« Bakardadeaz | Apaldiak »
Hezurren erretura / Miren Agur Meabe / Susa, 2019
Nobela bat tesela Peru Iparragirre / Berria, 2019-05-19
Miren Agur Meaberen Hezurren erretura (Susa, 2019) liburuko pasarte askok utzi didate korapiloa sabelean. Ezaxola uzten ez duen liburua dela esaten ausartuko naiz. Asteon aurkeztu du Meabek, eta hasieratik esan liburuko hogeita bat narrazioak nobela baten batasunarekin irakur daitezkeela. Narrazio guztiak (batzuk besteak baino gehiago, esango nuke) dira autonomoak, guztiek dute beren kasa irakurriak izateko besteko osotasuna, baina zentzu osoagoa hartzen dute, zalantzarik gabe, liburuaren barruan. Ez daude alferrik elkarren ondoan eta ordena horretan emanak.
Meabek orain dela sei urte argitaratutako Kristalezko begi bat (Susa, 2013) nobela irakur daiteke, bere horretan duen garrantzia kendu nahi izan gabe, liburu honen aurrekari gisa. Nobela hartako hainbat erreferentzia atzera topatuko ditu irakurleak Hezurren erretura-n, adibidez, eta hein batean baita protagonista-narratzaile-idazlea ere, Kristalezko begi bat liburuaren azkenburuko atalean zera dioena: “[…] pertsonaia bihurtu naiz orriotan, ezinbestean: ni neu izanik ez naiz neu erabat (nahita edo nahigabe)”. Iruditu zait Hezurren erretura-n harago doala pertsonaia bilakatze hori, dagoeneko ez dela autoimitaziozko kontaeraren ondorioa, baizik eta bilatutako zerbait, findutako zerbait.
“Ba zuk ez irentsi [hezurrak], erre baino, lorezain horren moduan…” diotso Gratis et amore narrazioan pertsonaia batek protagonistari. Agerikoa eta nabarmena da liburuaren izatearen arrazoietako bat, liburuari zentzua ematen dion narrazioa, narrazioetan zehar berresten doana: “Aldian-aldian erretura egin beharra gertatzen zaigu, onuragarria behar lukeena kalterako izan ez dadin”, kontrazaletik hartutako hitzak dira. Erretura hori idazketaren bidez gauzatzen da liburu honetan. Erretura aurretik pilatu egin behar, ordea, erre nahi direnak. Horra liburuaren mamia.
Asmo ageriko hori betetzeko bidea da literatura, eta Meabe idazle bikaina da, beste behin ere erakutsi duenez. Idaztea da erreturaren prozesua bera eta emaitza, liburu hau zu bizia eta ongarria. Haurtzaroan hasi eta gaztaroraino doa narratzaile protagonista hainbat hezur pilatzen (behin hasita zaila da baztertzen metafora —ez hain metaforikoa—). Bizitzaren lehen zati horretako kontakizunei tartekatzen zaizkie helduarokoak, liburuaren idazketaren garaikide ere badirenak. Idazketak berak garrantzi handia hartzen du liburuan zehar, baina ez enpo egiteko beste, narrazioek eskaintzen duten askotarikotasunak orekatzen baitu metanarrazioa. Askotarikotasun horretan, eta denboraren eta espazioen ugaritasunak lagunduta, narrazioetako protagonista biderkatu egiten da, zabaldu, nolabait. Liburuari arnasa emateaz gainera, narrazioei urrunago heltzeko aukera ematen die, irauli gabeko harririk ez uzten.
Bizitza izan daitekeen edo irudi dakigukeen bezain gupidagabea da batzuetan liburu hau. Batzuetan diot beti ez esatearren. Gupidagabea bere gardentasunean, bere tragikotasunean. Niretzat, goia jotzen du Teselak narrazioarekin, nahiz eta gero ere badatozen atal gogoangarriak, durduzagarriak. Hain zuzen ere, teselez egindako mosaiko baten gisara irakur daiteke liburu hau: zati txikiz osatuta garai bat, belaunaldi bat, bizimodu bat erakusten duen paisaia bat bezala.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez