kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Ipuin batean bezala / Joan Mari Irigoien / Elkar, 2002

Garai txarrak ipuinetarako Gotzon Hermosilla / Egunero, 2003-04-26

Joan Mari Irigoien oparo datorkigu azken aldion. 2000. urtean Lur bat haratago erraldoia (hitzaren esanahirik beteenean) plazaratu zuen, eta, geroztik, poesia liburu bat (Letra txikiaz bada ere, Elkarlanean, 2002) eta hemen hizpide dugun Ipuin batean bezala eleberria kaleratu ditu. Oparotasuna ez dago oso ondo ikusia euskal letren mundutxoan, berriki Xabier Mendigurenek salatu duenez. Badirudi asko idazteak txarto idaztea dakarrela ezinbestean, batzuen aburuz. Aurreiritzi txatxua, txatxurik izatekotan; gaur egungo euskal literaturaren panoraman idazle askok frogatu dute asko eta ondo idaztea ez direla bateraezinak. Gehiago esatera ere ausartuko ginateke: lanean etengabe jardutea da idazle batek sasoian egoteko duen bide bakarra, eta egungo gure idazlerik onenak emankorrenak ene badira, salbuespenak salbuespen. Horra hor baieztapen potoloa, horrelakoak gustuko dituztenentzat.

Ipuin batean bezala irakurri duten hainbat lagunekin hitz egin dut (gehien-gehienak, Irigoienen zale amorratuak), eta guztiei gustatu zaie. Liburuaren zenbait pasarte irakurriz negar egin duenik ere ezagutzen dut. Nik, ordea, ezin gauza bera esan, eta gehiengoaren iritziaren kontra paratzeak beldur pixka bat ematen du, baina beti pentsatu dut literatura (munduko gauza gehienak bezala) guztiz subjektiboa dela, eta irakurle batentzat baliorik gabekoa dena guztiz baliagarri suerta daitekeela beste irakurle askorentzat. Beraz, iruzkin hau irakurle soil baten iritzi xumea besterik ez da, eta horrela hartu behar da. Zuetako askok, ausaz, topatuko du eleberri honetan non gozatu eta zertaz ase.

Amodioaren indarra

Amodio istorio bat kontatzen digu Irigoienek, Sara eta Anderren arteko amodioa, alegia. Sara drogaren zulo beltzean erori ostean bizipoza berreskuratu ezinik dabilen neska da; Ander, aldiz, Sararen medikua, hartaz maiteminduko dena. Amodioaren loriak (Lou Reedek esango lukeen moduan) galdurik eta alderrai dabiltzan bi arima horiek salbatuko ditu, hiesaren mamuak euren ibilbidea zapuztu arte. Baina amodioa oztopo guztiak baino indartsuagoa da, eta heriotza bera ere gaindi dezake: hori izango litzateke nobela honetatik ateratzen den ondorioa.

Drogarena arazo korapilatsua da, eta ez dut uste horretan Irigoienek asmatu duenik. Sara zainak zulatzen hasten da orduko bere mutil-lagun drogazalearen gainbeheraldia ikusita, eta haren patua beretzat ere nahi duelako; sentitzen dut, baina azalpen hori topikoa eta sinesgaitza begitantzen zait. Hortik aurrera, Sarak drogan barna egindako ibilbidea ostentzen zaio irakurleari. Horren azalpena liburuan bertan topatzen dugu, bi pertsonaia nagusien ahotan: drogaren infernua ezin da azaldu, norbere larruan bizi ezean ezin da ulertu. Beraz, alferrikakoa da azalpenetan luzatzea. Baina hori izan beharko luke, nire iritziz, idazlearen lana: norbere larruan bizi ez dena ulertzen laguntzea. Eta nobelak porrot egiten du horretan.

Irigoienek ederto ezagutzen du bere ofizioa, eta liburuan badago pasarte gogoangarri ugari, barna lehen aipatutako hutsuneek dezente zamatzen dute istorioaren garapena. Eta uste dut horren atzean sumatzen den kutsu moralista urruna eta irensteko gogorra egingo zaiola irakurle mota jakin bati.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak