kritiken hemeroteka

8.601 kritika

« | »

Iraganaren izterrak / Gorka Salces Alcalde / Balea Zuria, 2019

Iraganari helduz, etorkizunerako poemak Aiora Sampedro / Berria, 2019-10-20

Gorka Salcesen azken poema liburua argitaratu du poesia editatzen espezializatua den Balea Zuria argitaletxeak, Donostia Kulturak antolatu duen bigarren poesia sariketako emaitza modura. Iraganaren izterrak deitzen den lana laugarren artefaktu literarioa dugu idazle portugaletetarraren ibilbidean.

Azken honekin bezalaxe, aurreko poema-bildumekin ere saritu dute idazlea, eta Ermua, Pasaia eta Hondarribia herrietako sariak jaso izan dituelako egingo zaio Salces ezaguna ohiko poesia irakurleari; baina, bazterreko genero hori lantzeaz gain, idazleak jarduten du beste sorkuntza eremu batzuetan ere: ITU Banda literarioarekin eta Lekore aldizkariarekin kolaboratu izan du, eta Durangoko Azokan kaleratzekoa den ATOPIArpg rol-jokoan ere parte hartzen ari da.

Baina luzamendutan ibiltzearen bekatuan erortzeko arriskua saihestea on denez, helduko diot, bada, hemen iruzkintzekoa dugun poema-liburuaren azterketari. Hiru ataletan banatu du egileak lana: lehenik, EGO izenburupean garatzen den poema-sorta dugu; bigarrenik, DEMOS deitutakoa; eta azkenik, COSMOS titulua duen saila. Atalen banaketak adierazten du ahots poetikoak bere enuntziazioaren bila egingo duen ibilbidea: pasarte intimoenetatik hasten da lanaren fokalizazioa; bigarren zatian, kolektibo baten ordezkari gisa harturik zuzentzen joango zaio idazlea irakurleari; eta amaitzeko atalburuan, hausnarketa metafisikoagoetan murgilduko da.

Hori adierazten dute atal bakoitzaren hasierarako aukeratutako aipamenek: lehen kapituluko sarrera-aipuak zentzu sentsoriala ematen die bertako poemei, haragiaren ospakizunean murgiltzea gomendatzen baitio idazleari. Bigarrenean, haiku baten tankerako lerroek jadanik erreferentzia egiten diete hartzaileari eta gizarteari. Azkeneko blokeari atzera-begiradaren zentzua duen testu batekin ekiten dio, lana hasi bezala amaituz, izenburuko eta lehen poemetako iraganaren erreferentzia azken ataleko poemetan berreskuratzeko.

Izan ere, lehen olerkia joandako denborari egindako aipamen bati loturik agertzen da; eta KOINE delako izenburupean, irakurleak bilduman bilatuko duen enuntziazio pertsonala gorpuztuko du, bertan elkartzen baitira iraganetik gaurdaino jasandako aldaketekin osatu den idazlearen narrazioa, gaur egungo ahots poetiko hori liburu guztian zehar bilatuko denaren emaitza balitz bezala.

Liburua nahiko iluna gerta dakioke irakurleari zenbait unetan; ez dirudi forma eta estetika bakar batenganako apustua egiten duenik, agertzen baitira egunerokotasunari lotutako poema narratiboagoak nahiz ahapaldi gutxitan laburtutako olerki hiper-laburrak, bai eta pop kulturi egindako keinuak nahiz sinbolismoaren agerpenak ere. Ni behintzat, atal batetik besterako alde tematiko horrek, adierazi berri dugun estiloaren eklektikotasun horri loturik, nahikoa atera nau irakurketatik.

Azken kritikak

Auzokinak
Gorka Erostarbe

Maddi Galdos Areta

Esker onak
Delphine De Vigan

Irati Majuelo

Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde

Gorka Bereziartua Mitxelena

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Hasier Rekondo

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Maialen Sobrino Lopez

Erroen izerdia
Jone Bordato

Nagore Fernandez

Azken batean
Lourdes Oñederra

Asier Urkiza

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Jon Martin-Etxebeste

Enarak
Bernardo Atxaga

Mikel Asurmendi

Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia

Irati Majuelo

Herioa Venezian
Thomas Mann

Aritz Galarraga

Azken batean
Lourdes Oñederra

Ibon Egaña

Goizuetako folkloreaz
Patziku Perurena

Mikel Asurmendi

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Asier Urkiza

Artxiboa

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

Hedabideak