« Zorion perfektua | Lekukotasuna »
Beldurra bera zaldi / Bixente Serrano Izko / Pamiela, 2002
Askatasunaren motorra Oier Guillan / Gara, 2003-04-12
Beldurra askatasun nahiaren motorra izan daitekeela, hari horretatik tiraka garatzen du Bixente Serrano Izkok Pamielak argitaratu berri duen saiakera. Ideia erakargarria, ederra hein batean, entzun orduko jakin-mina kitzika dezakeen abiapuntua.
Liburua irakurtzen hasi eta segituan ohartzen ahal da irakurlea ideia ugari eskaintzen dituela autoreak, ez dela doakoa bertako eskaintza. Arkatza eskuetan, liburuaren azpiataletan murgildu eta paragrafo batek baino gehiagok eskatuko dio irakurleari une batez gelditu eta esaldiak barneratzea, haien inguruan gogoeta egitea. Apika, irakurleak ez du saiakerak irakurtzeko ohitura handia izanen, baina liburu honetan erraztasunak topatzen ahal ditu, batez ere egitura aldetik, edukiaren sendotasunari inolaz ere uko egin gabe. Autoreak, saiakera zenbaitetan suma daitezkeen gehiegikerietan erori gabe, zuzen eta zehatz garatzen ditu ideiak. Edukiak, hiru zati nagusiez gain, azpiatal ugaritan banatuta daude, irakurketaren erritmoa nabarmen erraztuz. Aforismo, artikuluxka bilduma edo poema liburuen eraginpean kokatzen du hitzaurrean autoreak berak aipatu egitura; ene aburuz, modu eraginkor batean.
Erreferentziaz josirik dago liburua: Nietzscheren itzal luzea sarritan abiapuntu den moduan, badaude ere Joxe Azurmendi bezalako izen gertuagokoen ideiak edo pentsamendu klasikoaren oihartzunak. Guztiek lotura zehatza osatzen dute askatasunarekiko ideia eta kontzeptuen garapenaren amaraunean. Askatasunarekiko grina, beharra eta erakargarritasuna etengabe historiaren harian kausitzen ahal diren moduan, egun ere gaurkotasunez beteriko hitza dela suma liteke. Historian, edonola ere, paradoxa erabilera eta sentipen anitzeko kontzeptua izan dela suma liteke liburuan zehar. Historikoki gizakiak naturatik egindako ihesaren aitzin beldurra kausitzen ahal da; haren ondorioz, eta helmuga edo lorpen partzialetik at, askatasunerako bidean bertan omen dago kondenaturik aurkitzera berezko sentipena omen denaren zentzua.
Saiakera da eskuetan duguna, saiakera euskaraz. Balizko irakurleentzat oraino hutsunez, gabeziaz eta, batez ere, egiten denarekiko ez ezagutzaz beterik suerta litekeen generoa. Genero garrantzitsu eta potentzialki oparoa azpimarratuko nuke nik. Nolakoa ote da tankera honetako idazkien irakurlea? Nori zuzentzen zaio honelako argitalpen bat? Erantzun zehatz edo errazik izan ez arren, gogoetarako gonbita egiten duen gaia da saiakerarena inguru hauetan. Edonola ere, Serrano Izkok balizko irakurlegoaren eremua malgutzeko saio garrantzitsua egiten duela iruditzen zait, batez ere egitura eta tonu aldetik, betiere haien eta edukien artean oreka duina eskainiz. Liburu honetan irakurleari ez zaizkio sobera urrun geldituko erreferentziak, ideiak agertzeko moduak. Serrano Izkok zubi garrantzitsuak eraikitzen ditu tarteka askatasunaren inguruko ideien eta gaurkotasunezko elementuen artean, irakurlego zabalago batentzat klabeak izan daitezkeen keinuen bidez.
Ez dakit aipatutakoaren ildoan saiakera eta irakurlearen arteko zubia oinarri sendoetan sostengaturik ote dagoen, oraindik gehiago sakon eta zorroz liteke agian, baina, edonola ere, bide erakargarri eta aproposa delakoan nago, balizko saiakeren egiturei begira kontuan hartzeko modua.
Paradoxak eta ametsak, literaturaren labirintoan…
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi