« Ikastaldi baten kontaketa | Memoria ezaren intriga »
Kristo irakiarra / Hassan Blasim (Ana Isabel Morales) / Pasazaite, 2017
Exotismo neurtua Mikel Ayerbe / Berria, 2017-06-18
Itxura batean, exotismoz beteta datorkigu Kristo irakiarra liburua, Pasazaite argitaletxearen eskutik Ana Isabel Moralesek itzuli duena. Hassan Blasim egilea Bagdaden jaioa da eta bertan burutu zituen ikasketak Zinema Arteen Akademian; bere filmetako bi sarituak izan ziren gainera, nahiz eta horietako bat pseudonimopean sinatu zuen, familia Sadam Husseinen diktadurapetik babesteko. Iraken sortua eta hazia izanagatik, ordea, urteetan iheslari ibili ondoren, 2004az geroztik Finlandian bizi da Blasim. Hori horrela, arabieraz idatzi arren, Europa zaharrean eman ditu argitara bere ipuinak eta, hain zuzen, aurreneko ipuin bildumarekin hautagai izan bazen ere, hizpide dugun lanak irabazi zuen Erresuma Batuko Independent egunkariaren Atzerri Fikzio saria, 2014an. Sari hori irabazi duen lehendabiziko arabierazko obra eta lehen ipuin bilduma izanik.
Exotismoa dario, beraz, Kristo irakiarra liburuari eta bere ingurumariari, baina, ikusiko dugunez, exotismo hori tamaina batekoa soilik izango da.
Izan ere, liburua osatzen duten hamahiru narrazioetan Ekialde Hurbileko zantzu exotikoak ageri dira. Ez alferrik, liburua Mila aizto eta bat gehiago izeneko ipuinak ixten du; eta Xeherezaderen ahozko kontakizunetarako etorria ere nonahi ageri da Blasimen ipuinetan. Horren erakusle da, besteak beste, Ahuntzen kanta lehen ipuina, lehiaketa batek bultzatuta irratira istorioak kontatzera joaten diren jendarte samaldaren erretratua egiten baita, norberaren izatea zer kontatuaren menpe bailegoen irudikatuz.
Eta exotismoaren atze-oihal gisa, Irak eta Iraneko gerra, Kuwait eta Golkokoa, Hussein eta AEBen esku-hartzea. Agertokiak eraikitzeko orduan, berriz, auto eztandak, suiziden ekintzak, lepo mozketak eta bestelako sarraskiak ere maiz ageri dira ipuinaren ingurune osoa zipriztintzen; ezinbestean, ohiko gertakariak bailiran baina dramatismo eta distantzia neurtuz kontatuta.
Hor amaitzen dira, haatik, balizko exotismoaren zantzuak, bestelako ezaugarrien artean, Zuloa zein Otsoa ipuinetan, adibidez, bat-batean edota ezustean errealismo fantastikoa deitu izan dena gailentzen baita —Blasimek estilo hau amesgaiztoko errealismo gisa bataiatu du, eta bere narratibak izan badu onirismoarekin ere loturarik—. Era berean, liburuan gehien aipatzen den autorea Kafka da eta hori ere ez da kasualitatea, zenbait pasarteren absurdotasunak (edota absurdokeriak) agerian jartzen baititu ipuinaren ezkutuko hariak. Bestetik, deigarria da egileak berak pare bat ipuinetan egiten duen cameoa ere, batean kontakizunaren entzule gisa eta bestean, Zergatik ez duzu idazten nobela bat, pertsonaia horietaz guztiez berba egin beharrean? ipuin metanarratiboan, aldiz, protagonista gisa. Eta ez da pose —deitu postmoderno— hutsez eginiko agerpena; ipuinean dagoen errealitate dosiaren berri emateko erabilitako trikimailu gisa ulertu beharko litzateke.
Hamahiru ipuin bikain hauen irakurketaren emaitza ez da lasaia edo barea izan, nire kasuan bederen; are, amaitutakoan aldarte artegagarri eta durduzatuan ere utzi naute zenbaitek, eta ipuin batzuk hori eragitea gauza on bezain handia da.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi