« Irla Chumea | Arriskuaren aurrean »
Girgileri Anderea / Maialen Hegi-Luku / Elkar, 2018
Munduarena baizik Peru Iparragirre / Berria, 2018-05-13
Gustura irakurri dut Girgileri Anderea (Elkar, 2018) eleberria, Maialen Hegi-Lukuren (Baiona, 1987) lehena. Espektro bipolarreko nahasmendua diagnostikatu dioten Muniaren istorioa da nobelaren oinarria. Eritasunak berarengan eta bere ingurukoengan dituen ondorioek osatzen dute kontakizuna, nahasmenduarekin bizitzearen egunerokotasuna azalduz. Girgileria gutxi du, paradoxikoki, liburuak, kontakizunak bai baitauka bere horretan aski indar eta erritmo. Alde ditu, baita ere, idazkera jostalaria eta noizbehinkako umore-printzak. Aipagarria da, era berean, lexiko aberats eta aberasgarria, niretzat, behintzat, haize-fresko bafada bat lakoa izan dena.
Pena bakarra dut, bukaerak utzi didan zapore gazi-gozoaz gain —Muniaren beraren ahotsa sumatu dut faltan amaieran—, liburu honek ez duela argia ikusi irismen handiagoa duen Elkarren narratiba sail nagusian. Liburu interesgarriak biltzen ditu Iparluma sailak, baina ez zait zentzuzkoa iruditzen Iparraldeko idazleenak direlako soilik bereiz argitaratzea liburuok, hori baldin bada, behintzat, irizpidea, ghetto bilakatzeko arriskua baitakar horrek, idazleen eta irakurleen kaltetan.
Eleberriaren nondik norakoetara itzulita, asko kontatzen du laburrean eta albo-kalteak dakartza horrek. Atal batetik bestera salto handiak daude denboran eta espazioan, eta Muniaren gogo-egoera dela-eta bat-bateko salto horiek gehienetan justifikatuta dauden arren, lagungarri izan ditzakeen erreferentzia gutxi ematen zaizkio irakurleari. Lehen eta hirugarren pertsona tartekatzen dira eleberrian zehar, pertsonaia nagusiaren barne-ahotsa eta eszena ia zinematografikoak txandakatuz. Eszenen arteko eta atalen arteko aldeak liburua zatikatzen du ezinbestean, batzuetan narrazioa gehiegi zabaltzen delarik.
Ikuspegi, ahots eta bizipen askotarikoak emateko saiakeran zatikatzen da eleberria, Munia pertsonaiak guztiak elkartzeko nahikoa presentzia ez izanik kasu batzuetan. Hala, hainbat eszena zurtz geratzen direla iruditzen zait. Gauza bera sentitu dut pertsonaia batzuekin: badaude hasieran presentzia handia izan arren gerora erabat desagertzen diren pertsonaiak, eta baita ia amaieran soilik ageri arren berebiziko garrantzia hartzen duen bat ere.
Esan dut lehen jostalaria dela idazkera, baina zorrotza ere bada, bai deskribapenei dagokienean eta baita pertsonaiei dagokienean ere. Pertsonaiak eta haien arteko harremanak konplexuak dira oro har, aski errealak iruditu zaizkidanak. Elkarrizketa batzuk, ordea, ez zaizkit hain zorrotzak iruditu, kontakizunaren erritmo bizian kabitu ez arren azaldu beharreko kontu batzuk sinesgarritasunaren kaltetan pertsonaien ahotan gehiegi esplizitatzen diren kasuetan, batez ere.
Eleberri honen helburu eta balioetako bat da nahasmendu bipolarraren ondorioak azaltzeko asmoa. Nahasmenduok beti ikusten dira normala deritzogunaren arabera, desberdintasun neurologikoari zama gehituz zentzugabe, eritasunok pairatzen dituzten pertsonekiko aurreiritziak eta estigma elikatuz. Aurre egiten diote horri liburu honetako pertsonaia nagusiek. Eleberrian zehar eritasunak dakarkionaz ohartzen doa Munia pixkanaka, irakurlea eramanez berarekin. Honela dio hasierako pasarte batean: “Ene eritasuna ez da enea, munduarena baizik”.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro