kritiken hemeroteka

8.763 kritika

« | »

Deklaratzekorik ez / Beñat Sarasola / Susa, 2019

Aitortu gabeko aitortza Estibalitz Ezkerra / Gara, 2019-06-08

“Marroirik” ez zuela eta lasai ibiltzeko esaten zioten Beñat Sarasolaren “Deklaratzekorik ez” nobelako protagonistari kale borrokan eta oro har borroka armatuan bera baino eskarmentu eta inplikazio handiago zuten bere lagunek, eta hala ere poliziak atxilotu eta torturatu egin zuen, baita ziega batean egun batzuk pasarazi ere. Istorioa abiatzen denerako urte batzuk igaro dira ordutik; protagonistak mantentzen du garai hartako lagunekin nolabaiteko harremana, hilean behin haietako baten txokoan antolaturiko afarien bidez gehienbat, baina erabat aldenduta dago politika mundutik. Historian doktore tesia amaitu gabe utzi eta oposizio bidez udal liburutegi batean plaza lortu ostean, bizimodu lasaia eta akaso baita aspergarria ere darama orain.

Nobelan zehar protagonistaren atxiloketa garaiko gertaerak gaur egun daraman bizimoduarekin tartekatuta azaltzen dira, iraganak orainean duen eragina nabarmen utzita. Kontua ez da bakarrik Euskal Herriko giro politiko nahaspilatsuarekin izandako harremanak psikologikoki markatuta utzi duela. Protagonistaren kezka nagusia da bizitza anonimo bat eramateko urratsak eginda ere iraganetik askatzea ezinezkoa dela, erabat polarizatu eta politizaturiko gizarte batean jarrera malgutasunik —are gutxiago errotiko aldaketarik— ez baita onartzen, eta goiz ala berandu ate joka ari dira ustez atzean utzitako gertaerak zein pertsonak, kontu eske. Bukatzera iritsi ez zen arren oraindik ere oso presente duen trebakuntza akademikoari tiraka, Euskal Herriko pentsaera eta jarrera politikoen gainean hausnartu egiten du protagonistak, eta bere hipotesia da karlismoak, doktorego tesian ikergai izan zuen gaiak, balio dezakeela euskal politikan eta, oro har, euskal gizartean hain erroturik dauden baina aitortu egiten ez diren ikuspegiak azaltzeko.

Protagonistaren gogoetok ez dira politika eta gizarte eremura bakarrik mugatzen; arte eremura ere zabaltzen ditu bere kritikak diskurtso jakin batzuk mobilizatu, arau bihurtu eta normalizatzeko orduan jokaturiko rolagatik. Hots, arteak ez du beti kontranarratibarik eskaintzen. Interesgarriena zera da, ordea: gogoeta hori nobela baten barruan eskaintzen zaigula, narratiba ofizialak bezala kontranarratibak ere bideratu, ikusgarri egin, eta aztergai bihur ditzakeen artefaktuan, alegia. Alderdi horretatik begiratuta, Harkaitz Canoren “Twist”-en (2011) eragina antzeman daiteke Sarasolaren lanean. Canoren nobelan justizia politikoaren faltan arteak eta oro har sormen artistikoak joka dezaketen rolaz luze eta zabal mintzo dira Lazkano eta Gloria, biek ala biek artearen eta literaturaren bidez indarkeriazko iragan traumatiko bati heltzeko, exorzizatzeko eta gainditzeko modua bilatzen duten bitartean. “Deklaratzekorik ez” nobelak antzeko planteamenduari jarraitzen dio protagonistaren eta Madrilera arte garaikidean masterra egitera abiaturiko Lucia bikotekidearen arteko solasaldiekin, baina kasu honetan protagonistak, “Twist”-eko Lazkanok eta Gloriak ez bezala, ez du obrarik sortzen. Aitzitik, nobelaren izenburuak adierazten duen bezala, protagonistak uko egiten dio ezer deklaratzeari, horrek aske bihurtuko duelakoan (jakina, gauzak ez dira hain sinpleak). Hala ere, “Deklaratzekorik ez”-ek jadanik egiten du aitortza lan hori, Saizarbitoriaren gizonezko pertsonaia eredua gogora dakarren protagonista traumatizatu duen (h)istoriaren hari guztiak agerian utzi, hark “pentsatu eta esaten ez [dituen] gauzak” (“Twist”-eko Lazkanori egindako keinu nabarmena) ikusgarri egin eta batere heroikoa ez den narratiba osatuta.

Azken kritikak

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak