« Iñigo Korapillos | Poesia da »
Michael Kohlhaas / Heinrich von Kleist (Xabier Mendiguren Bereziartu) / Katakrak, 2018
Bidegabekeriaz Peru Iparragirre / Berria, 2019-01-27
Heinrich von Kleist (Frankfurt Oder, 1777 – Berlin, 1811) idazlearen Michael Kohlhaas eleberriak 1993an ikusi zuen lehenengoz argia euskaraz, Ibaizabal argitaletxearen Literatura Unibertsala sailaren baitan. Xabier Mendiguren Bereziartuk itzulitako lana eguneratuta argitaratu du Katakrak argitaletxeak hogeita bost urte geroago. Edizio honek Joseba Sarrionandiaren hitzaurrea eta argitaletxearen ohar argigarria dakartza, lehen argitaraldiari itzultzaileak eginiko sarreraz gainera.
Hiru aurkezpen testuotan gainbegiratzen dira liburuari dagozkion ertzik agerikoenak. Zaila da liburuari buruz ezer aproposagorik gehitzea. Sarrionandiaren hitzaurreak eta itzultzailearen oharrak testuinguruan kokatzen dute testua: testuinguru etikoan batak, linguistikoan besteak. Argitaletxearen oharra ur handiagotan sartzen da, eleberriaren azterketa xeheagoa eginez. Irakurlearentzako interesgarria izan daiteke behin nobela irakurritakoan testuotara itzultzea. Gogoeta norberak egin eta gero kontrastatzea aberasgarria baita beti. Are gehiago halako karga morala duen lana izaki.
Estilo trinkoa da Kleistena, Mendigurenek gaztigatu bezala esaldiak lerroetan aurrera egin ahala korapilatzen baitira. Arnasaldi urriko testua da, ez du ia etenik, eta, irakurketa eramangarriago egiteko hartutako erabakiak gorabehera, urpean arnasari eustearen parekoa suerta daiteke batzuetan irakurketa. Sasitzara gonbidatzen du irakurlea itzultzaileak, eta ez da alferreko gonbita, Kohlhaas zaldi-tratulari matxinatuaren istorioaren sasitzari ezin hobeto baitoakio testuaren trinkotasuna: bata bestearen ostean atergabe jazotakoen tragikotasunean elkartzen dira estiloa eta mamia. Begiak urpean zabaldu eta itsasoaren konplexutasun lausoa ikustea bezala.
Tragikotasuna, ordea, ez dagokio bidegabekeriari bakarrik, bidegabekeriaren aurrean hartutako jarrerari ere badagokio hein handi batean. Kohlhaas eta bere armada ez dira iraultzaileak, matxinatuak baizik. Argi dago, kontakizunaren hasieratik bertatik, bere baitan dakusala zaldi-tratulariak justiziaren egia bat, eta hari jarraiki jartzen duela konfiantza Justiziarengan. Behin honen alde iluna eta injustiziak ezagututakoan matxinatuko da, ustelen aurka, zapaltzailetzat dituenen aurka. Bitxia iruditu zait nola istorioaren amaieran elkartzen diren, azkenean, hasieratik bertatik justiziari eskatzen zion erreparazioaren lasaitasuna, eta, bestetik, mendeku-gosetzat jo daitekeenaren baina, funtsean, justiziak zuzendu ezin duenaren aurreko erreboltaren asetzea. Modu tragikoan elkartzen badira ere. Kohlhaas ez baitzen alferrik, Kleistek eleberriaren hasieran dioenez, “bere garaiko gizonik zuzenenetako eta aldi berean beldurgarrienetako bat”.
Gertakari historiko batetatik abiatutako kontakizuna da hauxe. Martin Luteroren garaiko tratulari batean oinarritzen da Kohlhaas pertsonaia, bidegabekeriaren aurrean zuzentasunaren ezpata —literalki— bere esku hartzea erabakitzen duena. Erdi Aroan kokatutako istorioa alemanezko lehen nobela erromantikoa bada ere, erabat modernoa da bere funtsean. Sarrionandiak ongi dioen gisan, istorio honek gaurkotasuna izango du historia amaitzen ez den artean, argitaletxearen oharreko hitzekin esateko: injustizia baten istorioa baita hau.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi