kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Neguko argiak / Irati Elorrieta / Pamiela, 2018

Bakardade jendetsuak Ibon Egaña / Deia, 2019-02-16

Bere lagun Martaren pausoen atzetik, Paristik Berlinera doa bizitzera Añes, hark aurkitu dion etxebizitza batera. Apartamentua txukuntzen ari direla, hormako papera erauzten hasi eta paretan arkatzez idatzitako mezu enigmatiko batekin egin dute topo. Horrela zabaltzen da Irati Elorrietaren bigarren nobela, eta pasadizoak, balizko enigmaz haraindi, zentzu sinbolikoago bat ere badu, nobelaren funtsa hein batean biltzen duena. “Hiria testu bat bada, nola irakurtzen dugu?” galdetu zuen behin Joyce Carol Oatesek eta ideia horren inguruan jositako nobela da Neguko argiak, hiria -kasu honetan Berlinden testu hori irakurtzeko gonbita, gogoan hartzen duena hiri bakar batean denbora-geruzak agertzen direla hormak harramazkatuz gero.

Marta eta batez ere Añes ditu protagonista nobelak, Berlinen bizi diren euskal herritarrak, eta haien bidez eta haiekin gurutzatzen diren pertsonaien eskutik irakurtzen du Elorrietak Berlin, eta neurri txikiagoan Paris eta Uribe Kosta ingurua. Badu zer esanik espazioak nobela honetan, hiri-geografiak batik bat, baina kanpo-espazioak baino are esanguratsuagoak dira etxe barruko giroak, partekatutako sukaldeak, komunak edo oheak, espazio horietan sortzen diren konplizitate eta sareak. Hiria irakurtzea batez ere bertako biztanleez hitz egitea baita, Añes eta Martaren inguruan joanetorrian dabiltzan pertsonaien eskutik jasotzen du Berlineko giroa eleberriak.

Deserrotzea partekatzen duten pertsonaia horien biografiak eta istorioak ugari dira, hogeitik gora bai baitira sartu-aterean dabiltzan lagunak. Hari eta pertsonaia batzuk beste batzuk baino garatuagoak dira ezinbestean, baina beren aniztasunean badituzte nolakotasun komunak, egungo hiriko bizimoduaren pultsua jasotzen dutenak: bakardadea, zaurgarritasuna, edo behinbehinekotasuna, besteak beste. Era berean, mota bateko edo besteko biolentziak intentsitate-maila ezberdinez ukitutako bizitzak dira nobelan jasotzen direnetako ugari (emakumeenganako biolentzia psikologikoa, gerren ondoriozko erbesteratzea, etxe-kaleratzeak, besteak beste), eta eleberrian zehar sortzen diren adiskidetasun-harremanak prekarietate eta biolentzia horiei aurre egiteko modua dira sarri. Kontraste horixe egin zait nobelako elementu hunkigarrienetakoa, bakardadeari, indibidualismoari aurre egiten dioten sare hauskor horien kontaketa. Izan ere, ez nuke esango, topikoak dioen bezala, hiria denik nobelako pertsonaia nagusia, aitzitik, pertsonaien barne-gatazka eta sentimenduetan arakatzen du Elorrietak batez ere, eta orduan lortzen du, nik uste, irakurlearengana iristea.

Giza-harremanen kontaketan bezala, eszenak sortzen bereziki abila iruditu zait Elorrietaren luma. 44 kapitulu labur ditu nobelak, eta eszena labur ugarirekin egindako muntaketa trebea da liburua, erraza baitzatekeen bidean hariak katramilatzea. Une eta eszena domestikoak ikusi egiten ditu irakurleak, entzun, are usaindu, zinematografikotik baduen begirada baten bidez. Intriga handirik behar izan gabe, oraingo eta iraganeko eszenak elkarrekin josiz, aurrera egiten du nobelak, eta gozo iristen da amaieraraino irakurlea, jende-saldo baten bizitzen konpainian egon izanaren irudipenarekin.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak