« Bidegabekeriaz | 50 urte aurrera »
Batzuen ametsak bertzeen zelai zulatuak dira / Hasier Larretxea / Pamiela, 2018
Poesia da Igor Estankona / Argia, 2019-01-27
Hasier Larretxearen poesia ez dakit zaidan lirikoa, edo filosofikoa. Ez dakit idazten duen hotzean, edo sentimenduen berotasunak gidatzen duen bere ele apaindua. Intuitiboki irakurtzen hasi, eta orduantxe aurkitu diot nik gustua Batzuen ametsak bertzeen zelai zulatuak dira honi (Pamiela, 2018) zeinak ez baituen egiaren beharrik, memoriaren beharrik, helduleku beharrik: “Adarretan kiribildurik/ sustraitu genuen bidegurutzetik haraindi/ joaterik ez zutenen absentziaren lotsaizuna”.
Irrazionala da. Kalkulatua da. Kontraesanean bizi da Larretxea (Arraioz, 1982). Zorrotza da hitzarekiko, surrealismoaren mugekiko. Poemategia sentsazioen biltegi bat da, aliterazioz eta antitesiz eta zentzu bikoitzez aberastutako leku ia fisiko bat: han isurtzen dira baztandarraren mamuak, heriotza eta ahaztura. “Galdutako aukera bakoitzak/ zulo sakonago bat irekitzen du/ memoriaren labarrean,/ ostertzaren ikuspegian”.
Baztan eta Madril eta ezinbestean mundu gero eta txikiago hau nahasi zaio Larretxeari arimako zelai mugagabeekin. Izan ere, poesia erraza eta efektista bilatzen badituzu hau ez da zuretzako liburua. Batzuetan agian zehaztasuna falta zaio, egitura batzuk dauzka duda-mudazkoak eta hitz zenbait hobe hauta zitzakeen, baina ukaezina da testuen magnetismoa, barne-korronte baten antzera liburua gurutzatzen duen tristezia gozo hori: “Zeri besarkatu heldulekurik ez badago// Iraungi da ahanztura azken hatsaren tunelean./ Iluntasunean baino ezin dugu elkar ikusi./ Itzalpetako dantza errarian, ifrentzuen maskara(d)an./ Kandelen argitasun-ahurrean// Perfilez baino ez dakusagu/ errealitateak jaurtikitako txanpon herdoildua”.
Larretxearen erreferentzia eta heldulekurik gabeko hausnarketa atenporalak, errepikapenaren puruz, musika antzeko bat bihurtzen dira, letania bat ez dena zertan literalki ulertu. Horrek ahalbidetzen dio hats luzeko poemei arazorik gabe eustea, ideia batetik bestera modu lokabean salto egitea. Horrek bihurtzen du Batzuen ametsak bertzeen zelai zulatuak dira interesgarri eta gustagarri. Ez dut esan bihotz-hunkigarri, ezta zirraragarri. Baina liburu honek badauka atrebentzia, eta konpromiso bat agertzen du poesiarekin. Poesia bada hitzei esanaraztea orain arte esan ez dutena —ordena aldatuz, esanahia sublimatuz—, hau poesia da.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez