« Amaren zama, alabaren jana | Lurrari atxikia »
Bulkada / Jon Benito / Susa, 2010
Gabriel Arestiren oihartzunak Jon Benitoren artefaktu emozionalean Irati Jimenez / uberan.eus, 2019-06-07
Aingurak Erreketan (Susa, 2001) eta Bulkada (Susa, 2010), bi poema liburu ditu orain artean Jon Benito idazle zarauztarrak. Biak dira poesia politikoaren edo poesia sozialaren adibide bikainak baina jauzi handia nabari da batetik bestera. Izan ere, lehenean poema eder asko aurki daitezke baina bigarrena mekanismo emozional trinkoa da, lehen lerrotik azkenera eraginkortasun harrigarriz funtzionatzen duena. Liluragarria da mekanismo horrek nola funtzionatzen duen ikustea eta Jon Benitoren poesian barneratzea, besteak beste, Gabriel Arestiren, gure lehen poeta sozial eta zibilaren lekukoa nola jasotzen duen ikusteko.
Nitik gura, gutik nira
Duela ia hamar urte Bulkada argitaratu zenean literatur kritikoek bere kalitatea goraipatu zuten. Hala ere, ahobatezko adostasun hori berrirakurtzea bitxia egiten da orain. Izan ere, iruzkingileek ni poetikoaren inguruan egindako bilaketa pertsonala goraipatu zioten. Poesia intimoa kontsideratu zen, adibidez, poetak subjektibitatez idatzitako bere buruaren azterketa zela ere esan zen eta egon zen baita poema liburu bat izan beharrean autobiografia poetikoa zela esan zuenik ere. Egia da Bulkadak baduela intimitatea eta subjektibotasuna -ahots poetiko batek ezinbestean behar ditu biak-, baina liburu zinez politikoa eta soziala izanik harrigarria egiten da orduko irakurketa. Izan ere, esperientzia pertsonaletik abiatuta Bulkadak gu poetikorako bidaia proposatzen du eta kolektibitatearen arazoak aztertzen ditu, Euskal Herriarenak oro har eta euskal gatazkari dagozkionak bereziki.
Ni poetikoa: biluzik, jendaurrean
Egia da liburuaren hasieran poetak nor den esaten digula, irakurleak bere hautu poetikoak eta politikoak baloratzeko elementuak izan ditzan. Hortik, ostera, gutasunaren arazoetara abiatzen da, borroka armatuari, prozesu politikoari eta bakegintzari buruzko kezkak eta hausnarketak adierazteko. Bidaia horretan transformatu baino gehiago, poeta afirmatu egiten da, bere nitasun indibiduala komunitate politiko eta jendarte humano batean kokatuz eta erreibindikatuz.
Ariketa poetikoa nekez izan daiteke argiagoa edo trinkoagoa. Poemen izenetatik bertatik hasita. Hastapena da hasierakoa eta Azkena bukaerakoa. Zera dio lehen bertsoak: “Ez naiz lehena, nire aurretikoa da dena, / baina historia hau nirekin hasten da”. Beste hau azkenekoak: “Historia hau nirekin amaituko da / eta orduan jada ez da nirea izango / ez bada zurea eta gurea / eta garai bateko jendarte batena”. Hitzaurretik epilogorako bidaian bere hautuak, bere baloreak, bere konbikzioak nola eraiki diren kontatuko digu poetak eta berarekin eramango gaitu bere jaiotza datatik bertatik hasita. Izan ere, bidaia hau 1981ean hasten da.
Bi denbora-lerro, hasieratik
“Maiatzak hogeita lau zituen / ekarri ninduten egunean”. 1981 poema datu autobiografiko batekin hasten da eta politiko batekin jarraitzen du: “Igandea. / Tomas Linazaren aitaren / soin jipoitua salatu zuen Eginek”. Liburuaren hasieran bertan, beraz, bi kronograma zabaltzen dira gure aurrean, pertsonala eta politikoa, liburuan zehar zabalik mantenduko direnak. Kronograma bikoitz horietako gertakizunak etengabe gurutzatuko dira titulu auto-esplikatiboak dituzten hurrengo poema autobiografikoetan (Haur eria, Ama, Aita, Pueblo), poetak bere niaren erradiografia egiten digun bitartean. Lehen hiru parteak -bost ditu orotara- lehen pertsonan idatzita daude. Hor kontatzen zaizkigu, besteak beste, gaztetako amodioak (Udako gau batez, Euritan), atzerriko egonaldiak (London cityko balada, Egonaldi baten inbentarioa), kale borrokaren errepresioak sortutako beldurrak (Libre izatea. “Y” belaunaldia) edo Lasa eta Zabalaren hilketak, (Durduzatu ninduten lau egun).
Dena dago lehen pertsonan idatzita, harik eta liburuaren bost parteetatik hirugarrenera heltzen garen arte. Parte horren bukaeran, Barreneko boza izeneko poeman, Jon Benitok iragarri egiten digu beste modu batera hitz egiten hasiko dela: “Nintzenari buruzkoak / hasi behar nuke kontatzen / aurrerantzean hirugarren pertsonan”. Liburu honetan ez da ezer ezkutatzen. Irakurleak beti dauzka nahi dituen gakoak begi aurrean. Poetak argi hitz egiten du berari buruz, lehen pertsonan, horrela irabazten duelako, liburuan aurrera joan ahala, guri buruz hitz egiteko eskubidea, hirugarren pertsonan. Bidean, ostera, gelditu egiten da segundo batez eta Horrela mintzo da Zarathustran bigarren pertsonan hitz egiten dio irakurleari. Zutik zura. Gauza inportante bat esateko.
Ez zara lehena
“Ez naiz lehena” esaldiarekin hasi eta bukatzen den poema-bilduma batean bereziki esanguratsua izan behar da, ezinbestean, “ez zara lehena” bertsoa dakarren poema. Zerbait inportantea esan nahi du poetak. Horregatik erabiltzen du “bulkada” hitza, horregatik dago ezohiko pertsonan idatzita -bigarrenean- eta horregatik dator poema-bilduma honen erdian (23 poema aurretik, 29 atzetik). Liburuaren bihotza delako eta irakurleentzat daukan mezu inportantea horixe delako, hain zuzen: bihotza daukagula eta ondo pentsatzea bihotz horrekin pentsatzea dela.
“Ez arau eta / ez fede, dena barne bulkada: zure bihotza / ez dago buruan, zure burua da bihotzean dagoena”
Emozioaren etorriak eta edukiaren izaerak eskatzen duten moduan dago idatzita poema hau, liburuko erromantikoena. Poetaren zaurgarritasuna erakusten diguna eta poetak bere zaurgarritasuna aldarrikatzeko erabiltzen duena.
Hortik aurrera Bulkadak bere garaiko testuinguru politikoak planteatzen zituen gai nagusiei heltzen die Bi aulki eta mahai bati begira, Besteren larruan edo Kontu-garbitzea elkarrizketa politikoaren eta negoziazioaren aldeko deiak dira. Borroka armatuaren zikloa bukatu baino lehen idatzita daude eta buruan bihotza baino bihotzean burua duen poeta batek idatzita daude.
Gaia da inportantea, hitzak ere bai
Poema guzti horietan zehar, ez dago hitz bat sobera, ez dago hizkuntzan iluntasunik, edo ahozkotasunetik gehiegi aldentzen den egiturarik. Poetak berak esplikatzen digu Ekaitza eta bulkadapoeman “dramarik eta lirismorik” gabe idazten saiatu dela, “metaforarik behar izan gabe”. Horregatik negoziazio mahaiei buruz hitz egiteko, adibidez, mahaiak hitza erabiltzen du, bizitza errealean hitz horrek baduelako nahiko sinbolismo eta indar. Idazleen banidadeak, akademiaren harrotasunak eta elitismo kulturalak sarritan mespretxatzen dituzte irakurleak haientzat hitz egitea literatura merketzea balitz bezala. Bulkadaren konpromiso humano eta literarioa kontrako bidetik doa eta maila berean da politikoa eta humanoa, literarioa eta pertsonala. Ginenean poeman ageri da beste inon baino argiago. Han kontatzen dira adiskidetasuna oinarri zuten gaztetako lotura politikoak eta orduan ikasi zen lezio garrantzitsuena: “ondo ulertzen ez diren hitzak azkeneraino zaindu beharraren garrantzia: maitasuna, errespetua, mina”. Lagunei buruz ari da baina bere liburua deskribatzen egon zitekeen, liburu honetan adiskidetasunaren etika etika literario bilakatzen delako.
Poesia politikoa da eta poesia politikoa erreibindikatzen du
Politikoa eta poetikoa, literarioa eta metaliterarioa da Bulkada. Forma erretorikoen biluztasuna eta ahots poetikoaren zintzotasuna, biak dira bide poetiko bakarraren ondorio estetiko eta etikoak. Irakurtzen ari garenok adinez nagusiak garela ulertzen du eta adinez nagusitu egiten gaitu, aurreko liburuaren autokritika egiten duenean (“Liburutegian Benedettiren / bildumen ondoan ikusten dut orain / eta burua makurtzen dut damuz”) edo liburu hau idazteko izan dituen erabakiak esplikatzen dizkigunean. Gauza batzuk kanpoan utzi dituela ere kontatzen digu, literatura zintzotasunez egitea inportantea delako baina badirelako literatura baino gauza inportanteagoak. Hor ere ezohiko etika literarioa ageri du politikaz ez ezik prozesu politikoaz hitz egiten digun liburu honek, poesia politikoa egiteaz gain, poesia politikoa erreibindikatzen duen liburu honek (“Nire jendeaz idatzi nahi nuke, / baina zeinen zaila den / poema ez-politiko bat egitea gure herrian”).
Haurtzaroaren kontakizunetik abiatuta, Bulkada konbentzitzeko egina dago, enpatia bilatzen du, biluztasunarekin desarmatzen gaitu. Konturatzen garenerako poetaren munduan gaude, berak sortutako gutasunaren parte gara. Aberri poetiko baten parte gara eta aberri horrek badu bere dokumentu poetiko eta politiko inaugurala.
Gu, jendea deitzen da
We, the people dio Estatu Batuetako konstituzioaren lehen lerroak eta horren oihartzuna dakar Jon Benitoren Gu, jendeak. Esan beharrik ere ez dago euskal errepublika ez dela existitzen baina poema honetan errepublika hori osatuko lukeen jendarteari egiten zaio dei. Euskal jendea konbokatzen da, euskal jende guztia, poema hau gu hitza zabaltzearen aldeko kantua baita, ezberdintasuna gutasuna dela erreibindikatzeko ereserki fundazional bat. Horregatik konbokatzen du poetak “Kokarekin burua galdu duen jendea” edo “Hautsi eta osatu ez dena” edo “minak apurka jandakoa”.
“Federik gabea, / minak apurka jandakoa. / Mamuen aurka borrokatzen dena, / ansiolitikoekin ezindua. / Ohetik jaikitzeko indarrak galdu dituena, / beldurrari beldur diona. / Eszeptikoa, mesfidatia, damutua. / Gu eta gure jendea”.
Manifestu fundazional honetan inork ez du inoren modukoa izan behar “Gure jendea” izateko, ez gurelakoa ez gure antzekoa ez gutarikoa. Benetako demokrazia jendartearen demokrazia delako eta demokratak ez direlako beraien jendea edo jendearen gehiengoa bere baitan hartzen dituztenak, jendetasuna dutenak baizik, zentzurik osoenean, zabalenean eta -poesiaz ari garenez- baita poetikoenean ere.
Mekanismo poetikoa
Solemnea da Bulkada, miresgarria bere biluztasunean. Egitura industriala edo inorganikoa izan zitekeen baina gizalegez eraikita dago eta gizatasunez beteta. Humanoa den guztia kabitzen zaio eta humanoak izatera konbokatzen gaitu. Barrura sartzen den irakurlea emozionatzeko pentsatuta dago. Eta emozionatu egiten gaitu baita ariketa literarioa bera oso modu desberdinean ulertzen dugun iruzkingileok ere. Poesiaren zeremoniak magia hori dauka: benetakoa denean guztiok ateratzen gara humanizatuta. Bi denbora lerroak erabilita, humanoa eta politikoa, norberarena eta testuinguruarena, poetak bortxarik gabe sartzen gaitu makinaria poetikoan, ezer inposatu gabe. Lehen bertsotik lortzen du Bulkadak literaturan zailena: irakurleak irakurtzen egotea. Mekanismoaren baitan.
Arestiren antzera, gauza zelaiak eta argiak, edonork konprenitzekoak
Idazle guztiek eta beraz poeta guztiek dituzte bere genealogia literarioak. Genealogia hori egiteko Jon Benitok bost poeta aukeratzen ditu titulu luzedun poeman: Lau post-it 21. mendean poema liburu bat idazteko. Paul Éluard, Alejandra Pizarnik, W.H. Auden, Vladimir Visotski eta -euskaldun bakarra- Gabriel Aresti, gure lehen poeta zibila, gure poeta politiko gorena eta gure literaturan aurkitu daitekeen Jon Benitoren arbaso poetiko nagusia.
“Nire etxea, mendi artean ainguratu zen ontzi zaharra” idatzi zuen Gabriel Arestik Kapitain pilotu poeman. Aingurak erreketan izeneko lehen liburuan Jon Benitok aingura hori hartu eta errekara bota zuen. Gaztetasunaren kemena behar da horretarako eta gaztetasunaren kemena zeukan liburu hark, mundua barruan kabitzen den une horren potentzia epikoa. Oso poeta gazte baten lana zen baina heldutasun eta zaurgarritasun admirableak zituen. Mailu bat zen, Arestiren poesia bezala, antisentimentalismo cool posmodernoaren kontra, ezerk ez duela inporta dioen poesia moldearen kontra, bihotza gogor eta konbikzioak bigun izan behar direla agintzen duten matxismoaren eta kapitalismoaren kontra.
Arestiren lekukotasun poetikoa hartuta abiatu zen, beraz, Jon Benitoren poesia. Hura bezain solemnea eta zintzoa suertatzen da lortu duen ahots propioa. Hizkuntza zelaia eta argia darabil, gauza klaruak eta berdaderoak esateko, edonork konprenitzeko modukoak. Arestirenak bezala Jon Benitoren poesiak badaki hitzei pisua ematen. Bere poesian ez gara harriak -bihotza dugu-, baina ez gara harez egindako Etiopia bat ere, harriaren indarra daukagulako, (“Hau ez doa errekan behera / Hau ez du errekak eramango / Hau aingura da”). Arestirekin alderik nabarmenena, akaso, aitatasunean edo hobe esanda, aitatasun ezean dago. Gabriel Arestik euskaldunon alde hitz egin zuen, prometitu egin zigun, gainera, beti horrela egingo zuela (aitaren etxean defendituko zuela, ez zigula gezurrik esango) baina horrekin batera -eta horrek lejitimatuta- geure izenean ere hitz egin zuen eta hitz egin zigun. Jon Benitoren aitatasunez baino kidetasunez hitz egiten zaigu. Ez gure izenean, gurekin baino. Gizonaren alde paratu zen Aresti eta gizon-emakumeekin dago Bulkada. Arestiren ahots poetikoak etika langilea (gizonena) eta estetika kristaua (jainkoena) nahasi zituen, euskal poesian inoiz ikusi gabe geneukan maila literarioarekin. Jon Benitoren poesia are zibilagoan, dena da gizonena eta emakumeena, lagunena, kideena, berea, zurea, geurea. Ez profetikoa, ez iluminatua, berea den ahots propio batekin hartzen du Arestiren lekuko literarioa.
Bide horretan esanguratsua da aitarenetik geurea defendatzera garamatzan Nire etxea poema hunkigarria. “Hemen apurtu ziren / ene frakak / ene ilusioak ere” idatzi zuen Arestik, “hemen bizi naiz, hemen geratzen dira esandakoak, hemen gaude gaudenak eta joanak” idatzi du Jon Benitok. Artearen elitismo absurdoek uste duten guztiaren kontra hemen eta gu eta halako hitzak dira erabiltzen zailenak eta errealitate ebidenteak dira interesgarrienak. Horretan asmatu zuen Arestik eta horretan asmatu du Jon Benitok ere.
Aitarena ez, etxea geurea da orain
Denbora pasa da, zer esanik ere ez dago, Gabriel Arestik bere poesia egin zuenetik Jon Benitok berea argitaratu duen arte. Denbora horretan borroka armatuaren zikloa sufrimendu latza ekarri du aitaren etxera. Ez dira prakak apurtu diren gauza bakarra. Otsoen kontra egin dute askok, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra. Aitaren etxea defenditzea gogorra izan da. Bidean asko galdu da baina zutik dirau etxe batek. Arestik aitaren etxea deitu zion, Jon Benitok “nirea” deitu dio, eskubide osoarekin.
Hau ez da trikimailu bat, hau mailu bat da
Poema ederrak daude Bulkadan. Miresgarriak. Baina are miresgarriagoa da liburuaren mekanismo poetikoa. Begien aurrean dago eta ia ez da ikusten. Elegantzia hori omen zen Billy Wilder zinegilearen esanetan Ernest Lubistch maisuaren ukitua eta ukitu hori dauka, horretan ez dago zalantzarik, poema-bilduma honek.
Aipatu ditugu bere trikimailuetako batzuk, denak tranparik gabekoak. Esan dugu nola pasatzen den lehen pertsonatik bigarrenera eta hirugarrenera, nola hunkitzen eta konbokatzen gaituen bidean. Kontatu dugu nola harrapatzen gaituen enpatiaren tresnekin, haurtzaroaren kontakizunetik hasita. Esan dugu lehen lerroan begietara begiratzen gaituela eta hortxe harrapatzen gaituela bukaeraraino. Ez dugu kontatu baduela azken tranpa bat.
Nire etxea poema irakurtzen dugunean eta poetak “hau da nire etxea” esaten dugunean konturatzen gara zeremonia poetiko guztian poetaren etxean egon gara, gutasun ariketa poetiko efektiboari esker geurea dela pentsatu dugun arren -poetikoki geurea izan delako-. Artefakto emozionalaren barruan egon gara denbora guztian. Eta ez gara konturatu. Horretaz jabetzeko aukera ematea da poetaren azken zintzotasun ariketa. Edo azken-aurrekoa hobeto esanda. Azkena hasierara itzultzea da eta bere libertatearen esanahia komunitate baten barruan kokatzea. Bestela ez du zentzurik, bere literaturak ere, bere poesiak ere, zentzurik ez duen bezala inork irakurtzen eta bere egiten ez badu. Gu poetikoa eta literariora, komunitarioa eta poetikoa bakarra baitira.
“Historia hau nirekin amaituko da / eta orduan jada ez da nirea izango / ez bada zurea eta gurea / garai bateko jendarte batena”.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres