kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Itsas bizimina / Pello Otxoteko / Balea Zuria, 2019

Apaldiak Igor Estankona / Argia, 2019-05-19

Balea Zuria argitaletxean agertzeko aski kresaltsua, sakona eta urdina da Itsas bizimina (2019), itsasozale batek idatzitako poema liburu ezin zabalagoa. Ortzemuga urrunetara darama gizaki normala, eta gizaki normala epopeia baten parte dela erakusten digu. Pello Otxotekorekin (Irun, 1970) solastu naizenean edo bere aurreko liburuak hartu ditudanean —Haraindiko begiraden bila urrun hura (Bermingham, 1999), edo Goizalbaren argitan (Erein, 2007), edo Anphora baita (Alberdania, 2010)—, edo bestela kritikak irakurri izan dizkiodanean Egan-en edo beste inon, beti begitandu zait poeta bat zehatza, hizketaldi naroduna, leuna eta neurritsua. Ederra egin zait berriro kausitzea Otxotekoren idazkera hitz bakoitzari begiratua. Apalaren ahapaldiak itzuli izan balira legez sentitu naiz atzera.

Liburua heriotzari egindako kantu antologiko batekin hasten da, non festina lente doan gai beti pisutsu hau, non burdina bera ere arina bihurtzen baiten olatuen indarraren pean. Likidotu egiten da guztia: “Eta sarrailarik gabeko atean murgilduz/ keinu bat egingo dizut/ ainguraren norabidea bidelagun izan baino lehen…”.

Azken erreferentziatzat har genezakeen Anphora baita-ren ildotik Itsas bizimina ere norbere buruari egindako galderetatik abiatzen da segurantzen eremu beti labainkorrera, eta duda zein helduleku falta liburuaren beraren grazia eta gatza dira: “Bizitzaren ur-begi garbiak/ zinezkotasunaren xirripari maiz/ muzin egiten dio,/ izakia eta egia bateraezinak bailiran./ Eta guk oraindik heldulekurik ez”.

Abstraktua dena hartu eta forma eman, hara hor Pello Otxotekok bere gain hartu duen alferreko lana. Eta hala ere, lan hori aurrera zelan daroan ikustea zirraragarria da: “Neu naiz/ ene izurritea/ ene gangrena/ ene minbizia/ eta ene izatearen bizi-mina”. Pello Otxotekoren poesia dekantazio bat da irakurtaldi guztiena. Bizitako egun bakoitzaren marka ere bai. Espirituala, folosofikoa, lirikoa da bere pentsakera. Eta bere pentsakera poemetan bilduak beste eite bat hartzen du. Erretratu bat eraiki du oraingoan sufritu eta barre egiten duen gizakiarena. Bertan agertzen gara guztiok. Ez da poesia bat abangoardiakoa, ez da emozioaren puruz bihotzera iristen dena. Apurka apurka irabazten zaituen poesia-modu ia ahaztu bat da, aho-zapore gozo bat uzten dizuna eguneroko zeregin unibertsaletara itzultzen zarenean.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak