kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Jenisjoplin / Uxue Alberdi / Susa, 2017

Eskerrak ahulak garen Ibon Egaña / Deia, 2017-10-28

Gizakion zaurgarritasun eta hauskortasuna filosofiaren eta pentsamendu politikoaren gogoetagai ez ezik, gai literario emankor ere badira azken aldiko narratiban, eta horren lekuko da Uxue Alberdiren azken nobela, Jenisjoplin.

1980etan jaiotako gazte kementsua, indartsua da Nagore Vargas, aitak jarritako ezizenez Jenisjoplin: bizitzak zaildua, klase apalekoa, politikoki engaiatua, ezarritako arauei suharki aurre egiten diena, harik eta seropositiboa dela eta HIESA duela jakiten duen arte. Munduari kara emanez bizi izandako Vargasek bere ahultasunari begiratu beharko dio aurrez aurre orduan, eta bere buruarekin ez ezik munduaren aurrean negoziatu non hasi eta non amaitzen den borroka, ahultasuna onartzea zenbateraino den errendizioa, eta finean, nola berrasmatu identitatea zaurgarritasunari bizkarrik eman gabe. Zalantzarik gabe, Nagore Vargas pertsonaia, bere konplexutasuna eta bilakaera da nobelaren osagai indartsuena, irakurle askoren gogoan iltzatuko dena eta norabide ugaritaranzko gogoeta mamitsuei bidea zabaltzen diena. Vargasen indarrak, autokontzientziak eta barne-koherentzia aldakorrak harrapatu eta eraman egiten du irakurlea lehen orrialdeetatik azkenera, abiada bizian eraman ere, estilo jostari, arin baina landua lagun.

Nagore Vargasen gorputza da indarraren eta ahultasunaren arteko gatazkaz gogoeta egiten den lekua eleberrian. Alberdik gorputzari eman nahi izan dio protagonismoa; Mendebaldeko pentsamenduan eta kulturan izandako bigarren mailako lekua kuestionatu eta gorputz gaixoari, bizitzak mailatutakoari ahotsa ematen dio nobelak. Haatik, nobelaren hainbat unetan inpresioa izan dut gorputzarena litzatekeen mintzo inkoherenteago edo inpultsiboagoari diskurtsoaren eta arrazoiaren koherentzia nagusitzen zaiola, beharbada Nagoreren beraren koherentziak eta indarrak hartaratuta. Batetik, pertsonaiaren garapenaren kontaketak, hiru ataletan antolatuta, tesi-antitesi-sintesi eskemari hurbil xamarretik jarraitzen diolako inpresioa eragin dit eta, bestetik, nobelak planteatzen dituen hainbat gatazka eta pasarte (klase-gatazka edo borroka armatuarena, esaterako) diskurtso-mailan edo maila sinboliko-metaforikoan garatzen direla iruditu zait, eta ez dela hainbeste sakontzen haiek dituzten ondorio material edo korporaletan. Era berean, elkarrizketa ugari eta bizi-biziek, pertsonaia diferenteak aurrez aurre jartzeko bainoago auzien inguruko ikuspegi bat, Nagore Vargasena, garatzeko funtzioa dutela iruditu zait aldika, bigarren mailako pertsonaien sakontasunaren kaltetan.

Pertsonaia gogoangarri baten istorioa kontatuz, belaunaldi eta garai baten kronika ere jaso du Jenisjoplin-en Uxue Alberdik: 1980eko hamarkadan jaio eta 2000ko urteetan ezker abertzaleko militantzian konprometitutako gazteriarena. Nabarmentzekoa da, gainera, pertsonaia nagusi bat ardatz hartuta, garaiei pultsua hartzeko idazleak erakutsitako trebezia (1990etako haurtzaroa, 2000ko gaztaroa), eta baita gai nagusi baten inguruan beste kezka eta auzi ugari argitara ekartzeko abildadea ere (haietako batzuk ez sobera erabiliak: medikuntza edo klasismoa). Nagore Vargasek nobelari kutsatzen dion indarra norabide ugaritan hedatzen da hartara, obrari sakontasuna eman eta irakurketa-aukerak zabalduz.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak