kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Ispiluen arteko zirriborroak / Amaia Iturbide / Beta, 2016

Argentina, narrazioa eta zimurrak Alex Gurrutxaga / Berria, 2017-04-02

Amaia Iturbidek, poeta gisa bide emankorragoa egin duen arren, narratiba ere jorratu izan du. Bere azken lana ere, Ispiluen arteko zirriborroak, nobela modukoa da. Modukoa diogu, zeren, batetik, narrazioaz gain pintura erreprodukzioak eta poemak ere bai baitaude liburuan; hiru diziplinen artean ez dago lotura zehatzik, nahiz eta sumatzen den giro berak blaitzen dituela. Bestetik, nobela bera oso fragmentarioa da, eta hamalau kapituluen arteko josturak lauso samarrak: sekuentzia segida bat da funtsean, kronologikoki egiten duena aurrera, 1976tik hasi eta gaur egun arte, tartean elipsi handiekin.

Testuaren hondoko giroa Videlaren diktadurak markatzen du: batzuetan zuzenean, desagerpenak edo torturak aipatuz, besteak beste —adibidez, Bildumazalea atalean—, eta beste askotan zeharka, hondoko paisaiaren parte gisa, han eta hemen emandako pintzelkadetan. Narratzaile protagonista behatzailea da batez ere: Kafe Antzokia eta taxiak dira espazio nagusiak, eta han dabilen jendearen testigu da bera. Ez dago akzio askorik, eta badaude pasarte oniriko eta surrealistak ere. Horien artekotzat har daiteke bigarren atala. Taxian doa protagonista, giro itogarrian, eta azkenean haur batzuen desagerpena kontatzen zaigu. Argentinaren historia suma dezakegu lerro artean.

Estiloz, Iturbiderena luma oso partikularra da egungo euskal literaturan. Sinbolismoak, iruditeriak eta deskribapen joriek markatzen dute batez ere. Adjektiboak izenen zimurrak direla esan izan du inork, eta hemen irakurleak tolesturetan galtzeko arriskua dauka. Areago, arrisku gorria narrazioek eurek daukate, deskribapen eta meandroetan tentsioa galduz joaten baitira. Barrokismorako joerak ez dauka galgarik: birformulazioak daude —“jesarleku asko libre zeudela ustiatuz edo posibilitate hori aitzakiatzat hartuta”—, adjektibo edo adberbio segidak —“tente, zurrun eta serio”—, eta konparazioak —“errepideak bezain luzeak, hondartzak bezain atseginak”… paroxismora iritsiz inoiz, hala nola 18-19 orrietan, hamar lerro eskaseko ahapaldian hiru “bezala” eta “moduan” bat baitaude—. Oro har, floritura poetiko piloa dago; prosa poetikoaz hitz egin daiteke, eta ziurrenik baita preziosismoaz ere: “Gau batek beste gau bati bostekoa luzatzen dion giro abisalean eskuak eskularru bihurtu zitzaizkidan. Hatzak banan-banan tuneletan intubatuak…”.

Eta puntu horretan beste elementu bat gehitu behar da: distantzia. Lirikan, idazlearen ni-a eta ni poetikoa elkarrengandik oso hurre egoten dira, baina narratiban gertutasun hori oztopo izan daiteke. Hala gertatzen da hemen: pertsonaiak ez dira inoiz erabat askatzen, igualegiak dira, narrazioa oso gidatua dago… Amaierako poema eta irudi bildumak ere efektu hori indartzen du: eleberriak ez ditu eskatzen, egilearen figura da liburua josten duena, eta horrek nobelaren autonomia errotik jartzen du kolokan.

Ukaezina da Iturbideren abilezia: sentsibilitate eta zentzuen ernetasun aparta ez ezik, hautemandakoa papereratzeko gaitasun itzela dauka. Horrek, baina, ez dakar automatikoki narrazioak funtzionatzea. Areago, bertutea literaturaren eskura jartzen ez bada, zama bihur daiteke.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak