotsik gabea, arrunt gardena, hondo sakona ikusten zaion itsasoa nolakoa. Itsasoa da, hain justu, liburuko irudi nagusia, ez metafora soil gisa, askoz harago baizik, bilduma osoaren iruditeria sortzen eta batzen duen salda modura, poemek urratzen dituzten bide guztien iturri. Itsas estetika hori bildumaren lehen bi zatietan esploratzen da nagusiki, non antzinako Grezia eta Mediterraneoa baitira agertoki nagusiak, eta poemetara ekartzen zaigu bertatik datorkigun literatura-tradizioa ere, erreferentzia ugariren bitartez (Zorba, Safo, Odisea…), besteak beste. Batzuetan maitasun-kantu bitalista batean gauzatzen da poema (Egun gogoangarria, kasurako), beste batzuetan mingostasun-punttu batean ere bai, batik bat liburuaren bigarren atalean (“Zu ez zinen Briseida/ ezta ni Akiles ere”). Bi zatiotan dotore eta eder garatzen du egileak bere itsas estetika mediterraneoa, eta hirugarren partean mingostasunean sakontzen da; bat-batean, itsasoa gauza basatia da, oro ekaitz, zurrunbilo eta ilun: “Ez du marea beste legerik”. Bilakaera eder horretan, antzinako filosofoei oinak bustitzen zizkien itsaso barea zakartuz doa Greziatik gure ingurura bueltatu ahala, eta itsasoak ematen dituen irudiak berak ere berdin doaz mudatuz.

Laugarren zatian, arestiko estetika horri ertz politiko gordin bat ateratzen zaio, itsasoa utzi gabe beti; orduan, Mediterraneoa egungo errefuxiatu-hobi gisa azaleratzen zaigu, eta are dramatikoago agertzen liburuaren hasierako Helade idiliko haren argi-kontran. Estetikatik jaiotzen da alde politiko hori, bilduma osoa kokatu den Mendebaldeko tradizio humanistaren barren-barrenetik: “Zer ote da karabana,/ barbaroen inbasioa,/ hunoen itzulera,/ bisigodoen hordak/ ala Gengis Khanen mongolak?”.

Bosgarren partea, Harri zuria balea bat da poema bakar luzeak osatua, joko nuke nik liburuaren gunetzat, dotoreziaz lotzen baitu orain artekoa azken atalarekin, eta xendra irekitzen die arestian sumatu baino egin ez diren kezka espiritualei: “Inon izatekotan/ hemen dago dena delakoa,/ soiltasun honetan,/ zeru-lurren arteko/ zauri honetan”. Halatan, antzinako Mediterraneoaren ur-ertzean abiatu, eta, giza kondizioan barrena, heriotzaren minean amaitzen dugu bilduma, seigarren atalean: “Heriotza eskultore bat da/ hutsarekin maiteminduta,/ barrena garbitzen dizu,/ hezur-haragia desitxuratu”.

Bilakaera doi eta elegante horretaz gain, idazkera soilaren eta arnasa sakonaren bat-egite hori du liburuak bertute nagusia, eta, nahiz eta bildumaren akabua aukeran ez dagoen aurreko guztiaren neurrian biribildua, horren batere kalterik gabe distiratzen du liburuak, klasikoen sinpletasunarekin.

Azken kritikak

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Irati Majuelo

Denbora galduaren bila / Swann-enetik
Marcel Proust

Aritz Galarraga

Iraileko zazpi egun
Eneko Azedo

Aiora Sampedro

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lurrez estali
Ximun Fuchs

Jon Jimenez

Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo

Mikel Asurmendi

Poesia guztia
Safo

Mikel Asurmendi

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre

Jon Jimenez

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Artxiboa

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

Hedabideak