kritiken hemeroteka

8.767 kritika

« | »

Maitatu zure egunak / Pako Aristi / Erein, 2018

Enfasirik gabe leun Igor Estankona / Deia, 2019-01-19

Pako Aristiren azken aldiko poema liburu bakoitza aurrekoaren bidetik doa, beti aurrerago doa, sakondu egiten du ideia nagusi batean: ideiak eta pentsamenduak dira, hain zuzen, gure benetako izatea ikusten uzten ez diguten smoga. Berriro poemategi perfektu bat moldatu du material eternoekin.

“Geurekiko urruntasunak/ sorturiko zauriak/ gorputzean elikatzen dira,// eta munduan egotearen/ zirrara bera da/ ebakirik zornetsuena.// Zerbaiten barne izan nahia,/ eta zerbait gure parte,/ bizitza bat horren eske.// Bakardadea, aparra, oilarra/ inorenak ez direnean./ Izan dira, aski dute horrela,/ guk bezala”. Misterioa eta testuen biluztasuna

Desikasiz hurreratzen gaitu “Maiatatu zure egunak” honetan (Erein, 2018) Pako Aristik muinera. Eta muina da oraina, instantea. Zer daukagu, bada, horixe ez bada?

Natura ikusgarri eta amultsu bezain beldurgarria dakar Pako Aristik liburuaren hastapenean. Ikusi eta sentitu egiten ditu irakurleak idazlearen ikuskariak. Eta liburua aurrera doa gero haikuak ere ez diren hiru ahapalditako haiku faltsu horiekin, egia diotenak, bestalde.

Eta forma poetiko zahar horrekin, paradoxa bada ere, Pakok gaztigatzen digu gaurko egun hauek baino ez dauzkagula. Harago dagoela izango ez dena: “Unean eder zena/ higatzen baita gero”. Eta atzerago, ostera, izan ez zena: “Oroimen uste dugun oro/ ez ote asmatua,/ edo, nork daki,/ beste bizitzaren batetik/ iritsitako adabaki?”.

Nor edo nork pentsa lezake Pako Aristi elokuentea, politikoa, nobelagilea, Tao-ra emana jartzen dela poesiarekin. Baina, egia esan, diskurtsoan badago batasun bat, autoreak polemika maite duen bezala maite du ibaiaren ur geldia, gerra bezain beharrezko deritzo bakearen arteari. Biak dira bat, Sun Tzuk esango lukeen legez. Eta Pako Aristiri txinatarraren esaldi bat datorkio ondo, bere poesia definitzen du: “gudari zuhurra da irabazi bakarrik ez, gainera sinpletasunez irabazten duena”.

Sinpletasuna baita, eta ez beste ezer, obra honi batasuna ematen diona. Enfasirik gabe doa dena, diskurtso lasai eta eguneroko apunte itxuraz arrunten artean. Eta itxuraz arruntak diren gai prosaiko horiek dira hain zuzen emozio sakon bat eragiten dutenak: zeru bat, heriotza bera, bidezidor bat gauean ilargiak bustia… niri behintzat poema hauek bete egin dizkidate bihotz begiak, badute finezia bat maisuaren lumak bakarrik eman dezakeena: “Lehen loreak ere ikusi ditut,/ hiru lore lotsati/ San Anton mendiko/ bankuaren azpian/ (…) / Gaur denetik ikusi dut:/ Begiak bete dizkidan egun bat/ oparitu dit harridurak”. Lezioa hauxe litzateke, finean: “Maitatu zure egunak:/ laster desagertuko dira./ Maitatu zure orduak, minutuak,/ zeruak eta neguak./ Zu asko ohartu gabe/ iragaten dira,/ pentsamenduetan galdurik/ zabiltzan bitartean”.

Maiz aipatzen du Pako Aristik adimena, zeharka ageri da zerebroa. Baina buru hori ez da ikasita datorrena, aurre-juzkuz betetako pentsamendu epai-emaileak dakartzana. Hemengo “harridura” edo “gogoa” edo “irudimena” bestelakoak dira, ez dira harritzen ezertaz. Berdin onartzen dute udaberria zein udagoiena, bizitza zein heriotza. Agian ez dagoelako eurentzat udaberri edo udagoienik, bizitzarik ez heriotzarik, une honetaz landa.

Azken kritikak

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak