kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Populismoaz / Joseba Gabilondo / Txalaparta, 2017

Hamaika destituitzaile behar, eta abar Mikel Asurmendi / argia.eus, 2018-01-19

“Hitza hitz”, erran nion egileari, baita bete ere. Bete nau liburuak. Joseba Gabilondoren Populismoaz liburuak merezi du, merezi duenez. Gaur egungo politikaz —tokikoaz nahiz globalaz ari da—, beraz, haren funtsaz jakin nahi izatera, horra saio aparta.

Bi hitz liburuaren diseinuaz eta irudiez —Esteban Montorio egile—. Azaleko Olagarroak ederto adierazten du gaia: haren garroak —liburuaren tesiaren eta abarrak delakoaren adierazle—, unibertsoaren globala eta izarrak ageri dira berean. Globalizazioaren —olagarroaren— tinta ez da ageri, baina gure imajinazioa kitzika dezake, mundu beltz hau argitu aldera.

Kontrazaletan, elemeniaren stmarphoneek egungo politikan giltza den komunikazioaren eredu nagusia islatzen dute. Ondoren, Adolf Hitler ageri da bizkarrez. (Charles Chaplinen The Great Dictator / Diktadore Handia filmeko irudia ote, naski!). XX. mendeko populismoaren eragile nagusietako bat.

Liburuaren egile Joseba Gabilondo segidan, argazki txikian. Ibai baten ertzean, basoan. Erdi Aroa begitandu zait. Globalizazioak eta Erdi Aroan. diferentzien itzuleraz liburuan pentsatu dut (irakurtzeko artean). Adierazgarria, irudia Erdi Arokoa izan liteke.

Hitzaurrea: Imanol Galfarsorena. “Berau irakurrita, zertarako nire hau?”, pentsatu dut. Egileak Hasier Etxeberria in memorian izan du, eta neronek Joseba Gabilondo aintzat hartu ere. Joseba, ez nauzu zorretan, baina nireari zor edo, honatx nire ekarpentxoa:

Politika kontu sozialez harago bizi izan dut gaztetatik, psikologiaren esparruan mugitzen zen zeregina sumatu dut beti. Gaztetan ez nintzen Freud, Darwin, Lacan, Badiou edota Slavoj Žižek… irakurtzera iritsi, ez naiz beraz formatua. Azken urteetan berriz, Azurmendi, Gabilondo, Galfarsoro, Apodaka, Goikoetxea edo Urangari esker, ari naiz “politikaz jabetzen”, edo pentsamenduaren politikaz. Ez, nahi eta behar nukeen adina. Baina, politikaren zentzua neure egin dut bederen.

Hots, kontzienteaz harago, inkontziente politiko bat indartu beharra dugu, baldin eta euskal abertzaletasunak globalizazioaren aurrean itsumutil modura —eta itsuneska— ibiltzetik libratuko bada. Izan ere, abertzaletasunak bere programa politikoa gauzatuko badu, independentzia barne, egungo populismoaren gainean erradiografia egokia taxutu beharko du. Gabilondoren Populismoaz / Subiranotasun globala eta euskal independentzia saioa berebizikoa zait norabide horretan, garaian garaikoa. Liburu hau globalizazioaren ekografia egoki bat da.

Francis Fukuyamak giza historia jendeen arteko ideologien borroka gisara amaitutzat eman zuen 1992an. Liburu hau, besteak beste, zorionez, haren aburua deusezetara heldu da (tira, beste liburu askoren artean, hain ziur). Alabaina, historiako eta iragan mendeko politikaren ostea bizi dugu (postpolitika), eta populismoak beren-beregi baldintzatzen du egungo politika modua. Populismoa ongi ulertzera, neonazionalismoaren historia eta egungo populismoaren adierazle nagusi Donald Trump fenomenoa ulertzea komeni zaigu. Liburua irakurriz gero, egungo politikaren pribatizazioaren alde afektiboak duen muntaz jabetuko zara. Hegemoniaren ezegonkortasunez.

Saiogile honek Erdi Aroaren itzulera iragarri zuen, eta oraingo saioan ezkerraren populismoaren nolakoa azaleratu du, argitu du. Etniszismoa iraganeko politikan dago, baina europarron etnizismoa salbuespena dela diosku, eta populismoa beraz agerbide kezkagarria da. Populismo atzerakoiaz beste populismo aurrerakoia eratu da, baita ezkerraldean sortu eta eratu ere. Ezkerreko populismoa ez ei da ezaugarri etniko nagusiaz baliatzen kapitalismoaren aurka egiterakoan. Etnizismoa politikoki onuragarria den aldetik —euskaldunon kasuan adierazle ezinbestekoa— berau funtsezkoa zaigu burujabetasunaren bidean aurrera egiteko.

Demokraziaren alde ezkorra bizitzea egokitu zaigu euskaldunoi. Estatuaren eredua krisian dago gaur egun. Hamaika dira bere ezinegonaren edo eritasunaren sintomak. Egileak eritasun horren erradiografia eta ekografia egokiak eskaini dizkigu saio honen bitartez. Estatuaren izaera trans, transfeminismoa tartean eta besteak beste, egoki azaldu dizkigu. Egungo demokraziak adierazle anitz ditu, baina nagusiki ezkorrak, adierazle negatiboak ditu.

Subiranotasun globalaren garaian bizi gara. Nola gauzatu baina, euskal independentzia? Nola eman aurre-pausoak. Gabilondok kontzeptu gakoa eskaini digu: subiranotasun destituitzailea. Herri subiranotasuna ezin da konstituitzailea izan, destituitzailea baizik (Destitunet). Hainbat egile moderno ditu gidari edo bidelagun. Erdi Aro berrian gaude. Baita desafio polita bota ere: “Europa salbatzeko, Euskal Herriak Europatik atera behar du”. Har ezazue kontuan Kataluniako esperientzia berria.

Hipotesi komunista amaitu da, kapitalismoaren amaiera ere heltzeko zorian dugu. Erraz antzeman da hori, antza, besterik da zer etorriko den. Horren ondoren, zer alegia? Izan ere, kapitalismoaren destuitzen ari da, prozesuan dago bere desegitea, baita berarekin subiranotasun globala ere. Engoitik ez dago iraultza bakarra, ezta subjektu proletario bakarra ere.

Horiek horrela, euskal abertzaletasuna itsutasun globalean bizi da. Hona horren hiru adierazle esanguratsuak: lehena, EAJren psikosia. Bigarrena, EH Bilduren fetitxismoa, eta hirugarrena, Elkarrekin Podemos-en neurosia.

Politikaren —historikoaren— psikosiari bi adierazle gehitu zaizkio: fetixista eta neurotikoa. Hori koktela! Koktel horrek euskal ezkerraren populismoaren erradiografia are argiago laga digu. Populismoa ez da eskuinaren —jeltzaleen— adierazle soila, gure kasukoa eta kausakoa, alegia. EAJren abertzaletasuna Europaren destinoarekin lotua izan da historikoki. Europaren egoera peniblea da haatik, eta hala berean, Europa euskaldunon galbidearen sintoma ere bada. Europaren egoera peniblea-k ez du azalpenik behar, jeltzaleen psikea baina europarra da arrunt. Europar psikea ere espainiarra da, baita frantziarra ere, bidenabar erranda. Eta zer esanik ez, alemaniarra da batez ere. Egileak, Troika aipatzean, troikaren aurretik edo honekin batera, Alemania paratzen du aldiro. Adierazgarria zeharo.

ETAren monopolio sintomatikoaren ondorego garaian bizi gara, haren destituitzaileak hamaika dira, bai hemen bai Europan, bai munduan, arazoa globala baita. Hamaika —subjektu?— destituitzaile behar ditugu, eta abar. Oso adierazgarria ere, egilearen eta abar adiera.

Nire laudorio gorenak ditu Urretxun jaiotako saiogileak!

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak