kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Zuloa / Xabier Gantzarain / Elkar, 2018

Historiaren zuloan aztarrika Peru Iparragirre / Berria, 2018-06-10

Ez dira ugari arteaz euskaraz argitaratzen diren lanak. Horietako bat da Xabier Gantzarainen (Azkoitia, 1975) Zuloa (Elkar, 2018), nahiz eta arteaz diharduela esatea gehiegi sinplifikatzea den, agian. Historiaz dihardu arteaz bezainbeste, historia hurbilaz. Izan ere, Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak historia hurbilaz idazteko ematen duten Tene Mujika bekaren laguntzaz egindako liburua da hau.

Arteaz eta historiaz soilik ez, memoriaz, indarkeriaz, edertasunaz ere ari da Gantzarain saiakera bilduma honetan, politikaz ari da, finean. Hogeita hiru saiakera jasotzen ditu liburuak, obra edo ekintza banatan oinarrituak. Abiapuntuko artelan horiek berehala gainditzen ditu ordea Gantzarainen jardunak. Askotarikoak dira egileak hautatu dituen obrak, liburuari izenburua ematen dion Ibon Aranberriren Zuloa instalaziotik Amable Ariasen Historia de Euskalerria koadernoraino, Maria Ruidoren ElectroClass dokumentaletik pasatuta, anitzak teknikari eta edukiari dagokienean.

Azken hamarkadotan Euskal Herriko gizartea zeharkatu duten auzi eta gatazka batzuk jasotzen dituen katalogo pertsonal gisa irakur daiteke Zuloa, eta horretan du muina. Artista hauen lanen gaineko iruzkinen bidez kontatzen baitu historia hurbila Gantzarainek. Lemoizko zentral nuklearraren proiektua eta haren aurkako mugimendua, gatazka armatua, elektoralismoa, Guggenheim efektua, turismoaren ertzak eta Euskadi markaren orbaina dira, besteak beste, lantzen dituen auzietariko batzuk, manikeismo antzuan erori gabe, baina perspektiba argi batekin.

Hartzaile baten ikuspuntutik aztertzen ditu artelanak egileak, bere biografiari lotuta ematen, eta egiten dituen azterketak ez dira eruditu batenak erudituentzako, historia hurbila kontatu eta kokatu duten artisten lana uste duguna baino gertukoagoa dela erakusten dutenak baino.

Idazkera aldetik eramangarria da oso liburua, gardentasuna eta soiltasuna mantentzen baititu Gantzarainek gogoeta sinboliko edo abstraktuenetan ere. Gozagarrien, dena dela, kontakizun konkretuen pasarteak iruditu zaizkit, hurbilak, egunerokoak eta zehatzagoak. Aztertzen edo aipatzen diren lan ia guztien irudiak liburuaren erdialdean edukitzeak, gainera, irudiz janzten du irakurketa, artelanez aritzean lagungarria dena.

Memoria ariketa bat da Zuloa, funtsean, kontrazalean beltzean zuri jartzen duen bezala, eta hala idatzita dago: “Memoria guztiak bezala tranpatia, kapritxosoa, obsesiboa, irrazionala, desegituratua, zatika emana, eta hala ere absolutua. Artelanak izan ohi diren moduan”. Izaera horrek batzuetan gorabeheratsu egiten du, ordea, liburua.

Zuloa osatzen duten saiakeretan ageri den historia ez da monolitikoa, estatikoa, zuloa da beste ezer bainoago, galdera da erantzuna baino. Historiaren beraren narrazioari buruzko hausnarketak ere badu lekua saiakerotan: nola kontatzen den gertatutakoa, nola baldintzatzen duen kontaerak gertatzen dena. Liburuan jasotzen diren artelanetako bakoitzak du bere lekua Euskal Herriaren historia hurbilean. Testuinguruan kokatzeko ariketa honetan argi geratzen da hori. Hori, eta ez ote ditugun sarriegi zuloaren bestaldera kondenatzen, ezikusiz, pasibotasunez, auskalo zeren mesedetan.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak