« Historiaren zuloan aztarrika | Mendia aitzakia »
Zauri Bolodia / Oier Guillan / Txalaparta, 2018
43 zauri eta 11 aberia Bolodian Mikel Asurmendi / argia.eus, 2018-06-15
Zauri Bolodia leitzen amaitu eta ospitale hurbileneko Cuidados intensivos gelara bidean jarri nuen ene burua. Hainbat telefono zenbaki jo nituen: 112 lehenik, 018 gero. “¿Urgences? Larrialdiak?”. Kasurik ez!
Etxean geratzea erabaki nuen, goxo-goxo, azken idealistaren gisara. Zauri Bolodia-k antzerkiarekiko inoiz bizirik eta agian hilik ukan dudan tirria berpiztu zidan.
Madame Slip-en gorputzean sartu nuen ene burua, eta aldi batez, Zauri Bolodia-ren rola antzezten entseatzen hasi nintzen. Ispilu parean aldian-aldian. Azken idealistaren egoa nire egin nahi nuen! Nahiz eta jakin haren desgrazia guztiak bizitzea eta biziaraztea ez zela antzoki huts bateko gauerdiko erromantikoen eztula.
Ez baita samurra gero antzerkiarena egitea, aktorearen kotizazioa mailan igotzeko bolo asko egiteaz gain, zure burua ontsa jantzia izan behar duzu, egitura gutxieneko bat behar duzu sarean erorita ere, buruaz beste ez egiteko. Alta bada, zer da antzerkia zer teatroa, buruaz ez beste egitea ez bada?
Erran nahi baitut, burua arras galduko bazenu —galtzerdiak galtzerdi— gaitz-erdi, kontua hauxe duzu: burua ongi gobernatuta izanagatik, saihetsak eta aldakak izorratuta ibiltzea ez dela samurra, areago erretretara iritsita jubilazioa —jubiloa edo bozkarioa— ez duzula alkantzatuko ohartzen hasi bazara, maila edo kotizazioa —arrakasta, alegia— handiko aktorea izanda ere.
Izan ere, amateurra izanagatik profesionala izan zaitezke. Eta profesionala izanagatik, lanbide horrek ez dizu bermatzen profesioa. Bref: arrakastatsua senti zaitezke, eta arrastaka ibili ere aldi berean. Mirail anitz behar duzu etxean eta anitzetan zure burua berean tentuz behatu ere.
Bota dut sarrerako boutade hori, eta estatistiketan murgildu naiz. Aktore iruzkingile gisa ari naiz hala ere, jokolari edo arizale Bidasoaz goitiko teatrogileek dioten legez. Eta hartara, hauxek zenbatu ditut: Zauri Bolodia-ren egunerokoa 2006tik 2018ra bitartekoa da. Oier Guillanek bere ofizioaren inguruan hausnartutako gogoetak —erredundantzia hau justifikatuta dago— bildu ditu ausart eta nasai. Ez lasai horregatik.
Oier Guillanek hamaika bolo jokatu ditu Bolodia delako bere aberian —lerro (h)onetan ez dago akatsik—, aberian idatzi dut, ez Aberrian! Boloak hamaika dira. Bolodian pertsona onak pertsonaia hobeak eta aktore paregabeak antzeman ditut, baita testugile onak ere. Horietatik edan baitu naharo Bolodiak. Naharo behar ere, bere zauriak ukendu eta gantzuz gozatu ahal izateko. Boloak hamaika dira eta hamalau asko ageri dira eszenatokian nahiz haren inguruan. Zauri kopurua zehatza da: 43. Haren ofizioaren benefizioa hautemateko, prekarietateaz ere idatzi, franko poliki. Bolodia-ren “aberia” franko prekario baita, bistan da.
Krisian dagoen aktore baten egunerokoa da, eta hara, mota horretako “eritasuna” pairatu izan dueino, eriak, Oier Guillan gaixoak Munduko jakintsurik tontoena (2009, batBada), Herio heroi (2010, Artezblai) Arra. Arraroa (2010, Artezblai) eta Mr. Señora (2016, Txalaparta) antzerki-obrak idatzi eta jokatu ditu. Eri ala hil!, Mister Bean. Aipatu gabe doaz izkiriatutako poesia liburuak!
Haatik, aipamen berezia egin nahi dut, eta hauxe erran: hibrido omen den Zauri Bolodia-ko poemak ez dira Mikelazulo-ko partaideen gauerdiko eztulak. Edo bai!? 2013ko Bonus track zinez Cadeau preziagarria da. Gabriel Arestiren Egia bat esategatik poeman jo(katu)tako elkarrizketaren mailukada fermua da:
“Aresti bere egiaren zehaztasungatik izanen da epaitua, modako korrontekerietatik at egotzia, / efemerideetan ezkutatuta bere / mailutasuna”.
(…)
“Mailutasuna / idaztetik harago doan / jarrera bat da. / Hitzen zaratak itotzen du / mailutasuna”.
Egia bat esategatik, / edertasun hau iluna dela / aurpegiratzen bazait, / isiltasuna okatzen badidate, / etsaien lagun edo / lagunen etsai naizela / esaten bazait, / Gabriel Aresti bera haserretuko bazait, / hala ere, / inoiz, / inola, / inon, / ez naiz isilduko. / (Edo igual bai).
Marx begitandu zait, ez Karl, bistan da. Groucho, prefosta.
Irakurle ez nadin ziniko(ago) jarri. Hartu liburua, zabaldu errezela eta sartu piezan. Zauri Bolodia liburuan genero literario guztiak aurki ditzakezu: euskal antzerkiaren azken hogei urteko historia da, partziala bistan da, baina historia izan ere. Nobela da ere, fikzioa da-eta historia hobekien narratzen duena. Hainbat istoriok apailatzen dute Oier Guillan aktore, idazle eta poetaren bizi esperientzia.
Ahantzi gabe, bi hitz: liburuari usaina dario. Oier Guillan aktore, pertsona eta pertsonaiaren gorputz eta arimaren usaina usnatu dut. Bi hitz erran dut eta hitz parrasta isuri. Ene azken hitzak dira, ez aurrekoak baino hutsalagoak horregatik (edo igual bai). Idoia Beratarbide-rentzat, liburuko irudiak bereak baitira. Egokiak, egiatiak… Zauri Bolodia pertsonaia, Oier Guillan pertsona eta aktorearenak.
Zor(r)ionak bioi, baita Jota-ri ere!
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres