kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Zorioneko familia / Iñaki Irasizabal / Elkar, 2019

Neurriaren bila Aiora Sampedro / Berria, 2019-11-03

Liburuaren atzealdeko testuan Elkar argitaletxeak adierazten dio Iñaki Irasizabal ezagutzen ez duen irakurleari egile durangarraren ohiko habitat literarioa nobela beltzen ingurukoa dela, eta norabide aldaketa suposatzen duela azken lan honek idazlearen sorkuntzan; preseski, singularrean planteatutako izenburuak nahasmendua eragin baitezake ere, Zorioneko familia hamar kontakizun laburrek osaturiko ipuin-bilduma da.

Izenburuan biltzen da, hala ere, ipuin guztiak zeharkatuko dituen hari ikusezina: familia desitxuratuen inguruko hausnarketa zenbaitetan ironiko eta usu sarkastikoa. Azaleko irudiak ere emango dio pista liburura biluzi gerturatzen denari: errauts-kutxatila baten islatutako familia irribarretsua. Heriotzak, beraz, presentzia nabarmena izango du narrazio guztietan. Era berean, alderdi horrek lotzen du bilduma egilearen aurreko ekoizpenarekin; ipuin guztiek konpartitzen dute kutsu ilun bat, eta misterioaren eta pilatutako tentsioaren arteko oreka bilatzen du Irasizabalek idazketan. Agian, bide horretatik datorkio galbidea idazleari, hartzaileari irakurketa bideratu nahian gehiegitxo esaten diolako susmoa izan baitut sarri, gehienbat, narratzaile orojakileek kontatutako pasarteetan. Misterioak indeterminazioari leku gehiago egitea eskatzen duela iruditu zait kasu horietan; kimatze lana eskertuko lukeela prosak.

Alderdi positiborik nabarmengarriena narrazioen arteko fokalizazioen aniztasuna dela esango nuke. Lantzen den gaiaren osotasunaren kontrapuntu gisa funtzionatzen dute ahots desberdinek. Asmatzen du, aldi berean, generoak eskatzen duen moduan ateratzen zukua ipuinei; hau da, ipuinen amaiera aldera, ustekabeko gertakizunak azaleratuz efektu haustailea lortzen.

Thriller poliziakoen mundutik datorren egile baten lana dela jakinik, tentuz gerturatu naiz lan honetara, eta baiki, irakurketaren aurreko susmoak baieztatu ditut: euskal giroa txertatzen dela nobela beltzaren ezaugarri den kritika sozialaren bertsio inuzentearen barnean (Krisia edo Zu eta zure arreba ipuinak horren erakusle dira). Azalduko dut esan nahi dudana: gertuko pertsonaiak ageri dira protagonista gisa, maila ertaineko pertsona arruntak; batez besteko euskal irakurlea identifikatzeko gai dena eta gizarte arazoetan eragiteko aukera duena. Sarri, baina, sozialki eragiteko behar hori kontzientziaren mandatua bilakatuko zaio irakurleari, autoreak iradoki nahi dituen sarkasmoz eta ironiaz baino gehiago, onberatasunak bultzatuta jardungo duelako. Horrela, fikziozko narrazioa kontakizun minberan erortzen da maiz.

Hori da emaitza: lana erori egiten dela justu idazlearen helburu nagusia betetzeko saiakeran; ez baitu balizko irakurleak idazlearen kritika sozial horretan begi zorrotzik aurkituko, egunerokoan bizi ditugun egoera latzen gaineko iruzkin xaloak baizik, gehiengoak irits ditzakeen deliberamendu arinak.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak