kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Fakirraren ahotsa / Harkaitz Cano / Susa, 2018

Fakirraren ahotsa Txema Arinas / uberan.eus, 2019-01-18

Ezer baino lehen aitor dut Harkaitz Canoren azken liburua inoiz bukatu nahi ez nituen liburuotariko bat dela, eta hau guztiau oso aintzat hartuta zeinen erraz, arin eta atsegin irakurtzen den Fakirraren ahotsa egileak sobera erakutsitako maisutasunari esker, doi-doia takada batez. Halere, liburu bat bukatu nahi ez duzularik ageri da liburua ona dena halabeharrez. Horrek ez du izan nahi, ordea, irakurtaldi osoan zehar gazigozorik egon ez denik, hau da, liburuak emandako plazerra, bozkarioa ez da etengabekoa izan. Izan ere, Fakirraren ahotsak irakurri ahala atsegin eman beharrean sano atsekabetu egin nau hainbat pasartetan, maiz aztoratu ere. Zer dela eta? Imanol Larzabalena oso historia ezaguna baino asko eta askorendako oraindio ere pil-pilean dagoen zauri ireki bat delako, berdin dio haragitan maite zuten hurko anitzei zein kantetan maitatu genuen miresleoi minsor zaien.

Dagoeneko gehienok badakigu erabat ezberdindak direla El Cantar del Mío Cid erromantzeko Rodrigo Diaz de Vivar eta, esaterako, Richard Fletcher historiagileak idatzitako Cid historikoa. Harkaitzek ustez sortutako Imanol Lurgain pertsonaia aldiz, eta idazleak berak Donostiko liburuaren aurkezpenean kontrakoa argi eta garbi aldarrikatuagatik, ia ezinezkoa izaten da Larzabalengandik bereiztea. Balekieke bereizketa hori oso nabarmen izatea Larzabalek berak lagunmin izan zutenei, besteak beste Felipe Juaristi idazle ezagunari, beronek Euskal irratitik aitortu baitzuen ezin zuela Harkaitz Canoren nobelan aurkitu berak ezagutu zuen Imanol, liburuan hark bizitako gertaerak daudela, baina bere esanetan bertan agertzen dena ez da bera. Beldur naiz, ordea, gainontzekoak Lurgain eta Larzabal Imanon berbera direlakoan daudela nahitaez. Ezin da besterik izan, gehienok ezagun ditugun Imanol Larzabali buruzko gertaerarik nabarienak bertan agertzen baitira, Juaristik zintzoki nabarmendu bezala. Haatik, egileak gogotik sinestarazi nahi digu bere Imanol Lurgain pertsonai literario soila dela, gehien jota Imanol Larzabalengan oinarrituta; baina, idazle gehienek errealitatetik erauzitako euren fikziozko pertsonaiekin egin ohi duten bezalaxe, eredu zein estakuru fikzio garbia izan nahi duen istorio bat harilkatze aldera. Horrexegatik ere Harkaitzek egiazko pertsonaien izenak mozorrotu ditu, inork ezin diezaion esan beren Imanolen hau edo bestea zuzena ez zenik, oker dabilenik auskalo zertan, gezurretan ari denik. Libre nahi zuen Harkaitzek bere burua XX mendeko idazle ausartenek, saiatuenek greziar tragediako heroiak (Robert Musilen Ulrich edota James Joyceren Leopol Bloom, kasuko ) gogotsu irauli nahi izan zituzten bezala bere Imanolekin berdin egiteko asmotan. Horretarako, bere heroi propioa sortzeko, Canok Imanolen lagun eta ezagun mordoa elkarrizketatu dituela diost, hau da, irakurle gehienok inondik inora ezin jakin ditzakegun pasadizo edota datu saldoa bildu du pertsonaia zein istorioa gorpuzte aldera. Gauzak horrela, Imanol Lurgaini buruzko zenbait pasadizo kontatzen digunean beti susmoa izango dugu Larzabalena benetan propioa zen ala ez. Gauza guztiz arrunta zurea norbait ezagunengan oinarritzen duzula diozunean, nahiz eta etengabe gezurtatu susmoa betiere prest eta present. Horrenbestez, badago liburuan Imanol Lurgaini buruzko pasadizo aski harrigarria, “txanponaren txistearena” esango diot, hau da, egilearen hitzetan Lurgainek edonori eta edonon, doi etengabean, kontatzen zion txiste lizun, txar, oies bat, ez behin, ez eta birritan, hainbat aldiz bizpahiru orrialdetan barrena idazpidera ekartzen duena auskalo zer adierazi nahian Imanol Lurgainen nortasunari buruz. Imanol Lurgain/Larzabal bere garaiko gizonezko gehienen antzera txiste trauskil eta lizunak kontatzen zituela? Aparteko sentiberatasun baten jabe ei zen koblakaria funtsez matxista zikin bat zela, hau da, denen moduko gizonezko bat? Horra hor heroiaren desmitifikazioaren zantzua? Baina, benetan, hain garrantzitsua, premiazkoa, ezinbestekoa al zitzaion H.C.ri auskalo zein Imanolen ohiko zarpailkeria idazpidera ekartzea mitoa gizon dela kosta ahala kosta azpimarratze aldera? Eta horrela izan balitz, zergatik ez da molestatzen Imanolen ohiko zein orduko arrunkeria bere garaian kokatzen, hau da, artean denon artean berezko matxismo ustez xalo hura nagusi zenekoan? Gaur egun gaiaren gainean dagoen iritzi guztiz ezkor eta nagusia kontuan hartuta ez dakit nik oso debaldekoa ote den delako txistea horrenbeste aipatzea, hau da, pasadizoa ia-ia kategoria bihurtzeraino.

Baina bai, beharbada ezinbesteko zuen H.C.k bere heroia kosta ahala kosta artistaren zutoinetik kaleko gizonaren espaloira eraistea ezari-ezarian gauzatzen doan tragediaren nondik norakoen onerako, hau da, laster zerutik jaitsitako aingerua zeinen gizonezkoa zen, menturaz ez zentzurik onenean, betiere gogoratzeko asmoz, edo bestela esanda, taula gainera igo nahi duen tragedia borobiltze aldera.

Tamalez, eta guztiz kontrakoa dela behin eta berriz akordura ekarriagatik, Lurgain eta Larzabal etengabe gurutzatzen zaizkio idazleari liburua irakurri ahala, fikziozko zein egiazko kantarien bizipenak ez baldin badira berdinak, bai ostera bertsuak.

Akabo hire plazak, bere herriko plazan hil dutenean Arakis. (218 or.)

Gauzak horrela, ezin uko egin egiari, berdin da noraino mozorrotzen dituzun izenak zein pasadizoak, ez gaude fikzio baten aurrean, oso gertukoa zaigun errealitatearenean baizik. Denok dakigu Ainara Irazoki Amaia Zubiria dela (nire ustez liburuko pertsonai haragizkoena), Arakis Yoyes eta Lurgain Larzabal. Ez dago zorigaiztoko artista baten bizitzan oinarritutako istoriorik, historia berbera da, liburuko Imanol dohakabea gure Imanol da zenbait zertzelada edo nahita egindako oker alde batera lagata.

Lasaitzeko eskatu dio Fakirrak, ez dela horrenbesterako. Deus ez da aldatu, betiko lekuan daude haiek. ETAren alde, La Navaleko langileen alde, institutuko grebalarien alde abestu zuten lehenago, eta, orain, bizitzaren alde eta ETAren kontra abestuko dute, Arakisen alde. Hori delako duintasunak eskatzen duena. (218 or.)

Bada beraz biografia mozorrotu bat ustezko nobela baten aitzakiapean. Biografia bat non protagonista fikziozkoa omen den. Gezurrezko nobela bar edo alegiazko biografia ikaragarri ondo kontatuta Harkaitz Cano idazle aparta baita, benetan iaioa erregistro gehienetan, besteak beste eskura zuen materiala ikaragarri ondo erabili duelako etorkizunean beharbada zerutik jaitsitako aingeru/heroi baten istorioa bezala irakurriko den nobela bikaina. Azken buruan, nobela zerbait baldin bada errealitatearen simulazio askotan hobe bat izan daiteke.

Ederto jorratu egin ditu H.C.k Imanolen azken urte dohakabeak, hitz gutxitan ezin sotilagorik adieraziz hainbat gauza: Fakirra berehala ohartu da hura ez dela bere publikoa (285 or.) edo Fakirra bakarrik itzuli da Donostiara, autobusez (288 or.). Bestetzuetan, baina hau aitortzen dut nire uste ustela dela soil-soilik, edo subjektibotasunaren ajeak nolabait esanda, Fakirrak bere azken urteotan pairatutakoa oso motz azalduta begitandu zaidala.

“Gorroto dutenek ez diote barkatzen, beharbada, eta isilean egosten dute euren erresumina. Batez ere, ez diote barkatzen goizegi hil izana, barka-damuen sasoi epelaren aurretik. Batez ere, agian, ez diote barkatzen bere ozarkerian baiek baino ausartagoa izan izana: ahotsa altxatu izana Arakis hil zutenean, Troiako aldiaren txanponaren bestaldea erakutsi izana.” (323 or.)

Halere, badiot hori dela nire uste ustela, gustatuko zitzaidakeen Fakirra suminez mehatxatu eta isolatu zuten borreroek zein euren morroiek draman presentzia handiagoa utzi izana, batik bat azken honek pairatutako jazarpenaren ondorioak agerian behar bezala, egileak berak Fakirraren bizitzaren beste alderdi batzuekin, musikalarekin bereziki, egiten duen bezalaxe, lantzean behin Fakirraren patua berak hartutako erabakien ondorio soila edota bere nortasunaren ajeen morroi direla ematen baitu, hau da:

“Ez da inori txarrik opa diogunik, baina ezagutu genuenean zoritxarreko zen laguna, ezagutu genuenean konplexu baten eraginpean bizi zen laguna, ezagutu genuenean malenkoniaren kareletik etortzear zegoen laguna, hura, beti nahi genuke karikatura fosil, desesperazio puntu hartatik gertu disekaturik: haren zoritxarraren edo joera ezkorraren ispiluan ikusten ginen gu abantailan edo enpatiko, haren konplexuaren orbita neurotikoa uxatzea gustuko genuen neurri bateraino, malenkoniaren karelaren arriskuetatik alden zedin gure eskua irmo heltzeko eskaintzeak sentiarazten gintuen zintzo eta baliagarri haren ondoan” (279 or.)

Hau da, Fakirra nolabait beretarrengandik, “gutarikoengandik”, aldendu balitz bezala, bere kabuz, ia kapritxo hutsarengatik, hain tipo berezia zela eta. Edo bestela esanda, ozta-ozta artean ETAk euskal gizarteari inposatzen zion beldurrezko zapalkuntzak inolako eraginik izan ez balu bezala Fakirra bezalako hainbat eta hainbatek garai hartan hartutako erabakietan lehentasun moralak zirela kausa. Jakina, Harkaitz Cano orduko zurrumurrurik zekenenen berri ematera mugatzen da (Bada dioenik berak eginarazi zituela etxe atariko mehatxu pintadak bizi zuen egoera garbiago utzi eta biktima peto bilakatzeko. 293 or.) eta bai, nolabait ere salatzen duFakirraren tribuko asko eta askok izan zuten jarrera fidagaitza edota iraingarria; baina, berrito diot, motz begitandu zaizkit Fakirra biktima egin zuten borreroen zein euren morroiei buruzko gogoetak.

Baina ez, badakit egileari ezer eskatzeko eskubiderik ez dudala, berak liburua moldatu baitu bere kasa, libre, dotore, eta nire aburuz egiazko zein fikziozko Imanolek besteko argi-itzalak edukita ere ezin dut ukatu hasieran aitortutakoa, bukatu nahi ez nuela, aspaldi ez bezala astindu egin bainau onerako zein txarrerako, baita nire ustetan Fakirraren ahotsa, ezer baino lehen, eta H.Ck lehen ere Beluna Jazzekin ederto egin bezala, musikari baten biografia txit literarioa delako, edo nolabait esanda ere, Javier Menendez Flores kazetariak Joaquin Sabina, Dani Martin edo Rober Iniestari buruz egindakoak baino milaka aldiz txukun, zintzo eta batez ere ausartagoa. Azken finean, eta asko estimatzen dudan Nerea Arrien idazleak esan zidanez: “musikari onak bezala, partitura larregi aztertzen daudela konturatzean, sentsazioaz geratzen direnak”.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak