« Kazetaritzaren argi-ilunak | Hamaika testu mundu berrirako »
Kabitu ezina / Aintzane Usandizaga / Elkar, 2019
Besteak Joannes Jauregi / Berria, 2019-05-26
Zortzi ipuin labur ditu Aintzane Usandizagaren lehen liburu honek, eta guztiak daude giroturik gaur egungo munduaren (ezen ez egunerokoaren) joanean. Egungo belaunaldi gazteari egokitu zaizkion zenbait tasun eta keria aletzen dizkigu, munduari eta bizimoduari aurre egiteko nahiak eta ezinak, ahalak eta beharrak. Norbere indibidualtasun subjektibotik kanpoko mundutxo arroztuak, kuadrillak, bikoteak, familiak. Besteak.
Zertzelada orokor horiek gutxi gorabehera ipuin guztiak bil ditzaketen arren, zaila da liburuari batasunik ematea, zeren orriotako kontakizunak askotarikoak baitira oso, eta gorabeheratsuak; apenas dagoen, alderdi formaletik behintzat, loturarik edo paralelismorik argumentuen, pertsonaien, narratzaileen artean. Ipuin ugaritan (edo ia denetan) dago zerbait ez duguna ulertzen (ez guk eta ez protagonistak, batzuetan), eta ez ulertze horrek akuilatzen du istorioa bera. Arrozte sentsazioa areagotzen du horrek, baina nago efektu hori zentzu narratiboa pixka bat baztertzearen (edo nabarmen kaskartzearen) truke lortzen dela. Irakurlea klimax baten faltan geratzen da ipuin batzuetan, orriak faltako balira bezala (Ovi, adibidez); beste batzuetan, horrez gain, baliteke betelan gehitxo ere egotea (Hamar urte barru, adibidez). Desorekak eta gorabeherak dira nagusi; batzuetan nolabaiteko intimismo baterantz lerratzen dela ematen du, eta beste batzuetan irudi ia kafkiarren bat dugu ipuinaren epizentro, edo josteta estetikoren bat, bestela, Borgesen erako identitate-joko ez guztiz biribilduren bat. Ezaugarriok ez dute noranzko argirik, eta, propio pentsatuak eta gutxi gorabehera arrakastaz gauzatuak egonagatik ere, espazio murritzegia dute behar bezala garatu eta arnasarik hartzeko.
Haatik, Usandizagaren kontagintzak baditu ipuingile onen ezaugarri zenbait: trebeki erreparatzen die girotzearen parte diren xehetasunei, eta behar bezala josten ditu. Era berean, xehetasunok ongi uztartuta daude gogoeta orokortzaileekin, halako moduz non batzuek besteak indartzen dituzten, eta ez ahultzen. Pena da, hortaz, balio hori lausotu xamarrik geratzea, ezkutuan bezala, distira gehixeago egingo bailuke baldin eta ezaugarriok zentzu narratibo txukunago batekin eta narratzailearen ahots zainduxeago batekin uztartuko balira.
Oro har, ipuin umotu gabeak iruditu zaizkit, gehixeago aprobetxa zitezkeenak, batik bat kontuan izanda zer-nolako bertuteak dituen gainerakoan Usandizagaren kontagintzak.
Halarik ere, bereziki azpimarratzekoak dira egileak kontakizun zenbaitetan marrazten dituen irudiak, zeinak arrunt indartsuak baitira, kasik ipuin bakoitzaren hasierako ilustrazioak bezain plastikoak. Estetikaren zentzu oso indartsu bat dute, gustukoak izan ala ez, eta garrantzi handia hartzen dute kontakizunetan. Halaber, nabarmentzekoa da animaliek (eta haien kontrako nolabaiteko indarkeriak) rol garrantzitsua dutela irudion zentzu estetikoan: txakur hil bat maleta batean galdurik, intsektuak zangotik gora sexu bitartean, arrainontzi bat lurrean txiki-txiki eginik, katuak torturatuz laketzen diren haurrak… Ipuinotako gai nagusietako bat Bestea izanik, iruditzen zait merezi duela gogoetatzea nola erabiltzen diren besteetan besteen diren horiek: gizakiz besteko animaliak, alegia.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi