kritiken hemeroteka

8.670 kritika

« | »

Mendi-joak / Aingeru Epaltza / Elkar, 2017

Mendia aitzakia Estibalitz Ezkerra / Gara, 2018-06-16

Azken hamarkada nobela historikoan buru-belarri sartuta ibili ostean narraziogintzari heldu dio beste behin Aingeru Epaltzak “Mendi-joak” liburuan, bere ibilbideko hirugarren ipuin bilduma osatzen duen horretan. Eta bere aurreko bi lanetan bezala, aparteko trebetasunez idatzitako istorioak eskaintzen dizkigu oraingo honetan ere.

Bildumako ipuinen hari nagusiak euskaldunen gaineko topiko ezagunetako bati heltzen dio: mendizaletasuna. Ipuinotan ez dugu, baina, zaletasun horren ikuspegi baikorrik aurkituko; ez, behintzat, balentria heroikoaren kutsua duenik. Aitzitik, zaletasunetik baino obsesiotik gertuago dago ipuinotako zenbait pertsonaia mendiak igotzera, dela oinez dela bizikletaz, bultzatzen duena. Bilduma ixten duen “Argazkia”-n, esaterako, minbiziaren ondorioz jasotzen ari den kimioterapiak dezente ahuldutako eta, beraz, mendietatik aldendutako adineko gizonak bere azken irteera izango denari ekiten dio noiz eta gauez eta elur ekaitz baten erdian. Gertaera epikoa izan zitekeen, hil-hurren den mendizale porrokatuaren azken balentria sonatua, baina horren ordez pixoihala soinean eramatearen ondorioz duintasunarekin batera gizontasuna galdutako pertsona urrikalgarria aurkezten zaigu, bata zein bestea berreskuratzeko saio erabat antzuan. Penagarriagoa da “Lokatza”-ko protagonistari gertatzen zaiona; punta-puntako makila garestiak erosi arren edo, hobeto esanda, haiengatik hain justu maldan behera eroriko da estilo handirik gabe. Izan ere, obsesio den aldetik, mendizaletasunak ez die ipuinetako pertsonaiei kontu onik ekarriko. Hain zuzen, istripuek (“Urratua”, “Belauna”), eromenak (“Sukarra”) zein heriotzak (“Olatua”, “Argazkia”, “Ertza”, “Sugea”, “Lokatza”) presentzia zabala dute istorioetan.

“Mendi-joak” bildumakoak, ordea, ez dira mendiari buruzko ipuinak bakarrik. Mendiaren aitzakian edo, hobeto esanda, hara jotzeko grinaren atzean ezkutatzen diren arrazoiei eta ondorioei tiraka gure gizarteko hainbat konturi heltzen diote istorioek. Esaterako, modu nabarmenean agertzen dira familia barruko dinamikak eta disfuntzioak —senar-emazteen arteko ika-mikak, belaunaldien arteko aldea— bikote harremanak eta gatazkak, genero eta sexualitate ezberdintasunaren inguruko gaiak, geografia berean hizkuntza zein bestelako ezaugarriak direla medio tokiko ala kanpotar moduan antzemana izatearen artean egon daitekeen muga lausoa, norberaren ekintzek besteengan duten eragina eta horrek dakarren —edo ekarri beharko lukeen— erantzukizuna, kontsumismoa, arrazakeria, ekologismoa… Gai orokorrak dira horiek, edozein gizarteri lotuta ager zitezkeenak. Ipuinak “gure” gizarteaz ari direla esan dut, ordea, ipuin gehienak Nafarroan kokaturik daudelako eta handik kanpo gertatzen diren istorioetan, dela Tanzanian dela Marokon, Euskal Herritik abiatutako pertsonaiak azaltzen direlako. Gizarte hori askotarikoa dela ongi asko islatzen dute ipuinek baita aniztasun hori gatazka iturri izan badela ere. Tentsio horiek handik eta hemendik agertzen dira, xehetasun txiki baina esanguratsuetan.

Konplazentziak ez du tokirik Epaltzaren azken ipuin bilduman. Begirada zorrotz batekin idatzitako istorioak dira “Mendi-joak” lanean jasotakoak eta mito bat baino gehiago hankaz gora jarri egiten dute. Ipuinotan azaltzen diren gertaeretan inplikatzeko gogoa duen irakurleak gozatu ederra hartuko du haiekin.

Azken kritikak

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Etxe bat Husaviken
Uxue Juarez

Irati Majuelo

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Paloma Rodriguez-Miñambres

Diesel
Bertol Arrieta

Joxe Aldasoro

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Mikel Asurmendi

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Asier Urkiza

Ni, laiko
Markos Zapiain

Nagore Fernandez

Zorretan
Agurtzane Intxaurraga

Maialen Sobrino Lopez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Jon Agirre

Emognosia
Mitxelko Uranga

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak