kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Proleterka / Fleur Jaeggy (Fernando Rey / Miren Iriarte) / Erein-Igela, 2018

Izotzezkoa da egia Ibon Egaña / Deia, 2018-11-24

Aditzez baino ez nuen ezagutzen Fleur Jaeggy, eta kasualitatez etorri zaizkit eskuartera haren bi obra labur handi ia aldi berean: Zigorraren urte ederrak eta euskaratu berria den Proleterka. Eta aldian behin gertatzen den enkontru zorioneko bat bezalakoa izan da Jaeggy irakurtzea, idazle erabat bakan, nahastezina eta inarrosten zaituena da-eta suitzarra. Brodskik esan omen zuen Zigorraren urte ederrak irakurtzeko behar den denbora lau bat ordu direla, eta uzten duen arrastoa, aldiz, bizi guztirakoa. Proleterka irakurtzeko ere ez da askoz denbora gehiago behar, baina obra handiek ohi duten gisan uzten du irakurlea aztoratuta.

Jaeggyren prosan bilatu behar dira haren nortasun bakanaren arrastoak. Soiltasun, biluztasun eta zehaztasun erabatekoaren bilaketa gisa ulertzen du idazketa zurichtarrak. Idazketan baino, idatzitakoaren ezabaketan eta zuzenketan irudikatzen du gehiago batek Jaeggy: alferrikakoa ezabatzen, esplikatiboa dena erauzten. Beharbada horregatik dira orrialde gutxikoak bere nobela eta ipuinak, eta gutxi orobat bere ia 80 urteetan argitara emandako obrak. Ezabatutakoaren ondorioz, esaten denaren eta esaten ez denaren arteko orekan jarrarazten du irakurlea, eta aldiro harritzen gaitu, esaldi batetik besterako jauzian espero ez dugun lekura eramaten baikaitu sarri, eta zerbait seinalatzen ari dela uste dugunean egiaz beste zerbait ari baitzaigu erakusten Jaeggy. Irakurketa aktiboa eskatzen du horregatik, eta deserosoa ere izan daiteke inoiz. Baina horrela lortzen du gauzen egiara ailegatzea, egiaren deserosotasuna fikzioaren bidez papereratzea.

Zehaztasunarekin batera hoztasuna, are “izoztasuna” da (hitz hori existituko balitz) Jaeggyz hitz egitean aipatu beharreko beste ezaugarrietako bat. Apaindurari ihes egiten dio, sentimentalismoari bezainbat, baina ez dakar horrek giza esperientziaz eta sentimenduez ahanztea. Hoztasun erabatekoa sentimenduak agerrarazteko beste bitarteko bat dela esan zuen behin idazleak, eta horren froga ederra da Proleterka. Nerabe zenean aitarekin egindako itsas bidaia bat oroitzen du narratzaileak, 50 urte inguruko emakumeak, eta bidaiaren gomutarekin batera doa osatzen bere iraganaren, familiaren eta nortasunaren mosaikoa. Hoztasun eta urruntasun sentsazioa hasieratik egiten dira nabarmen, irakurlea durduzatzeraino, lehen pertsonako narratzaileak “Johannesen emazte izandakoa” deitzen dionean bere amari, edo “Johannesen alaba” bere buruari, hirugarren pertsonara jauzi eginda. Lehen eta hirugarren pertsonen artean bezala, orainaldi eta iraganaren artean ere saltoka dabil narratzailea, aurreabisurik gabe, eta hala josten ditu bere izatea markatu duten bizi-atalak: amaren absentzia, aitaren gainbehera, amonaren zaintza maitasun-gabea, itsas-bidaian izandako lehen sexu esperientzia bortitzak… Maitasuna edo xamurtasuna baino, heriotzaren aukera eta presentzia dira pertsonaien bizitzak markatzen dituena, eta pertsonaien patuak elkarrekin lotu ditzakeen haria. Hildako aitari bekokian musu eman nahi izan zionekoa oroitzen du narratzaileak lehen kapituluan; badirudi orduan, heriotza aurrean denean soilik dela posible maitasun-keinua. Eta orduan ulertzen dugu Jaeggyk esandakoaren egia: hoztasun erabatekotik ere posible da sentimenduak agerraraztea.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak