kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Basa / Miren Amuriza / Elkar, 2019

Sena, adorea, sendotasuna Iratxe Esparza / Gara, 2019-05-25

Miren Amurizak argitaratu berri duen eleberrian Sabina Gojenolaren istorioa kontatzen da. Altzerreka baserriko itzalak eta ahaztu ezin diren gertaerak gordelekuetatik ateratzean, protagonistaren errealitatearen oinarriak kolokan jartzen dira eta Sabina emakume setati eta indartsuak baserriko zeregin guztiak bere gain hartzen ditu ohiturei aurrez aurre eginez, kosta ahala kosta. Horrela deskriba liteke Sabinari buruz hautematen dugun lehenengo irudikapena; alabaina, Amurizaren abileziari esker, hasieratik testuak askoz gehiago promesten du. Bidean utzitako aztarnak fintasunez jarrita daude irakurleak arretaz topa eta erlaziona ditzan.

Etengabeko presiopean bizi da Sabina, etengabeko pentsamenduaren jarioan, atsedenik gabe, beti norbaiten menpean. Zapalkuntza horrek nortasuna zorrozten dio eta pertsonekiko mesfidantza sentitzera bultzatzen du. Baina, eleberriaren trama erraza eta argia bada ere, azalean korapilo handirik gabekoa, irakurlea harrapatzen du eta Amuriza jakin-mina baretzeaz arduratzen da Sabinaren iraganeko une erabakigarrien dosi txikiez hornitzen gaituen bitartean.

Bestalde, azpimarratzekoa da liburuaren egiturako lau plano ezberdinak osagarriak direla Sabinaren pertsonaiaren eraikuntzan. Batetik, auzokide zelatariaren —Lurdes— hitzak ditugu senarrari —Mario— zuzenduta eta testutik, hots, istorioaren gorputzetik, espresuki bereizita. Beste maila batean, kontakizuna bera daukagu, kronologikoki antolatuta, Sabina operatu eta baserrira itzultzen denetik amaierara arte. Hirugarrenik, letra etzanez desberdinduta narrazioaren barruan, protagonistaren bat-bateko ateraldiak daude lehenengo pertsonan adierazita; protagonistak esperimentatzen dituen amorrua, zahartzaroak eragindako ahultasuna edota bizitzari eusteko gogoa iradokitzen dituzte eta, aldi berean, liburuan pixkanaka-pixkanaka Sabinarekiko hurbiltasuna areagotzen da. Laugarrenik, bidegurutzeak topatzen ditugu, iraganeko eta orainaldiko Sabinaren istorioaren arteko tenkak dira, iraganeko gertakizun zehatzak, ederki txertatuta dauden lapsusak. Horiek ere Sabinaren portaera konprenitzeko gakoak dira, berarekin enpatia sentitzeko akuiluak, alegia. Ez da zeregin erraza lau mailak neurritasunez uztartzea, baina, Amurizak haien arteko loturaren bidez, benetako Sabina ezagutaraztea lortzen du.

Beste osagai aipagarri bat irudiek daukaten indarra da. Hitz zehatzak erabiliz, idazleak trebeziaz deskribatzen ditu eta testuaren zirrikituetan igartzen den tentsioa mantentzeko baliagarriak dira. Espazioko xehetasunek izugarrizko zama sentimentala daukate eta Sabinak oroitzapenei heltzeko haietan jartzen du arreta; hala, bizitza osoa markatzen duten jazoera mingarriak eguneratzen ditu.

Zentzu handi batean, emakume askok osatzen dute Sabinaren pertsonaia eta guztiak egotzi zaizkien tasunetatik ihes egiteko nahian dabiltza. Esentzialismotik urrun, eleberriak askotan idealizatu den nekazari giroa eta emakumeei emandako funtzioak eta betekizunak islatzen ditu, euskal matriarkatuaren idealizazioarekin apurtuz eta Euskal Herriko baserriko emakumearen inguruan sortutako iruditegia deseraikiz. Nahiz eta fisikoki familia gertu izan, Sabinak bere baitan nabaritzen eta aitortzen ez duen bakardadeak zulatzen gaitu. Baserria, koinatua eta seme-alabak zaintzearen gehiegizko ardura arrangurarik gabe onartzen bizi da, ohiturei fidel. Funtsean, aldiz, sendatu ezin den zauri urratzaile bat dago Sabinaren bihotzean, zauritu duten basurdea da Sabina eta, piztiak bere burua harrapatuta ikusita, ahal duen guztia egiten du irtenbidea bilatzen saiatzeko, duintasunez, beti ekiteko prest.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak