« Izotzezkoa da egia | Gertutasuna eta kondentsazioa »
Goseak janak / Idurre Eskisabel Larrañaga / Susa, 2018
Gorputzak emanak Joannes Jauregi / Berria, 2018-11-25
Inon hastekotan, hasiera-hasieran hasten da Idurre Eskisabelen lehen poema liburua: “Egun batean/ arbolatik jaitsi nintzen”. Bi bertso lerro horiek gizakiaren jaiotza deskribatzeko balio zezaketen, eta ez zait kasualitatea iruditzen liburua horrela hastea, hain justu Bezpera atalean: Hemen naukazue, Beila eta Goizean dira hurrengo atalak. Bezperatik goizera, bilakaera bat dago hor, arku narratibo bat ia, non lehen pertsonako ni poetiko hori den, hasiera-hasieratik, protagonista nagusia.
Arku ia narratibo horretan, nolabaiteko “inozentziaren galera” bat dago, kontrazalaren hitzetan; heltze prozesu bat, bilakaera bat. Nik emakumetu hitza gehituko nuke hor; emakumetze bat “ume gorputz promestutik/ eme gorputz amaitura” luzatzen dena, beti gorputzean iltzatua eta gorputzetik bertatik abiatzen dena. Hari horri tiraka, atentzioa ematen du zer-nolako presentzia duten liburu osoan gorputz horren erreakzioek: gosea, oka, listua, sexu irritsa… Gorputza da ororen abiaburu, eta poemen izenburuek ere argi diote hori: Tatuajea, Ahots, Gorpu… Baina lehen zatian gorputz hori aski sorgorturik dago oraindik, bakartu-antzo, erreflexibo: “bakardade bat aldamenean/ neuretasun bat bidearen azken mugan”.
Bigarren atalean, gorputz hori bestetasunera irekitzen da, bigarren pertsonara, hasiera-hasieratik: “Mingain punta bustiaz/ lehortu didazu/ begi ertzetik malkoa”. Ni-az besteko gorputz bat agertu zaigu, eta sexu irritsa erotikan urtu. Halatan, ni-az beste, amatasuna ere sartzen da emeki-emeki, eta seme-alaben presentzia gero eta mardulagoa bihurtzen, harik eta tarteka amaren ni poetikoa ia galdu egiten den arte, ilunean haztamuka bezala, poeman arnasa hartu nahian; Entzun poema dugu horren adibide. Arku narratibo horretan, pertsonaiak ugaritu egiten dira Hemen naukazue eta Beila ataletan, eta egilearen jarduna gero eta gehiago lerratzen da hirugarren eta bigarren pertsonetara. Esango nuke badagoela nolabaiteko tirabira bat, batik bat bukaera aldera, norberaren subjektibitate arroztu horren eta bestetasun(ar)en artean: tentsio hori nabaria da, esate baterako, Autorretratua eta Zoriona poemetan, nik uste. Are, esango nuke tirabira hori, edo pertsonaien eboluzio hori, zeina ni poetikotik hasi eta gainerako pertsonetara ere garatzen den, dotore ebazten dela azken atalean, Edurnezuriren amarenak poema luzean, betiere amatasuna gaitzat harturik.
Iruzkintzeko moduko beste hamaika alderdi ditu poema liburu honek, baina uste dut ni-aren bilakaera horri erreparatuta, ia argumentu moduko bat antzeman dezakegula, narratibaren konparazioari jarraikiz, 82 orriko liburu honetan.
Formari dagokionez, Eskisabelek bertsokera landua du oso; bertso lerroak kontzienteki ebakitzen ditu, eta oso dotore daude erabilita poemaz poema lortu nahi duen efekturako. Askotan, baina, inpresioa dut ebakitze hori ez dagoela behar bezala neurtua, zenbaitetan atzerakargarako joera baitu, esaldiak zamatuz bertso lerroetan aurrera egin ahala. Horrekin bat, irudipena dut zenbait poematan batik bat luzeenetan betelana erabili duela ugari, eta galdu egiten dituela poema laburragoetako indarra eta dotorezia. Dena den, poema horiek ere ongi eusten diote liburuari, eta Edurnezuriren amarenak, betelanak betelan, ederki biribiltzen du obra osoa.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi