« Azala eta izaera | Bi urterik behin »
Demokraziaren pribatizazioa / Jule Goikoetxea / Elkar, 2017
Demokrazia birpolitizatzen Peru Iparragirre / Berria, 2018-04-15
Azkenaldian irakurritako liburu interesgarrienetakoa iruditu zait Jule Goikoetxearen (Donostia, 1981) Demokraziaren pribatizazioa, Kapitalismo Globala, Europa eta Euskal Lurraldeak (Elkar, 2017). Idazlan akademikoa da, jatorriz Peter Lang argitaletxearekin ingelesez argitaratu, Danele Sarriugarterekin batera euskarari ekarri eta ostera berridatzitakoa.
Liburu konplexua da, gai asko jorratzen dituena eta lanketa horretan oso zorrotza dena. Halako saiakerek ohikoa duten eran, aipu, erreferentzia eta datu ugari biltzen ditu Demokraziaren pribatizazioa-k, egilearen tesiak oinarritzen eta indartzen dituenak. Goikoetxearen ekarpenak, dena dela, maila batean baino gehiagotan erabil daitezkeelakoan nago, oinarrian filosofia politikoaren eta zientzia politikoen korronte nagusiei egiten dizkien kritiketatik patriarkatu kapitalistari eta demokraziaren pribatizazioari aurre egiteko esanahi eta ikuspegi berriak egunerokotasuneko diskurtsoetan txertatzeko tresnak ematen baititu.
Urgentziazko liburua iruditu zait, demokraziaz, estatuaz eta burujabetzaz ari garen aldi honetan (honetan ere) noranzko bat erakusten duena, besteak beste, demokraziaz, estatuaz eta burujabetzaz pentsatzeko gako interesgarri eta garrantzitsuak artikulatuz.
Zazpi atal nagusitan banatuta dago liburua. Sarreraren ostean, non liburuaren nondik norakoak laburbiltzen dituen, Globalizazioari buruzko atala dator. Modu xehe batean kritikatzen du bertan Europar Batasunaren gaur egungo gobernu-eredua, demokraziaren pribatizazioa bultzatzen duela argudiatuz eta mundu post-nazional post-subirano bat defendatzen duten ikuspegi liberal-kosmopolitaren eta arrazionaltasun unibertsalisten aurka eginez.
Hurrengo atalean sartzen da gehiago demokratizazioa definitzeko lanean. Izan ere, Goikoetxearen iritziz, demokrazia ezin da helburu estatiko bat izan, prozesu dinamiko bat baizik, etengabeko gatazka. Beste hainbat kontzeptu ere birdefinitzen eta politizatzen ditu. Estatuaren aldeko defentsa egiten du liburuan zehar egileak, gure bizitzak arautzen dituzten mekanismo berdinek ahalduntzen gaituztela argudiatuz. Honela dio atalaren amaieran: “[p]olitizatu, konfrontazio politikoa garatu eta horren emaitza instituzionalizatu: horrela demokratizatzen dira gizarteak” (129). Izan ere, “[d]emokratizazioa prozesu bat da: gaitasunak eta autoritatea berdintzen ditu, eta norbanakoak eta kolektiboak boteretzen” (130).
Laugarren atalean lurraldearen gaiari heldu ostean (lurralderik gabe ez dago populaziorik, ez balizko gaitasun politikorik, eta, beraz, ezta demokraziarik ere), Euskal Herrira dakar azken ataletan demokraziaren azterketa. Ikuspegi genealogiko (deskriptibo) batetik azaltzen ditu Euskal Herriko lurraldeetan eman diren (eta ematen diren) prozesu demokratikoak, EAEko, NFEko eta IEHko lurraldeen berezitasunak ikertuz.
Ezinezkoa zait liburuan ematen dituen xehetasunetan sartzea, baina biziki interesgarria iruditu zait bere proposamena, batez ere, dioen bezala, ezkerreko eta eskuineko estatu-fobia patriarkalaren aurrean ematen duen alternatiba.
Finean, ezin ukatu goi-mailako ikerketa bat biltzen duela liburu honek, kezka politikorik duen ororen partetik arreta merezi duena.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi