kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Amek ez dute / Katixa Agirre / Elkar, 2018

‘Amek ez dute’, bizitzaren mirari gordina María Unanue / pikaramagazine.com, 2018-11-21

Katixa Agirreren bigarren eleberriari buruz esango dudan lehengo gauza: Jo-der izango da. La Llorona, Dingo, erditze osteko psikosia, suizidio hedatua, Alaska, Errauskine, atomoak, meningitisa, hipotesi anitzak edo Louis Bourgoisen armiarmaren eskultura nola batu istorio berean? Katixa Agirrek du erantzuna.

Honezkero konturatuko zineten nik egiten ditudan iruzkin guztietan ez dagoela iritzi txarrik, alegia, gomendatzen ditudan idatzi guztiak onak direla. Honek, zoritxarrez, ez du esan nahi nik ez ditudanik izaten liburu eskasak esku artean. Baina zer egiten dut aisialdian hasten dudan idatziren bat gogoko ez dudanean? Birritan pentsatu gabe, bertan behera utzi. Apalategira hurbildu. “Bukatu gabekoen” txokoan bere tankerakoekin laga. “Irakurri gabekoen” txokotik berria hartu. Liburu berria irakurtzeari ekin. Inolako damurik gabe. Ekintza metodikoa da. Ia ia, robotikoa. Gustoko ez ditudan liburuei ez diet dolurik egiten. Ni ez naiz sakrifizioetan aritzen diren horietarikoa. Hala ere esan beharra daukat, grosso modo, azken hamarkada honetan euskeraz irakurri ditudan liburu guztiak asko gustatu zaizkidala. Eta maistra-lan konkretu honek aho zabalik utzi nau.

Katixa Agirreren bigarren eleberriari buruz esango dudan lehengo gauza: Jo-der izango da. Agirre andreak, nik dakidala, (euskeraz) bere gaian aurrekaririk gabeko kriston eleberri ikusgarria sortu du. Berriz diot, inolako zalantzarik egon ez dadin: “Joooo-deeeer” izango da irakurketan zehar izango duzun erreakzio errepikatua.

1981.urtean Gasteizen jaio zen Katixa Agirre. Gaur egun EHUko irakaslea da. Bi ipuin bilduma kaleratu ditu eta 2015ean idatzi zuen bere aurreko eleberria, Atertu arte itxaron, oso saritua izan den road movie antzeko bat. Ez dut oraindik irakurri, bain orain zalantzarik gabe irakurriko dut. Zergatik? Ba idazle honek txunditu nauelako bere kontatzeko erarekin, sailkatutako gaiekin eta azken aldian irakurri dudan eleberririk boteretsuenetarikoa bukatu berri ostean flipatzen ari naizelako. Amek ez dute nobela paregabea da. Lehenengo orrialdea hasi bezain pronto, altxor bat aurkitu nuela sentitu nuen. Sentimendu bera azken orrialderarte mantentzea lortu du idazleak. Eta hori ez da batere erreza. Zorionak!

Amek ez dute idazlanak Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko XVI. Agustin Zubikarai saria irabazi zuen 2016an eta aurten, 2018an publikatu egin da Elkarren eskutik. 210 orrialdeko maisulan hau bi zatitan banatua dago: sortzea eta bortxa. Zati bakoitzak, bere baitan, sei kapitulu ditu. Kapitulu bakoitzak, hasieran aipu bat du. Zer nolako aipuak diren? Hona hemen zenbait adibide:

“Eta oso argi esango dut: inoiz umerik sortu ez duen hilkorrak zoriontasunean aurreratzen ditu umeak sortu dituzten horiek” Euripides, Medea.

“Etxeak bizilagunenak dira, herrialdeak atzerritarrenak, umeak berriz umerik nahi ez duten emakumeenak” Ana Marins Marques.

“Arinki esaten da emazteek ‘sabelean eritasunak’ dituztela, eta egia da barruan etsaia gordetzen dutela: espeziea da, barrutik marraskatzen gaituena” Simone de Beauvoir, Bigarren sexua.

Dagoeneko asmatuko zenuen zein den gaia, ez? Ba nik, egia esan behar badut, ez nuke jakingo nola mugatu hitz bakar batera. “Baina”rik gabe onartuko nukeen gai posible bakarra bizitza izango litzateke. Eleberri honek bizitzari buruz hitz egiten du. Edo ez? Batek daki. Gauza da, liburua hasi bezain laister bi ama gazte aurkezten zaizkigula. Bata, erditu berria, Bilbon bizi den 30 urte inguruko Gasteizko idazle saritua. Bestea, Alice edo Jade (segun) bere ume bikiak baineran ito dituen emakume misteriotsua. Edo ez? Berria komunikabideetan ikustean, Erik mundura ekarri berri duen ama, Jade/Alice aurretik ezagutzen duela gogoratzen du. Honek, inbestigatzera eta emakume hiltzaile honen istorioari buruzko liburua idatzi nahi izatera eramango du. Ai ama!! Oso fuertea da dena. Flipatuko duzue!!! Berriz diot megafonotik: Flipatuko duzue!!!! La Llorona, Dingo, erditze osteko psikosia, suizidio hedatua, Alaska, Errauskine, atomoak, meningitisa, hipotesi anitzak edo Louis Bourgoisen armiarmaren eskultura nola batu istorio berean? Katixa Agirrek du erantzuna. Galduko duzu?

Ni ez naiz ama ez dudalako izan nahi. Bi haurdunaldi eten nituen bere momentuan. Eta 30 urterekin bi txakur adoptatzea erabaki nuen. Nire inguruko lagun asko amak dira, nagusienaren umeak 7 urte inguru dauzka. Txikiena, gaur bertan jaio da. (Zorionak, Sarai!) Nire lagun askok hazkuntza naturala praktikatzen dute: umeekin ohe berean lo egin, umea motxilan euren gorputzen kontra porteatzen eraman, nahi beste bular ematen diete inolako ordutegirik gabe, hortzak dituztenean janari osoak eman pureak eta ahia prestatu beharrean, umeei ez oihukatu, umeak ez jo eta nahitaezkoa zaie beren jaioberrien erritmo, nahi eta beharrak errespetuz jarraitzea. Nire beste lagun batzuek ordea, bularrik ez ematea, umeak sehaskan lehengo egunetik lo egin dezatela eta 4 hilabeterekin haur eskolara bidaltzea erabaki dute, haiek ere lanera itzuli ahal izateko. Lehenengoek epidularik gabe erditu nahi zuten. Bigarrenek lehenengo uzkurdura sentitu bezain laster epidurala eskatuko zutela argi zuten. Lehenengoen arabera, erditzerakoan sentitzen denari ezin zaio “mina” deitu. Bigarrenek mekaguendioska oihukatzen zuten bitartean mina mina mina mina sentitu dutela argi eta garbi azpimarratzen dute. Batzuk nahi gabe geratu ziren haurdun. Beste batzuk asko kostata. Zenbaitek in vitroak balio dituen 6000 euroak ordaindu behar izan zituzten. Amatasunak, amatasun eta esperientziak, esperientzia, guztiek dute zerbait amankomunean: amatasuna ez omen da erreza. Amatasuna ez omen da sinplea. Kontzientzia politiko gehiago edo gutxiagorekin, ume bat mundu (patriarkal eta kapitalista) mierda honetara ekartzea, gogorra omen da. Oso gogorra. Honez gain, ez dago nekeari buruz hitz egiten ez duen amarik. Ez dago egiten duen esfortzu itzela seinalatzen ez duenik. Lorik ez. Beren buruentzat denborarik ez. Umea bapatean euren bizitzen erdigune eta ardatz. Lorik ez. Negarrak. Lorik ez. Kaka. Lorik ez. Oka. Lorik ez. Nekea. Nekea. Nekea. Baina amatasunak erakusten omen duen zerbait zera da: dena dela aldi baterakoa. Umea hazten doan heinean, autonomoagoa bilakatuko da. Eta umearen autonomiarekin batera, amen autonomia dator. (Eskerrak! Zenbat botatzen ditudan faltan nire lagun amak…). 6-7 urte dituztenean umeak euren minibizitzak sortuko dituzte eta amak beren umeen siamdarrak izan beharrean, pertsonak ber-bihurtuko dira. Hori zin egin didate behintzat. Fingers crossed. Ni oraindik nago horren zain.

Eleberri hau irakurtzean, lagunei hainbestetan entzun dizkiedanak burura etorri zaizkit. Ez dago Agirrek aipatzen ez duenik: minaren primitibotasuna, hutsunea, umearengandik urruntzea, egun osoan zehar umea gainean duzula bizitzea, ama identitatea, eszedentziak, senarrari eta haur eskolako langileei eta zeure buruari justifikazioak, etxetik kanpo lan egitea, dirua, bikotea, ugalkortasun klinikak, in vitroak, gizontasun zaurituak, abandonatzeko moduko emakumeak, jendearen iritziak, errua, planeatu gabeko haurdunaldiak, egunerokotasuna, bizitza… you name it! Lan hau, ama izan den edonorentzat terapeutikoa izango da. Balsamikoa. Eta amak izan ez garenontzat, ere.

Nobela intentsoa. Nobela sakona eta era berean oso terrenala. Nobela boteretsua. Pasio sotiletako nobela. Pertsonaien erdigunerako bidai psikologikoa. Idatzi ezin analitikoagoa. Gogorra. Gordina. Eta batzutan irribarrea ateratzen dizun umore beltzdun nobela. Narratzaileak ez du gezurretan ibiltzeko denborarik, bere egia, egitatea?, azaltzeko prest datorrelako. Nobela ezin sinesgarriagoa. Interesgarria. Oso benetako pertsonaiak dituen nobela. Nobela orijinala. Ondo idatzitako nobela: irakurtzeko erraza, baina irensteko densitate handiko gaiak jorratzen dituen “maistra-lana”.

Ni hitzik gabe geratu naiz mirari hau irakurtzean. Ez baduzu oraindik liburua erosi eta irakurri, ez dakit zer egiten ari zaren zure bizitzarekin. Benetan. Zer ari zara?! Aurten inbertituko dituzun 20 eurorik probetxuzkoenak izango direla ziurtatzen dizut. Nik irakaskuntzan egiten dut lan eta lehenago azaldu dudan moduan, bi txakur dauzkat. Etxera oso -oso nekatuta heltzen naiz egunero eta normalean sofan etzan egiten naiz telebistan agertzen den lehengo tontakeria ikusteko asmoz. Garuna urtuta dudala bukatzen dut eguna. Beno, ba bi egunetan bukatu nuen marabila hau. Bi egunetan!!!! Hasten zaren momentuan, ezingo diozu irakurtzeari utzi. Lo egitea bigarren mailako beharrizan bihurtuko da. Jateak ez du axolarik. Zin dagizut Amek ez dute ikaragarri disfrutatuko duzun irakurketa izango dela. Benetan. Sinetsi diodana. Badatoz gabonak eta Mari Domingi bera, opariak banatu beharrean ziur mendi tontorrean duen etxean geratuko dela irakurtzen, zuk eskatu duzun alea zure tximinian utzi beharrean. Beraz, zoaz gaur bertan eta erosi zuk zeuk! Benetan. Ez zaizu damutuko. Objetiboki diñotsut: Amek ez dute eleberri bikaina da.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak