« Lurrari atxikia | Aitortu gabeko aitortza »
Basa / Miren Amuriza / Elkar, 2019
Zapalduaren orroa Hasier Rekondo / Deia, 2019-06-08
Miren Amurizak (Berriz, 1990) 20. Igartza Beka lortu zuen lehen eleberri honekin. Mundu baten amaiera onartu nahi ez duen Sabina Gojenola zauritu, bortitz eta suminduaren bizitza kontatzen du estreinako nobelan. Altzerreka baserrian gotortutako animalia basatia dugu Sabina. Egia esatera, liburua irakurri baino lehen, aurreiritzien bideak asmaezinak baitira, istorioak ez ninduen askorik erakartzen. Gure baserrietan girotu errealismo magikoaren enegarren entrega ote zen opera prima hau ere?
Ez da horrela inondik inora, Amurizaren baliabide narratibo finei esker, ingurune latz batean bizirauten ari den eme baten harremanen sareen berri ematen digu nobelak. Idealizazio ororen aurkako desegituratze narratiboa planteatzen digu Amurizak. Amurizak, xede horretarako, bi bide jorratu ditu nagusiki. Linealtasunetik ahalik eta gehien urruntzeko teknika landua eta deskribapenetarako irudiak erabiltzeko trebezia naturala. Hiltzen ari den mundu horren berri emateko, arkeologo baten jakituriaz ezagutzen duela agertzeaz gain, tour de force ikaragarri teknikoa burutu behar izan du. Beka bat baino zerbait gehiago da lan hau.
Izan ere, liburua lau plano narratibotan osatua izateaz gain, iruditeriak eta hizkuntzaren erabilera apartak gorentasuna ematen baitiote antzua gerta zitekeen gaiari. Esan bezala, narrazio lau plano ezberdinetan egituratzen da. Batetik, Sabinak jasan operazioaren ondoren baserrira itzultzen denean abiatuko den narrazio nagusia. Bestetik, protagonistaren off ahots gisa funtzionatzen duen Sabina beraren burutaziorik gordinenak letra etzanez emanak. Betiere, inguruan dituen familiako kideen aurka jaurtia. Horrez gain, eta sarri narratiboki arrisku handiak hartuz, Sabinaren iraganera eta haren sufrikario guztien iturri izan diren bere bizitzako pasadizorik umiliagarri eta mingarrienen berri emateko hirugarren haria. Eta azkenik, Alfred Hitchcock-en Rear Window ikoniko haren protagonistaren rola hartuko duen Lurdes auzokidearen, Mario haren senarrari zuzendua, begiradapeko eszenak bilduko dituzten txatalak, epilogo estetiko gisa aurkeztuak.
Ustezko matriarkatu asmatu baten kontrako alegatua ere bada nobela. Sabinaren pertsonaiaren eraikuntzan argiro agertzen baita, haren seme-alaben portaeran eta Lurdes auzokide hippy-an pertsonifikatu edulkoratze guztiak, modernitate txepelaren kontrako aldarrikapena.
Lehen irakurketa batean kontrakoa lirudikeen arren, Sabinaren indar-agerraldia, operazioa jasan ondoren bere ahuldaderik fisikotik emanda bada ere, ez da erreala. Gizakien onarpenaren zain dagoen basapiztia baita Sabina. Itxuran basati denak besteak zapaltzea, animaliak salbuetsita, izango du irtenbide bakar, deseperatuki bada ere. Aspaldi zendutako Fidel senar ohiaren fideltasun ezaren aurka, haren anaia Henry indiano elbarrituaren zaintzaren zama hartu beharraren aurka, haur zenean familia dirudun baten aldetiko umiliazioaren aurka, gizarte ororen bortizkeriaren aurka… Basapiztiak orroa du terapia.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez