kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Kabitu ezina / Aintzane Usandizaga / Elkar, 2019

Garen piztiak Ibon Egaña / Deia, 2019-06-22

Animalia ugari dabiltza Aintzane Usandizagaren lehen ipuin liburuko narrazioetan sartu-aterean: lagunak zaintzeko eskatu dion zakurraren uhalari lotuta dabil Judith Lola ipuinean, beti itzulia ezkerreruntz egiten duen arraina dauka arrainontzian Imanolek Kabitu ezina narrazioan, mutiko garaian bere lehengusuak katu eta oiloei emandako tratua dakar gogora narratzaileak Asperduraren biografia kontakizunean, eta gizakiaren eta intsektuaren mugara eramango du pertsonaia bat Ovi ipuinak. Ez dago esan beharrik, ordea, gizon-emakumeak eta giza harremanak direla Kabitu ezina bildumako protagonistak, eta animaliak haien ispilu eta batzuetan ifrentzu direla. Bikote-harremanen hondoratzearen testigu (edo eragile?) dira batzuetan animaliak, gizatasunaren mugez gogoeta egiteko senide hurbilekoak bestetan, zaintza-lanen zamaz gogoetatzeko bitartekoa inoiz.

Arroztasuna egunerokora dakarten piztiak ere badira animaliak narrazio hauetan. Izan ere, Usandizagaren liburuko kontakizun asko egunerokotasunaren eta arroztasunaren arteko mugetan olgatzen dira; egoera arrunt, anodinoetan elementu arrotzak eta inoiz fantastikoak agertzen dira, hura aztoratzera datozenak. Lagunarteko bazkari bat, bikote-bidaia bat, familiako juntadizo bat edo lan-elkarrizketa bat abiapuntua dira beste norabait iristeko. Errealitateak hainbat geruza dituela iradoki eta haiek esploratzen dituzte ipuin hauek; narrazio zenbaitetan itxurazko errealitatearen eta haren azpian egosten denaren arteko tartea, esaten denaren eta esaten ez denaren artekoa miatzen du egileak. Bi geruzen kontrajarpenaren bidez jartzen ditu agerian instituzio sozial gertukoen baitako gezurrak, esan gabekoak, hipokrisiak edo inbidiak (kuadrilla, familia edo bikote barrukoak). Aldika, berriz, iradoki egiten dira bestelako errealitate-printza batzuk, denbora-espazioen koordenadak zalantzan jarriz, edo galdera soil baten bidez.

Molde ezberdineko ipuinak ondu ditu Usandizagak errealitate-geruza horiekin, eta hainbat ipuingintza-tradizioren oihartzunak jasotzen ditu liburuak. Eider Rodriguezen Bihotz handiegia etorri zaio irakurle honi gogora Lola narrazioan, Iban Zalduaren nitasun eszindituak Hamar urte barrun, eta Samantha Schweblinen arroztasunaren zipriztinak han-hemenka. Kontamoldeak ere askotarikoak dira, perspektibismoa, bakarrizketa edo ipuin ia erabat dialogatuak lekuko, eta hartara ipuin sorta aberats eta askotarikoa da emaitza. Pili Aguadoren ilustrazio iradokorrez jantzita publikatu diren ipuin hauetako askok irudi indartsuak, oso bisualak dituzte barruan, animaliekin lotuak haietako batzuk, eta inpresioa ematen du irudiok izan direla narrazioak sortzerakoan abiapuntu. Haatik, uste dut kasu batzuetan irudiak bere horretan ez direla gai narrazio osoari eusteko, eta zenbaitetan galdu egiten dela tentsio narratiboa, ipuin luzeagoetan bereziki. Kontakizunaren abiaburuan dagoen asmoaz galdetzera eraman naute ipuinek batzuetan, asmotik emaitzara tarte bat badagoela iradokiz beharbada. Elkarrizketen bizitasunean eta irudiak sortzeko gaitasunean ikusi dizkiot bertute nagusienak liburuari, baita ahots propioa osatzeko ahaleginean ere. Bide luzeago baten lehen urratsa izango ahal da Kabitu ezina.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak