« Teresa berriz piztua | Bandoen gerrak »
Elkarrekin esnatzeko ordua / Kirmen Uribe / Susa, 2016
Elkarrekin kritikatzeko ordua P&M / Lekore, 2017-04
Eki tabernan, terrazan, bazkalostean, aspaldiko partez elkartu dira P eta M, koadrozko alkandora eta jertse gorri-beltza soinean, hurrenez hurren, ahoa lehortu arte (edo bietako bat sekula ez itzultzeko asmotan komunera eskapatu arte) hizketan aritzeko pronto. Liburu bat mahai gainean, kikara biren artean. Erabilita dago liburua, azpimarratuta, azaleko oleo zaharra are zaharrago ageri da. Eszenari modernitatea dario.
P: Kirmen Uriberen azken nobelak, Elkarrekin esnatzeko orduak (Susa, 2016), badu galdera bat osorik barnebiltzen duena: nobela al da egiaz, ala kronika antzeko zerbait?
M: Hortik jo zuen Txema Arinasek urtarrilaren hamabiko Berrian argitaratutako “Literatura ala kronika” artikuluan. Ni neu, pertsonalki, Uribek kontatzen duen istorioak (edo historiaren pasarte esan beharko genuke, fikzionatua izan arren?) erabat irentsi ninduen, eta nik istorioa, beraz. Dena dela, eta auzia hori ez denez, fikzioaren kontratua ez nuen erabat beteta ikusi, edo sinatzea kostatu zitzaidan, behintzat. Hau da, nobela baterako material izugarria da bertan biltzen dena baina narratzaile-kronistaren figurak eta kontakizunean txertatzen dituen hausnarketek nobelatik sudurra aterarazi eta gogoa kronikan sarrarazi zidaten.
P: Bai, dulerzut. Izan ere, egileak berak dioenean liburua, nahiz eta egiazko pertsonaiatan eta egoeratan oinarriturik egon, “fikzioaren logikari” jarraika idatzia dagoela, badirudi, pasarte historiko batzuk nahieran antzaldatzeko lizentzia hartu baino gehiago, nahi duela bere burua kontakizunean txertatu; bere horretan bildutako historia txatala modu inpartzialean kontatu, alegia: bere esperientzia eta iritzi. Horrek nahastu egin nau sarritan eta istoriotik atera. Egilearen helburua, benaz, historiaren berrirakurketa bat egitea bazen, hauta zezakeen egiteko beste moduren bat.
M: Ez dakit hori den arazoa. Izan ere, narratzaileak ez du zertan narrazio objektiborik egin, eta nork dio ez direla nobela guztiak historiaren berrirakurketa bat? Liburuaren sailkapena, nobela ala kronika, huts-hutsean nahiko soila iruditzen zait, eta Arinasek egiten zuen dikotomia zuzena ez delakoan nago. Kronika ez al da literatura? Areago, best-sellerrak ez al dira literatura? Agian deserosoa egin zitzaidana zera izan zen beste ezer baino gehiago: narratzailea eta idazlea bereizteko zailtasuna. Pasarte batzuetan, historiaren hariak bereziki tiratzen duenetan, erarik sakonenean kontatzen direnetan, erabat desagertzen da narratzailea kontakizunari lekua uzteko. Amaiera aldera, ordea, kontakizuna arintzen joan ahala (narrazioaren erritmoari eta edukiaren masari dagokienean), geroz eta argiago nabari da idazle-kronista-narratzailea eta oso zaila egin zait halakoetan, lehen esan bezala, fikzioaren logikaren barnean mantentzea irakurketa.
P: Frankismo amaierako urteak, trantsiziokoak, ETAren jarduna eta abarrak kontagai hartzean esan nahi duzu.
M: Bai, eta moralina tonakada horiek deskargatzen hasten denean, nola ez, handik eta hemendik hartutako aipuz eta intelektualen esanez lagunduta. Baina ez da hori bakarrik, liburu guztian zehar nabari den dokumentazio lan izugarria, eta bildutako material hori kontatzeko era, hein handi batean azertatua ene ustetan, desagertzen da kasik erabat. Badirudi azken urte horietan gertatutakoa kontatzea ez dela oso premiazkoa edo arriskutsua dela aurreko guztia emandako eran kontatzea Francoren heriotza urte ingurutik honakoak.
P: Bai, arrazoi osoa duzu, M, zorionak, bravo, felisidades zure analisi zorrotz paregabeagatik. Halere, laga ditzagun Historia eta historiak eta goazen formara. Ezin daiteke uka egileak estilo oso laua eta ulerterraza erabili duenik —best-sellerrek ohi duten eran, ezin aipatu gabe utzi—. Euskara oso batua darabil: euskalki bakarrera lerratu gabea, are, euskalki askotatik edaten duena; oso-oso ulerterraza, finean. Ez zait iruditzen prosa Uriberen indargune bat denik; ez, bederen, nobela honetan. Kronika-versus-nobela gaia berreskuratuz, kronika gogorarazten digun hizkera da Uriberen prosarena, zati (apurtxo bat) esperimentalagoak izan ezik, ezer berririk ez dakarrena. Bestalde, bistan da prosa ulerterrazak ez duela sinesgarria edo egokia esan nahi, ezpada irisgarria, eta honek, nik uste, nobelaren kritikaren funtsera garamatza, M burkidea: gai irisgarria eta hunkigarria euskaldungo guztiarentzat, hizkera irisgarria guztiontzat, 20,90€…
M: Gai irisgarria eta hunkigarria da, baiki, eta prosa ulerterrazean emana. Ez dakit zein den hor arazoa. Niri plazera eman zidan irakurtzeak, eta bere nobela/kronika funtzioa hein handi batean betetzen duela esango nuke, besterik ezean. Letamendi-Urresti bikotearen nondik norakoak kontatzeko gertakari errealetara jo izanak badakar, agian, guri gustatzen zaizkigun nobelen aldean hutsuneak izatea: pertsonaien eraikuntzari, edo fikzioari, stricto sensu (halakorik balego) dagokienez. Ondo dakigu zer egin zuten Karmelek, Txominek eta besteek, baina kontatu egiten zaigulako, ez erakutsi. Historia liburu entretenitu bat da, zentzu horretan, zeinari ezin zaizkion, behar bada, bestelako nobela mota bati eskatuko genizkiokeen gauzak eskatu.
Kontatzeko erak, egiazko datak eta lekuak, dokumentuak eta izen propioak liburura ekartzeak zailtasun ikaragarria dakar kontakizuna antolatzerako orduan. Esango nuke alde horretatik, idazlearen hautuaren ikuspegitik, asmatu duela informazio kopuru izugarri hori nola eman, lehen aipatu bezala. Hizkuntza hautua ere hortik interpretatu daiteke, nobelaren izaera quasi-dibulgatzailea denez, ezinbestean ulerterraza izan behar. Dena den, ez dakit zer esperimentalago eska diezaiokegun. Akordura datorkit Harkaitz Canoren Twist (Susa, 2011) eleberriaren hasiera txundigarri, are, durduzagarri hura. Hori behar du nobela honek? Egia da orain arte alde horretatik Uribe ez dela ur oso mugituetan sartu, beharrik sentitu ez duelako agian.
P: Beharra nola sentituko zuen bada, aurreko nobeletan jorratutako bideak nola saldu duen ikusita. Esan nahi baita (errespetu gehixeagoz): argi dago Uriberen kezka nagusia —dela literarioa, dela politikoa— irismena dela. Ez da irten bere konfort-gunetik, baina, are garrantzitsuagoa dena, ez da behin ere saiatu irakurlea berarenetik ateratzen. Uribek badaki jendeari zer gustatzen zaion: 36ko Gerrako historia hunkigarri bat, zeinak, nola ez, hartzen baititu beregan bikote-harreman konbentzional bat, familia-arazoak eta e-do-nor hunki dezaketen hainbat pasadizo, hau guztia prosa ulerterrazean kontatua —euskalki guztietan, badaezpada, ezein probintziatako irakurleak gal ez ditzan—, eta kasik kapitulu bakoitzaren amaieran egiten dituen merke-xuhurreko biribilketa poetikoak, nire ustetan, batere balio literariorik gabekoak, baina, noski, irakurlea erraz hunkituko dutenak.
M: Aipatu irismenaren fabore baztertu du orduan Uribek nobela honek izan zezakeen balio literarioa. Balio literarioaz hitz egin beharko genuke, beraz. Elkarrekin esnatzeko ordua euskal best-sellertzat har dezakegu? Hori al da ustez balio literario aski ez duen liburu bat kritikatzeko gelditzen zaigun bide bakarra? Irakasleek liburu bati buruz zerbait galdetzean esaten dutena etortzen zait burura: “Baina zergatik gustatzen zaizu, emadazu arrazoi bat!” Liburu honek zerbait kontatu dit; gehiago izan zitekeen? Noski. Beste era batera konta zezakeen? Nola ez, ba. Euskal Herriaren askapen borrokaren alderdi batzuk erakusten ditu narratzaileak, datu, dokumentu eta testigantzetan oinarrituz, kontakizunari fikzio hutsak izango ez lukeen balioa erantsiz, baina estiloa mugatuz. Ez da kontakizun osoa, ezta hurrik eman ere. Baina nahiko argi dago helburua ez dela kontakizun osoa egitea. Ederra izan da ezagutzen ez nuen gure historiaren parte baten berri izatea, protagonisten bizitzak jarraitu ahal izatea. Egarriz laga nau askotan. Irakurketa errazak ez baitu irakurketa aspergarria esan nahi. Ez geniokeela, agian, duen balio literarioa baino gehiago eman behar? Ados. Baina preseski liburu hau, idazleak esan beharko luke, ez zait iruditzen l’art pour l’art egindako zerbait. Horren erakusle da daraman karga didaktikoa eta are, morala.
P: Didaktikoa dela bistan da, M burkide hori (norentzat ere, beste kontu bat da: Ez Dok Amairu edo Burgosko Prozesua maila honetan euskal irakurleari esplikatzea abezea esplikatzea bezalakoa baita, ia). Noan neure iritzia labur ematera, ordea. Nik ez diot inongo libururi literatura literaturaren faboretan egitea eskatuko; literatura beti izango da beste ezertaz hitz egiteko tresna, best-sellerra izan zein ez eta abar eta abar. Hori bai: maila literarioaz ari bagara, eta ez dezagun bada uka liburu bat aztertzerakoan puntu garrantzitsua dela hori, nahitaezkoa iruditzen zait, kontakizunaz aparte, kontaerari erreparatzea. Eta Uribek, nire ustez, bere prosa lauegiz eta lirikotasun baldarrez, ez du idatz zezakeen liburu ederra ontzea lortu. Alegia, eta apur bat esajeratuz, liburuaren meritua historiak berak daukala, eta ez Uribek. Esan dut.
M: [liburua kafez zipriztinduz]: Isilik egon zaitez, snob alaena! Horrela jarraituko dugu betiko lau katu izaten…
P: [mahaitik altxaz]: Eta zu?! Zure moral eta karga didaktiko. Purtzil kabroia. Nahikoa dugu! Banoa ni hemendik! Kafeak pagatuko dituzu zuk.
M: Ezta pentsatu ere. Banoa ni ere lehenbailehen. Ordain dezala Kirmenek berak.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres