« Galeraren osteko paisaiak | ‘Amek ez dute’, bizitzaren mirari gordina »
Zuloa / Xabier Gantzarain / Elkar, 2018
Gaitzeko saioa Mikel Asurmendi / argia.eus, 2018-11-20
Hogeita hiru artelan hautatu, aztertu eta gogoeta funtsatuta idatzi du Xabier Gantzarainek. Arte kritikaria da, baina besterik ere bada Gantzarain: arte ederretan lizentziaduna, euskara irakaslea, tabernaria, zutabegilea, telebistako gidoilaria, irratiko kolaboratzailea… Horiek guztiek idatzi dute arteari buruzko saioa. Bere Zuloa sakona da. Niri bederen, zulo sano sakona zabaldu dit gogoan.
Baliteke, idazleak —idazlea baitago izaera guzti horien baitan— obra sorta hau aliritzira aukeratu izana. Edo, inpentsan irudi lezake —horra “arte espresioa!”; “inpentsan” alegia— halaxe dela. Ez horixe. Ez da artearen historia. Ez da historia liburu bat. Memoria ariketa da. Eta oroz gainetik —guztiz horrelakoa izan gabe— euskal gatazkaren memoria ariketa da. Memoria ariketa bikaina. Ene uste zuloan betiere.
Euskal memoriaren —historiaren— kontakizuna da. ETAren inguruko arte lanek ematen diote pisu gehien Zuloa liburuari. Egileak dioenez —edo antzeko zerbait—, telebista bidez gertatua kontatzeko irudiak ezinbestekoak dira. Irratiaren bidez, berriz, ahotsez egoki kontatzen jakitea berebizikoa. Egunkari, aldizkari eta agerkarien bidez, ongi idazten jakitea funtsezkoa.
Lehen premisa: edozein dela iraganean gertatua, kontatzeko bitartekoak ez du errealitatea osotoro inoiz adieraziko edo islatuko. Errealitatea denbora eta espazioaren menpe baitago, etengabe aldatzen doazen aldagaiak.
Ostera, arte lan batek adierazi ahal du arras iraganean gertatua? Ezta ere! Alta bada, aurreko espresioen aldean, arte espresioekiko dugun harreman eskasa dela medio, artearekiko gure ezjakintasuna dela eta, esperimentatzeko dugun ausardia eza dela eta, estreinako desabantaila horiek direla medio, arte espresioek eskaini diezagukete, apika, iraganean gertatua antzemateko gogoeta libreena. Apika, diot.
Izan ere, hedabideen bitartez eguneroko jasotzen ditugun irudi lauso eta hitz higatuen aldean, ustezko arrazionaltasunez eraikitako kontakizuna, hala nola, literaturaren bitartez jasotzen dugun kontakizun maiztuaren aldean, artea da —materia, edo edozein gaia dela lanabes— espazioa hobekien okupatzen duena, artea da, naski, denborari hobekien eusten diona. Alabaina, zer da artea? Ziur aski, artea da —arte bezala arrunki ulertzen duguna— jendearengandik urrunen dagoen adierazpidea.
Gaztetan, gure ezjakintasunean —erdaraz mintzo ginen, tira, orain ere bai—, elkarri adarra jo beharrean “¿Qué es el arte?”, genioen. Arrapostua: “Morirte de frío”. Artea definitzeko ganorazko erantzun ezak artearekiko gure ezintasuna eta distantzia erakusten dizkigu boutade horrek. Artea espresatzen zaigu, berezko lengoaia bitartez, baina gu, geurez, ez gara berau jasotzeko hezi izan. Ez gaude hezita.
Bigarren premisa: artea errealitatea definitzeko —normalean iraganean gertatua— edota gure irudimena adierazteko ekintza da. Artea ustea da. Ustea-ren baitan: iritzia, sinesmena, burutazioa, antzirudia eta epaia daude, besteak beste. Arte lanak esperantza ere islatzen du, baita konfiantza ere, hots, sinesmenaren adierazkorra den aldetik, artea fedez eginda dago. Bistan da, arteak asmo eta jomuga ere baditu.
Alta bada, esaera zaharrak dioenez: Ustelak erdi ustel. Gure usteak erdi ustelak izaten dira batzuetan edota ustel osoak sarritan. Horregatik edo, espresatzen garenean, euskaldunok hainbat adjektibo gehitu izaten dizkiogu gure ustezko usteari: “Nire uste apalean”. “Nire uste makalean”. “Nire uste harroan”, “Nire uste zuloan”…
Badago hain ziur “usteari buruzko adierazpen” gehiago, baina azkeneko horrek, bizki ongi adierazten du arteari buruzkoa gure ustea. Demagun, “uste” adiera, “iritzia”-ren sinonimoa dela, ustea dela aburua. Bada, usteak ustel, memoria historikoa hobekien adierazten duen adierazpena “uste zuloa” da, uste objektiboena. Hori ere, prefosta, “nire uste zuloan”.
Hogeita hiru obrari buruzko hogeita hiru saio idatzi ditu Xabier Gantzarainek. Egileak honela definitu du Zuloa saioa: artetsua, erran nahi baita, iruzurtia, hizkuntza kolokialean tranpatia. Apetatsua eta guratsua, kaleko hizkuntzan, kapritxosoa. Arte espresio oro legez, obsesiboa, irrazionala, desegituratua, zatika emana eta hala ere, absolutua, izateko xedez.
Hirugarren premisa: Zuloa memoria ariketa saioaren gaineko nire saiotxoa paratu nahi —izan— dut. Nire kasuan, arte lan edo espresio absoluturik ez dela jakinda, absolutu bakarra jainkoa dela, eta bera existitzen ez delakoan.
Haatik, arteak azaldu ezinaren agertzaile izan nahi du, jainkoaren beraren azaltzaile, berbarako. Artearen helburu behinena, izakariaren —izate, izaki, objektu, gauza, desira, nahikari— azala agertzea baino ez da, jakinik, izakariaren baitan dagoela bere funtsa. Artea, horregatik beharbada, beste espresioen aldean duen dohainetako da —artearen bertute dohatsuena—, errealitatea bilatzeko eta aurkitzeko eskaintzen duen espresiobide eta irekia izatea. Kasuon, iragana eta memoria historikoarena.
Artea, esplikaezina den errealitateren azalpen espresio gaitza da. Gaitza, bi adieraren zentzuan ulertua: gaitza da, gure irudimen kamustua dela eta, artea endelegatzen zaila delako. Gaitza da ere, errealitatea antzemateko artea gaitzeko lanabes delako. Eta halakoxea izan ere, Zuloa saioa. Areago, artea irudimenaren lanketa eta sorkuntza denez gero, hirugarren adiera ere iradoki diezaguke esapideak: arte lanetan gaitzeko saioa.
Xabier Gantzarain parafraseatuz, “Gure memoria zulo bat da. Gure memoria zulo beltz bat da. Gure zulo beltza memoria da. Gure zuloa gure memoria da”. Eta neronek hauxe gehitu: Zuloa saioa, gaitzeko saioa da. Euskal memorian zulatzen jarraitzeko, iraganaz gogoeta egiteko eta gure etorkizuneko memoria zuloak betetzen —gogoz aritzen— hasteko.
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Amaia Alvarez Uria
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Irati Majuelo
Azken batean
Lourdes Oñederra
Paloma Rodriguez-Miñambres
Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo
Mikel Asurmendi
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi