kritiken hemeroteka

8.767 kritika

« | »

Fakirraren ahotsa / Harkaitz Cano / Susa, 2018

Fakirraren ahotsa Aritz Gorrotxategi / El Correo, 2019-02-16

“El hombre que amaba a los perros”, Leonardo Padurarena, Trotsky eta Ramón Mercaderri buruzko nobela bat da. Benetako izen-abizenak agertzen diren arren, irakurleak badaki fikzioa dela, gauza batzuk asmatuak direla, eta, beste batzuk, benetako gertaeretan oinarritutakoak. Robert Gravesen “Ni, Claudio” ezpal berekoa da, ondo dokumentatutako nobela historikoa, nola den, baita ere, Margarite Yourcenarren “Hadrianoren oroitzapenak”. Irakurleak badaki fikzio baten, berreraikitze hipotetiko baten aurrean dagoela, baina badaki, halaber, atzetik benetako gertaera eta pasadizoak daudela. Yourcenarren liburuaren aipuak dituen Harkaitz Canoren “Fakirraren ahotsa” egiazko hainbat gertaeratan oinarritutako fikzioa da, baina, kasu honetan, asmatutako izenekin (ez denak). Imanol Larzabalen biografia moduko bat da, baina protagonista Imanol Lurgain deitzen da. Hasiera-hasieratik, ordea, garbi ikusten da Donostian jaiotako kantaria dela ardatza. Eta, hala ere, ez da Imanol.

Sendo hasten da nobela, kantagintzan emandako lehen pausoekin, militantzia garaiarekin, Pariseko egonaldia, orduko giroa eta kultura-ezaugarriak, pertsonaiak… Hortik aurrera, fikzioa eta errealitatea elkarren ondoan josita agertzen direnez, ur handitan sartzea tokatzen zen, eta irudipena dut nobela apur bat hanka puntetan pasatzen dela benetan garrantzitsuak eta tragikoak diren zenbait pasartetatik. Adibidez, Yoyes-Arakisen heriotzaren kasuan. Itxuraz poetikoa geratu nahi zuen pasartea indar gutxikoa eta errepikakorra iruditu zait. Gertaera tragiko eta gogorra izan zen, dramatikoki zuku handikoa, eta, nobela irakurrita, inork ez luke esango emakume hari tiro bat jo ziotenik buruan semea ondoan zuela. Martuteneko ihesaldiarena ere azpimarratzekoa da. Proposatzen den bertsio baten arabera, badirudi Imanolek ez zekiela ezer, eta, ondoren, tragoak debalde hartzeko, harrokeriaz kontatzen zuela pasadizoa. Nik dakidala, ez zen horrela izan, baina, tira, fikziozko pertsonaia batez ari gara, nahiz dena ez den fikzio. ETAren mehatxuari dagokionez, une batean iradokitzen da Imanolen beraren paranoiak izan zitezkeela, edo alkoholismoak eragindako haluzinazioak. Aipatzen dira, bai, pintadak, mehatxuak eta erretako postontziak, baina, kontaketan, dena abeslariaren irudimenean dagoela ematen du.

Bestalde, nobelaren hainbat pasartetan gehiago entzuten da idazlearen ahotsa fakirrarena baino, eta idazlearen ahotsak badu dezente narratzaile orojakiletik (are epailetik ere, agian). Gogoeta bikain asko ere badaude gai ugariri buruz: Donostiari buruz, bizitzari buruz, minari buruz, guraso izateari buruz, denboraren gurpilari buruz, musikari buruz… Azken horiek iruditu zaizkit interesgarrienak, batez ere basoan oreina arren marrua entzutera doazenekoa edo noizbait edozein garaitako musika grabatu hala izango dugulakoa. Jean Pharos pertsonaiak joko handia ematen dio liburuari. Gogoetek, ordea, narrazioa apur bat malgutzen dutela iruditu zait. Agian, saiakera liburu hobea da “Fakirraren ahotsa” nobela baino. Musikari eta bizitzari buruzko saiakera mamitsua. Harkaitz artista handia da estiloarekin, hitzekin, esaldiak eta kontzeptuak bihurritzen, horretan ez du parekorik. Beti harritzen zaitu ia esaldi guztiekin, beti ateratzen die txinparta, eta badaki esaldi eginetatik ihes egiten, badaki harago joaten eta lur berriak esploratzen. Gaitasun paregabe horiek Imanolen biografia fikziozko batekin ondo ezkontzen ote diren, hori beste kontu bat da. Aukera zezakeen kantari bati buruzko nobela bat egitea, nahiz eta, atzean, Imanolen itzala han-hemenka nabaritu. Gaizki-ulertuak errazago usatzeko modua izango zen. Eta, bide batez, bere digresioei etekin gehiago ateratzekoa.

Zentzu horretan, galdutako aukera bat iruditu zait “Fakirraren ahotsa”. Esku ezin trebeago batzuen artean diluitutako aukera. Nago Imanolena bezalako bizitza eta garai batek Cercasek “Anatomía de un instante”n egindakoa eskatzen duela gehiago: egiazkoagoa izatea, benetako datuekin eta benetako izen-abizenekin, kontrajarritako iritziekin…

Azken kritikak

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak