kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Fakirraren ahotsa / Harkaitz Cano / Susa, 2018

Elkarrekin abesteko kantua Ibon Egaña / Deia, 2019-01-05

Duela dozena bat urteko hitzaldi batean entzun genion Harkaitz Canori euskal idazleek ez zutela jakin izan Gernikaren neurriko erreferente sinboliko konpartituak sortzen, eta euren zeregina behar lukeela zenbait gertaera traumatikoren inguruko erreferente partekatu horiek sortzea. Gerora etorri zen Twist, eta orain Fakirraren ahotsa, biak ere ardura kolektibo eta artistiko horri erantzuten dioten lanak, geure historia garaikidearen gainean erreferente afektibo eta estetikoak sortzeko ahaleginak. Ardura ez ezik erruduntasun kolektibo bat eta haren erredentzioa ere badago Fakirraren ahotsa-ren oinarrian, Imanol abeslariaren biografia fikziora eramateko hautuan.

Hezur-haragizko pertsonaren biografiaren lerro nagusiak bere horretan mantendu ditu Canok, Imanolekiko enpatia eta fideltasuna bilatu nahirik agian, eta beraz nobelatzeak ez dakar trama edo intriga nobeleskoa gehitzerik. Asko du katartikotik Imanolen bizitzako pasarte ezagun eta esanguratsuenak bikain nobelatuta irakurtzeak (Yoyes/Arakisen hilketaren kontakizun hunkigarria, ondorengo boikota eta amaierako bakardadea…); ez dakit, ordea, pertsonarekiko fideltasuna muga ere ez ote den nobelarentzat, pertsonaiaren beste bizi-atal ugarik ez baitute hainbesteko intentsitaterik, eta haiei eusteak hein batean nobelari abiada hartzea eragotzi egiten diote.

Besterik da nobelatzeak Imanolen biografiari eransten diona: batetik, pertsonaiaren beraren argi-itzalak, ñabardurak eta kontraesanak (politikoak, artistikoak, pertsonalak), Imanol Lurgain pertsonaia literario garatu eta sendo bilakatzen dutenak; narraziotik abiatuta nobelak egiten dituen hausnarketa eta digresio orotarikoak bestetik, Canoren etxeko marka direnak. Musikaren eta artearen ingurukoak ugari (Beluna jazz ere etorri zait batzuetan gogora), baina baita giza-harremanen, gai sozio-politikoen edo heriotzaren ingurukoak ere. Nik neuk ez dut berdin gozatu pasarte guztien irakurketan (musikari edo arteari buruzko zenbaiti dibertimenduaren traza handiegia hartu diet), baina aurkitu ditut bizitzaren inguruko gogoeta ia aforistiko eder askoak ere.

Pertsonaia baten ahotsaren bilaketa da eleberriaren motorra, baina nobelaren beraren ahotsak asko du kolektibotik. Ez soilik Imanolenarekin batera Euskal Herriko 40 urtetako historiaren errepasoa egiten delako, edo sekundario-sare aberats eta ondo garatuak istorio partikularra kolektibizatzen laguntzen dutelako, ezpada narratzaileak berak ere, fikzioaren baliabide eta zirrikitu guztiak trebeziaz baliatzen dituen kontalariak, aipu edo erreferentzia partekatuez zein euskal irakurlearengan oihartzun egiten duten hitz eta erreferenteez janzten duelako ahotsa, gutasunetik eta komunitateari mintzo zaiona. Kolektibotasuna bilatze horretan, inpresioa dut partikulartasuna, pertsonaien eta gertaeren zehaztasun xumeagoa, galtzen ateratzen dela tarteka. Bakarlari baten ahotsa bainoago, izan ere, bakarlari baten kantua elkarrekin abesteak dakarren katarsirako gonbita aurkitu dut nobela honetan. Eta horixe begitandu zait bere bertute eta muga nagusia.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak